Zertarako idatzi, Peru Magdalenarekin
Zuetako askok sentituko zenuten edo sentitzen duzue barneko indarra nonbaitetik atera beharra, sentipenek gainezka egiten digutenean oso lagungarria da baliabideren bat edukitzea sentipen horiei itxura, kolorea, doinua, forma eman eta partekatzeko. Baina nagia, etsipena ere senti litezke horren aurrean, zertan lagun diezaguke, edo zertan lagun dezakegu guk? Idatzi ez idatzi, zergatik eta zertarako idatzi, tira-bira horren inguruan solasalditxoa izan dugu Peru Magdalenarekin; bere burua zelan definitzen duen ez dakigu, baina bere sentipenak adierazteko baliabide bat baino gehiago erabiltzen dituela ezin ukatu: margoa, bertsoa, poesia, elaberria... sormena leku guztietatik. Hauxe kontatu digu:
“Zergatik idazten duzu?” galdetu zidaten lehengoan gazte batzuek. Zergatik baino, zertarako idazten dudan galdetuta, erantzun hauek bota ditzaket:
-zoriontsuago bizitzeko
-zoriona elkarbanatzeko
-mundua edertzeko
-kontzientzia hedatzeko
-gauzak aldatzeko
-testigantza bat uzteko
-traszenditzeko
-naizena sortu eta emateko
…
Mila erantzun ezberdin bota ditzaket, eta guztiak lirateke egia. Bene-benetan.
Dena dela, azken erantzunean sakondu gura nuke: “naizena sortu eta emateko”. Izan ere, idazterakoan, zeure burua eta mundua bera asmatzen dituzu. Asmatu, sortu eta eman. Idaztea ematea baita.
Lore batek polena ematen duen bezala, erleei adibidez. Lore hori, bere polenaren bidez, erle horiengan doa, munduan zehar. Eta, ematearekin batera, mundua hartzen du.
Eta hori da nik idaztearekin eta elkarbanatzearekin ikasi dudan gauza garrantzitsuenetariko bat: eman hartu nahi duzun mundua. Sortu zuk gura dituzun erlazioak. Hartu ezazu miresten duzun jarrera eta bizi-ikuspegia. Asmatu ezazu amesten duzun errealitatea.
Denok aldatu gura dugu hobera geure bizitza eta inguratzen gaituen errealitatea. Eta, horretarako, jarrera sortzaile eta orainkor bat izatea oso lagungarria da. Eta, horretarako, idaztea gauza handia da. Aukera guztiak dituzu hor, begiradaren puntan. Sortu eta egin, sorgin.