Harri eta herri
Aurten beteko dira 50 urte Gabriel Arestiren “Harri eta herri” argitaratu zala. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta makinatxu bat ekitaldi eukiko dogu ikasturtean zehar. Ekitaldi nagusia ekainean egingo da Arriaga Antzokian, Klasikoen zazpigarren irakurtaldia. Gaur biharretan, barriz, Bilboko Euskaltzaindiaren aretoan berbaldiak egingo dira.
Gabriel Aresti euskal idazle eta poeta izan zan, XX. mendeko euskal literaturaren barritzaileetako bat. 1964an argitaratu eban Zarauzko Itxaropena argitaletxeagaz bere lanik esanguratsuena: "Harri eta Herri".
Arestik uste eban poesia herriaren kontzientzia bizteko arma baliagarria dala eta literatura gizartea aldatzeko gai dala. “Harri eta herri” poesiaren historian liburu iraultzailea izan zan, gai sozial eta politikoak jorratuz eta injustiziak salatuz. Segurutik, danontzako izango da ezaguna “Nire aitaren etxea” olerkia.
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreiaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errenteak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.