Mea Culpa

Udane Goikoetxea Bilbao

Uxue Apaolazak XII. Igartza Saria baliatuz, idatzi eban Mea Culpa nobela eta bere ibilbide literarioan lehenengo lanaren gaien inguruko obsesioakaz jarraitzen dau: bakardadea, gizartean tradiziozko giza harremanen inguruko korapiloak, kolore askotako pertsonaiak erakutsiz.

Beti da interesgarria liburuak irakurtea baina, oraingoan aitortu beharrean gagoz baten gatxa dala liburu hau jarraitzea. Esaldi luzeak, korapilo asko, estruktura bitxia daukaz Mea Culpa liburuak. Horrez gainera, errealidadea eta fikzinoa behin eta barriro nahasten ditu autoreak.

Lurren istorioa kontatzen dau liburuak. Madrilen bizi da, berau itzi eta Landetara joango da idatzi behar dauen nobelea amaitzera. Gaztetako gorrotoak eta gitxiagotasun konplexuak direla eta, sasoi bateko lagun batzuk hiltea otuko jako, Facebook-en hareetako baten kontua beretzat hartuz. Landetan Elisa ezagutuko dau, hirurogeita hamar urtetik gora senarra hil jakon emakume lesbiana.

Nobelan bakardadea, bizitzaren alde iluna, Euskal Herriko gatazka politikoa, baina, bereziki, erruduntasuna jorratzen ditu. Errudun sentimendua agertzen dau  euskal esparru politikoaren gatazka etikoagaz. Eta hemen egilea oso ausarta dala dinoe kritikariek. Kasu honetan baina, Euskal literaturan topiko izatera be heldu da ezker abertzaleko kide ohi damutuaren irudia, baina egileak ez dau iraganaz damututako pertsonaia onbera eta sinpatikoa sortu, ezta etika irakaspenak emango deuskuzan protagonistea be; izan be, Lur ez da pertsonaia oso etikoa, bere gaztetako ni-az damutuko da, ezker abertzalea babesten eban ni haretaz, baina ez da errudun sentituko lagun ohiak hilteko orduan.

 

Udane Goikoetxea Bilbao

2013, Maiatza 13
Arloa: Arteder