Koloreak oinazearen kontra iheslarien eremuetan
Ez da lehenengo aldia kaleko margoak, horma-irudiak edo graffitiak aipatzen dituguna gatazka guneren bateko edo garabidean dagoen herrialderen bateko ekimen ahalduntzaile eta askatzaile gisa; Egipton emakumeak aurkitu genituen hormak margotzen euren eskakizunak aldarrikatzeko eta kaleko arte proiektu bat aurkitu genuen Gambian ere, hango herrixka bat duintzeko. Margolana, sorkuntza, koloreak, adierazpena, irtenbidea... muturreko egoeratan dauden hainbat eta hainbat haur eta gazterentzat terapia dira zenbait kasutan, lagungarriak, lasaigarriak, dibertigarriak, bizi duten egoera gordina ahaztarazteko modua.
Halaxe pentsatu du Cosmic Boys izeneko Brasilgo graffitigile bikote batek ere, Rimon Guimaraes eta Zéh Palito; eta Conexus Project izeneko hezkuntza-programarekin bat egin dute artea gazte siriarrentzako terapia-tresna gisa erabiltzeko, eta Beqaa bailararaino iritsi dira, Libanorekin mugan, Siriako ia milioi bat iheslari bizi diren lekura, hain zuzen. Iheslarien eremu horrek, orain, kolore-ukitu berezi bat dauka. Izan ere, nazioarteko gatazken eraginez immigrazio-fluxu handiak dauden garaietan, jendeak bizitzeko aukerak eta lekuak aurkitu nahi ditu, bizimodu berri bati ekin ahal izateko. Baina horietako askok eta askok, zoritxarrez, errefuxiatuentzako eremuetan amaitzen dute baldintza txarretan bizi izaten, eta leku horietan ez da erraza izaten hezkuntzarako baliabideak lortzea, eta haur eta gazte askok ikasteari uzten diote.
Proiektu horretan parte hartzen dutenek uste dute gai direla lasaitasun, ikuspegi eta trebetasun batzuk helarazteko gazte horiei guztiei, itxaronaldia hain mingarria izan ez dadin, eta bizi izaten ari diren hori adierazteko baliabide bat eskaini nahi diete, bai eta nazioartean ikusgarritasuna emateko ere. Hortaz haien helburua da haur eta gazte horiekin batera espazio horiek partekatzea eta daukaten bizi-iguripen eskasa etorkizunerako itxaropen bihurtzea.
Zeregin hori finantzatzeko kanpaina bat jarri zuten abian, eta horrez gain, Facebook, Instagram eta YouTuben egiten dute ekimenaren segimendua.
Beqaatik Damascora iritsi nahi dute, hiriburura, eta hango gazteekin lanean jarraitu.