Gabonetan be liburu artean
Sasoi ona da irakurteko. Kanpoan hotz edo hotzegi eta erdi oporretan asko. Beharbada, une egokia izan daiteke irakurteko. Nik neuk behintzat horrexetarako asmoa daukat; familiagaz eta lagunakaz gozatzeagaz batera, liburutxuren bat irakurtekoa. Pare bat etorri jataz eskuetara. Ia zeuen gustukoak diran.
Bata hauxe da: Zu zara orain txoria. Mikel Etxaburuk idatzitako poesia liburua da. Ondarrutarrak kontrazalera poema bat ekarri dau, liburuari erreferentzia ederto egiten deutson poema.
Egunero dator txoria
ziegako leihora,
zeu zara orain txoria esatera,
niri jaten eman,
kantuan entzun,
niri kontuak kontatzera
ziegako leihora
egunero dator txoria
gogoraraztera,
zu zara orain txoria esatera
Harkaitz Canok egin dau Zu zara orain txoria liburuaren hitzaurrea. Oso ondo azaltzen dau Etxaburuk poemakaz sortu dauan giroa, azaldu dituen sentsazinoak, sentimentuak.
"Samurtasunik posible ez dela dirudien ez-lekuetan samurtasuna bilatu du Etxaburuk. Samurtasuna ez delako aldarriaren eta irmotasunaren etsai. Lehen begi kolpean hutsik dirudien botila bati trebeziaz ateratako azken tantak dira haren poemak, botila hutsik dagoela dirudienean, botilari arretaz begiratu eta han behean, leku ezkutu eta irisgaitzean, oraindik ere tanta bat geratzen dela badakien ume-poeta egarberaren bilaketa. Poeta armiarmekin jolasten da, haurtzaroari deitzen deio bera babestera etor dadin, bere pirata, belaontzi eta jolas xalo bezain suntsiezinekin..." Jarraitzen dau Canok esanez, Etxaburuk hegaldia deskribatu dauala hegaldirik posible ez dan lekuan. "Biziraun nahi baduzu, landu samurtasuna leku ospeletan, bilatu zer den leku ez-lekuan...."
Bestearen izenburuak dino: Atearen atzean. Antton Kazabonek maitasun kontuak idazti ditu oraingoan. Iraitz, Iker eta Josu dira maitsaun istorioko protagonistak. Iraitzek itxi egin dau Iker, orain Josugaz maitemindu dalako eta zintzo nokatu gura dauelako. Hori guztia normala da, baina Iraitz institutuko ikaslea da, eta Josu ingeleseko irakaslea, hogei urte zaharragoa. Josué zer pentsatzen dauen eta zer sentitzen dauen jakingo dogu lerrootan. Jakingo dogu Iraitz bihotza zabaltzeko ausardiarik eukiko dauan. Jakingo dogu Iraitzen lagunek eta gurasoek zelan erreakzionauko daben. Azken baten, jakingo dogu holako istorio batek aurrera egiteko aukerarik daukan...
Gabon zoriontsuak eta urte barri on!