Ondo idazten al dugu?

letrArt

Uste baino garrantzitsuagoa da ondo idaztea, testu bat idatzi aurretik norentzat den, ideiak egoki nola azalduko ditugun, nolako egiturak erabiliko ditugun eta beste hainbat galdera erantzutea, horren guztiaren araberakoa izango baita transmititu nahi duguna ulertzea eta irakurlearengana behar bezala heltzea.
Ez al zaizue inoiz gertatu testu baten aurrean jarri eta lerroalde osoa amaitutakoan berriro ere hasierara itzuli behar izatea tutik ere ulertu ez duzuelako?
Ulermen-arazoak saihestean, ikaste- edo barneratze-prozesua arindu egiten da. Hortik garrantzia.

Hala moduz idazten omen dugu; hori diote adituek. Ordenagailuaren edo orri zuriaren aurrean eseri eta formari ia erreparatu gabe ideiak aurrez ikasitako esaldi eta egituretan txertatu besterik ez omen dugu egiten. Adituek diotenez, gaur egungo prosan euskara pobretua erabiltzen da, baliabide gutxikoa, egiturak errepikatuta; ez dugu erregistrorik bereizten eta sortzen den gehiena erdaren imitazio hutsa omen da.

Eredu hori zabaltzeak idazkerara automatismo batzuk ekarri ditu: atzerakarga, gerundio faltsuak, puntuazio pobrea, erlatibozko perpausen erabilera neurrigabea. Eta horren guztiaren ondorioa definitzeko, hankamotza, pozoi hutsa, artifiziala, graziarik gabekoa eta antzeko hitzak erabili dituzte gaian adituek.

Era berean, testuaren zuzentasuna lehenestean haren eraginkortasuna ahazten dugu, eta testuaren funtzioa den komunikazioa trakestu. Helburua testutik harago doa, komunikazioa da, eta testuaren bidez zer lortu edo eragin nahi den pentsatu behar da lehenbizi.

Adituok urrutiago doaz, ikasleen prosa gainbeheran omen dago, bai, baina kezkagarriagoa omen da irakasleen prosa: “Testu akademikoen prosa maila negargarria da” esateraino.

Hori guztia eta gehiago aipatu dute gaiaren inguruan Irene Arraratsek, Berria egunkariko zuzentzaile eta itzultzaileak eta Joxerra Garziak, duela gutxi arte EHUren Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle izan denak.

Elkarrizketa osoa Argian:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/prosa-aproposa-gurea

 

letrArt

2016, Urtarrila 21
Arloa: Arteder