IKASTOLEN V. BATZARRA

Kontaizu

ika26

2006ko urtarrilaren 21ean Donostiako Inazio Maria Barriola auditorioan Ikastolen V. Batzarraren lehen zatia egin zen. Bertan 300 lagun inguru bildu ziren, ikastoletako lehendakari, zuzendari eta euskal curriculumaren bideratzaileak. Ikastolek euskal curriculumaren marko teorikoa landu eta aurkeztu zuten 1998an. 2004an, “Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena ” dokumentua kaleratu zen eta 2005eko maiatzean “Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma. Oinarrizko txostena ”, euskal lurralde guztietako eskola-eragile gehiengoaren lehen elkarlana bihurtu dena. Aipatu batzarrak hiru zati izan zituen. Lehenengoan, Euskal Curriculumaren egitasmoan orain arte egindako urratsen eta emaitzen azalpena eman zen. Horretarako, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumaren aurkezpena egin zen eta hobekuntza proposamenak egiteko prozedura azaldu zen. Bigarren zatian bertaratutakoak lan taldeetan banatu ziren eta gogoeta zalantzak argitzeko tartea hartu zuten. Azkenik, talde horietan egindako hausnarketak bateratu egin ziren eta bertan agertu ziren zalantzak, galderak, kezkak...hobetze proposamen bezala jasoak izan ziren. Orain Ikastoletako agente guztiek txostena ezagutu eta baloratu egin beharko dute beraien proposamenak bilduz eta bidaliz. Horrela, 2006ko irail-urria aldera beste bilera bat aurreikusten da, ordura arte egindako lanen emaitzak eta Ikastolen oinarrizko eta komuna izango den Euskal Curriculumaren proposamena aurkezteko eta hobekuntza proposamenak egiteko. Azken batzarra, 2007ko martxo aldera aurreikusten da, erabakiak hartzeko.

Kontaizu

2006, Otsaila 01