Euriclio mintegia

Atzo iritsi ziren Euskal Herrira Eurocliok, Ikastolen Elkarteak, Aranzadik eta EHUk antolatutako mintegian parte hartzera Europatik etorritako hogei historia irakasle, eta gaur harrera egin die Donostiako Udalean bertako alkate Juan Karlos Izagirrek.

Ohikoa duen gertutasunarekin, Izagirrek ongietorria egin die irakasleei, eta lan egiteko probetxuzko egonaldia izatea opatzeaz gainera, Donostiaz disfrutatzera ere animatu ditu. Donostiako alkateak Gipuzkoako hiriburua erre eta suntsitu zutela bigarren mendeurrena gogoratzen ari direla esan die gonbidatuei, baina baita gaur egungo Donostia dena eraikitzen hasi ziren bigarren mendeurrena ere. "Konbentzimendu osoa dut historiaren garrantzian. Ezin da etorkizunik eraiki iragana ezagutu gabe", adierazi die. Azken hilabeteetan Donostiak bezala Euskal Herriak "une historiko garrantzitsua" bizi dutela ere azpimarratu du Izagirrek. "Gatazka gordin batetik, bakea eraikitzeko garaira igaro gara", esan du. "Seguru gaude herri berria eraikiko dugula hemendik aurrera, eta une hau une historiko gisa gogoratuko dugula".

Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendari Juantxo Agirrek eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendari Imanol Igeregik ere egin diete ongietorria Europatik iritsitako adituei. Bi erakundeen egitekoaren berri ere eman diete, eta eskertu ere bai jardunaldi hauetan parte hartzeagatik.

Euroclioko zuzendari nagusi Jonathan Even-Zohar-ek eskerrak eman dizkie Izagirreri, Agirreri eta Igeregiri, egin dieten harrerarengatik. Pena ere adierazi du, jardunaldi hauetara Europatik askozaz irakasle gehiago etortzekoak zirelako, baina europar funtsak "unerik onenean" ez daudela, eta azkenean askok ezin izan dutela etorri, esan du.

 

Donostia ezagutzen

Harreraren ostean, mintegian parte hartuko duten irakasleek euren buruak aurkeztu dituzte. Euskal Herriko hamar irakasle badira, baina baita Herbehereatako, Letoniako, Greziako, Islandiako, Suediako, Alemaniako, Norvegiako, Poloniako, Belgikako eta Kataluniakoak ere.

Egunean zehar, Donostiako Ontzi Museoa eta San Telmo museoa bisitatu ditzute irakasleek Alde Zaharreko kaleetan barrena ere ibili dira Gipuzkoako hiriburuaren historiaren eta arkitekturaren zati batzuk bertatik bertara ezagutzeko.

Bihar hasiko dira mintegiak eta tailerrak, eta larunbata bitarte programa betea dute. "Iraganeko aztarnak, gaur egun elkarrekin bizitzeko bitarteko gisa. Kulturarteko hiritartasuna irakasten, ondare eta memoria historikoaren bitartez" dute goiburutzat jardunaldiok. Elkarren berri izan, euren lanak eta lana egiteko metodologiak ezagutarazi eta partekatzea dute xede jardunaldiotan.

Kontaizu

2013, Azaroa 12