ESU PRESIDENT´S AWARD 2006

Kontaizu

ika34

ESU PRESIDENT´S AWARD 2006 saria Ikastolen Elkarteak irabazi du ingeleseko irakaskuntzarako sortu, garatu eta argitaratu duen CD-Rom bati esker. “Duke of Edinburg Award” ingelesaren irakaskuntzarako ikasmaterialei ematen zaien saririk garrantzitsuenetako bat da, ospe handiko saria. Britainia Handiko English Speaking Union (ESU) fundazioak emandakoa da, fundazioko presidentea den Edinburgoko Dukearen eskutik jasoko du Ikastolen Elkarteak, Buckingham Jauregian azaroaren 15ean (asteazkena) ospatuko den ekitaldi berezian. Liburuei eskainitako sari hau tradizio handikoa da, eta duela 4 urte, teknologia berriei zuzendutako sari berezia sortu zuten. Aurten, Ikastolen Elkarteari egokitu zaio, eta lehenengo aldia da Britainia Handikoa ez den argitaletxe bati ematen diotena. Aurreko sariak Cambridge University Press, Oxford University Press eta Macmillan argitaldari ezagunek jaso zituzten. Sari hau Ikastolen Elkarteko talde multidiziplinarrak ingeleseko ikaskuntzarako sortu, garatu eta argitaratu duen CD-ROM bati eman diote; hain zuzen ere, 9-10 urteko umeei zuzendutako “Space Search” izeneko CD-ROMari. Euskarazko ikasmaterialekin batera, duela 15 urte, gaztelania zein ingelesa irakasteko ikasmaterialak sortzen hasi zen Ikastolen Elkartea, ikasle euskaldunei zuzendutako eleaniztasun plangintza bateratua bideratu nahian. Horrenbestez, Eleanitz egitasmoa martxan jarri eta horretan ingelesaren iraka-ikaskuntzarako Eleanitz-English proiektua sortu zen. 1991n abiatu zen 8 ikastoletako 4 urteko ikasleen talde esperimental batekin, eta gaur egun; 73 ikastola eta 25.000 ikasle ari dira, 4 urtetik 16 urtera arte zabaldutako egitasmoan. Egitasmoaren azken fasean, ingelesez irakasten da Gizarte Arloa. Ikastoletako 2.000 ikaslek dagoeneko ikasketa prozesu osoa burutu du Eleanitz-English proiektuarekin. KILOMETROAK 2006. Oiartzuneko Haurtzaro ikastolako ikasle, irakasle, langile eta gurasoek urte osoan buru- belarri lan egin ondoren, jai egun zoragarri batekin eman zioten bukaera kilometroen antolakuntzari. Kontzertuak, pailazoak, herri kirolak, jolasak... egitarau benetan oparoa izan zen bertan, eta eguraldi onak ospakizuna biribildu zuen. Hizkuntzarekin konpromisoa berresten duen lelo bitxi baten inguruan bildu ziren milaka eta milaka euskaltzaleak: Ingo yeu, ingo ñeu. Euskal Herriko eragile askok, ikastolan aldeko jaiari atxikimendua eman nahirik, hasiera ekitaldian ikusi genituen. Gero, zazpi kilometro eskas zuen ibilbidea zabaldu egin zen eta berehala beteta ikusi zen, bai zirkuituan ( Oiartzungo bost auzoetatik igaro zen: Ugaldetxotik, Iturrioztik, Altzibartik, Elizaldetik eta Arragoatik) bai guneetan (zazpi guneetan) antolatutako ekintzak. Kilometroetako bideoklipeko intxixu eta sorginentzat egun ahaztezina izan zen, herriaren eta bere hizkuntzaren arteko maitasunak isla izan baitzuen Oiartzunen. Hurrengo kilometro antolatzaileari testigua pasatu baino lehen, Haurtzaro ikastolak historian izan dituen lehendakariak omendu zituen, denek egindako lana errekonozituz. Hurrengo kilometroak festa Bergaran izango da eta antolatzailea Aranzadi ikastola. Zorionak eta zorte on! www.kilometroak.net NAFARROA OINEZ 2006.Berako Labiaga ikastolak Baietz oraingoan! leloa aukeratu zuen aurtengo Nafarroa Oinez festarako, eta esaldia egia bilakatu da. Eguraldi aparta izan zen eta ekitaldiz betetako egitarauak 100.000 lagun baino gehiago ekarri zituen. Oraingoan bai, arrakasta handiz ospatu zuen Labiagak Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Goizean goiz hasi zen festa, hasiera ekitaldiarekin. Hainbat gonbidatuk parte hartu zuten; Euskaltzaindia, Euskara Kultur Elkargo, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako ordezkariak. Igandean, dena den, Labiaga eta ikastola laguntzeko bat egin zuten milaka lagunak izan ziren protagonistak. Zazpi kilometroko eta zazpi guneko ibilbidea berehala bete zen, eta Berara ailegatzeko errepideetan sortu ziren auto ilarek erakutsi zuten jende oldearen tamaina. Omenaldiak ere bere tartea ere izan zuen eta azken hamabi urteotan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza aurrera eramateko lan egin duten guztiak omendu zituen ikastolak: irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Izan ere, aurtengo jaiaren helburua izan da ahalegin horrek eragin duen zor ekonomikoari aurre egitea. Hurrengo Nafarroa oinez Vianan izango da eta dena prestatzeko lanean hasi da jada Erentzun Ikastola. www.nafarroaoinez.net

Kontaizu

2006, Azaroa 01