IKASTOLEN JAIAK HERRI URRATS 2006

Kontaizu

ika29.jpg

Maiatzaren 14an Senpereko Lakuaren bueltan beste behin egingo da aurtengo Herri Urrats. Egitarauari dagokiononez aberatsa izango da eta bada nabarmendu beharreko ekitaldia: Zuberoako Maskarada, Urdiñarbeko gazteek herriz herri erakutsi ondoren ekarriko dutena. 1984an, hegoaldeko ikastolak antolatzen zituzten besten eredua segituz, Seaskako guraso batzuek, ordurako ideia zail bat martxan ematea erabaki zuten Iparraldean. Horren helburua zen Seaskaren diru beharrei erantzutea, gero eta handiagoak baitziren, batez ere bigarren maila ireki ondotik. Herri Urrats, euskararen alde antolatutako besta bat da. Senpereko aintziraren inguruan egindako elkarretaratze bat, urtetik urtera harrera hobea izaten duena, eta ikastolen lagun eta euskararen babesleen hitzordua ezin hutsegina bilakatu dena. Praktikan, Herri Urrats ibilaldi bat da, Senpereko aintziraren inguruan antolatua. Zirkuituaren itzulia egitea (4 km) ez da nahitaezkoa, bakoitzak pagatzen ditu nahi dituen kilometroak, berak erabaki duen prezioan. Pertsona bat ibiltzen ahal da enpresa edo kooperatiba baten izenean. Zirkuituaren inguruan, ostatuak jateko eta edateko, animazioak (antzerkia, dantzak, musika, txotxongiloak, jokoak, indar jokoak, erakusketak, liburu eta disko salmenta...) eta lasai egoteko tokiak aurkitzen dira. Urtetik urtera kultur mailako elkarretaratze handienetako bat bilakatu da besta hau, Euskal Herrian, bai Akitania mailan. Milaka jende etortzen da zazpi probintzietatik eta urrunagotik ere, Senpereko aintziraren inguru xoragarrian egun alaitsu hortaz gozatzeko, eta euskararekiko atxikimendua erakusteko. Besta hori Euskararen inguruko elkartasunaren adierazgarri da. Euskaldunak, euskaldun ez direnak, Europako eta Munduko bizilagunak... elkarretaratzen dira, besta tarteko eta giro onean, goraki errateko : IBILALDIA 2006 Maiatzaren 28an Elorrion ospatuko da aurtengo Ibilaldia “Batzen Gaituen” lelopean. “Batzen gaituena…” euskararen erabilera, ingurumenarekiko sentikortasuna, herri-ekimena, hezkuntza berritzailea, aniztasuna, parte hartzea…eta hainbat gauza gehiagok batzen gaitu. Elorrioko elementuek eta Ikastolak islatzen dituen baloreen marrazkien multzo alai eta modernoak osatzen dute irudia: natura, errebonbiloak, Argiñetako hilarria, Udalaitz, lauburua, teknologiak, eguzkia eta lainoak, musika, parranda, hezkuntza, umeak…eta landare bat. Landare horrek duen kimu bat hartu dugu logotipoa osatzeko. Enborretik sortu eta hazten dagoen kimua, berria eta bizia, ikastolaren isla. Elorrioko Txintxirri Ikastolak 2006ko Ibilaldia antolatuko du, bai, Ibilaldia 06 Elorrion, batzen gaituena kaleratzeko, batzen gaituena guk geuk argi izateko, batzen gaituena..., batzen gaittuena..., zer izango ote da bat egiten gaituen hori? Erantzunen bila gabiltza, filosofatzeko gogoarekin. Azkenean geure baitan daukaguna, besterik ez dezakegu eskaini. Sintesia erdietsi nahi dugu, XIX. mendeko jauregi batean kokaturik dagoen XXI. mendeko Ikastola eraikiz eta horretarako batzen gaituena izango da geure bizkar hezurra; garrantzitsua beraz erantzuna, gu geu garena baldintzatuko baitu eta are gehiago oraindik, izango garen guztia. Abiapuntu berri baten sorrerarako Ibilaldia 2006, Elorrion izango da. Durangokoen antzera, bostekoa ematen prest jarraituko dugu geure proiektuan parte hartu nahi duten guztiei, eta aldi berean, eskua luzatu ez ezik, barrurantz doan norabide bat tartekatuko dugu , batzen gaituena jorratuz eta Elorriotar eta inguruko guztiei, geure proiektua aditzera emanez. Zerbait badakigu jadanik, euskarak batzen gaitu, euskara eta geure ohiturak, geure kultura..., betiere era zabal batean, herritik mundurako pasabidea eginez. Anitzak gara eta aniztasun horrek batu eta aberasten gaitu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea daukagu helburu. Ikasleak baino pertsonak hezi nahi ditugu bere osotasunean, baloreetan jantziak, etorkizuneko gizarte hobe baten eragileak izango diren horietakoak. Eleanitzak ditugu ikasleak, teknologia berrietan trebatuak, inguruarekiko sentikortasuna garatua daukatenak, positiboak izakeran, esfortzurako gaituak, irekiak, bere gaitasun guztien garapenera bideratuak, orekatuak..., eta hau guztia batzuetan errealitate, batzuetan helburu bezala, batu egiten gaitu eta geure proiektuari zentzua ematen dio. Hemen gaude, Elorriotarrak gara eta Elorriotar zein inguruko guztientzako Ikastola hemen daukazue. Geurea zeurea da; etorri, ezagutu gaitzazue eta, ondo baderitzozue, batu zaitezte batzen gaituenera!Ibilaldia 2006 Elorrion, non bestela?

Kontaizu

2006, Maiatza 01