Hainbat harreman mahai berean
Aupa denoi! Gabonetako usaina gainean eta urte berriko asmoak airean. Zelan sasoi honetako gazi gozoak? Oporrak izan arren batzuentzako ez dira izaten garairik politenak eta horretarako badago hainbat arrazoi. Oporrek gure egunerokotasuna apurtzen dute eta jakinezarren zirrara ekartzearekin bat gogoak betetzeko asmoak. Baina ez dira izaten bestelako jai egunak. Sasoi honetan familia helburu bihurtzen da. Beraz, familian ematen diren harremanak oso agerian geratzen dira. Alde batetik amarekin, aitarekin edota nebarrebekin dauzkagun gazi gozoak nabarmenagoak dira eta beste alde batetik amaren edota aitaren familiarekin dauzkagunak ere bai. Gurasoek bolada txar batean badaude edo bananduta badaude sasoi hau ez da oso xamurra bilakatzen. Gizartean, kristau fededunentzat zein ez direnentzat zabaltzen den mezua denoi heltzen zaie. Gure mendebaldeko kultura honetan besteak beste familia batzeko garaia izaten da. Senitartekoen loturei lekua ematen duen erritoa izaten da. Hau dela eta sasoi honek nahiko mugiarazten ditu edonoren barrenak, denok nahi eta nahi ez, familia batetik sortu gara eta familia baten parte gara. Telebistaren bitartez batez ere esaten digute familian gozatzeko garaia dela. Poztasuna eta maitasuna adierazteko unea. Eta opariak horren isla bihurtzen dute. Denok jakin arren mezu hori ez dela zertan horrela izan behar. Sinesmen ezberdinak daude eta ez dute sasoi hau ospatuko (musulmanak, juduak, budistak, ateoak, agnostikoak…) Familia eredu diferenteak egon badaude (guraso banatuak, familia gabekoak, kultura ezberdinetakoak…) eta sasoi hau oso era anitzetan bizitzen dugula nabarmena bada be. Luzatzen diguten mezuak ez digu bat ere laguntzen gure benetako gazi gozoak ateratzen. Zelan esan txarto nagoela eta ez dudala familiakoekin egon nahi, denok hain pozik badaude gabonetan? Gabonetan inoiz baino gehiago, lehengusuak eta lehengusinak, koinatuak, zuinak eta herrenak, amaginarrebak eta aitaginarrebak, osaba eta izekoak, aita eta ama, semeak eta alabak, lobak eta ilobak, anai eta arrebak, ahizpak eta nebak batzen dira. Hainbat harreman desberdin mahai berearen inguruan. Gauzak pentsatzeko, esateko eta egiteko modu desberdinak. Sarri ulergaitzak erraz azaltzen dira alkoholaren poderioz are gehiago. Gabonetan faltatzen direnak beti gogoan: heriotzak eraman duena, kartzelan dagoena, guregandik urrun bizi direnak edota erabaki dutenak etxean gurekin jadanik ez bizitzea...haiek gure mahian jaten dute ere bai, betiko aulki ezagun baten. Bakoitzak bere erara darama mina, amorrua edota tristezia. Errito honetan sentimendua hau azaltzeko tartea badauka: malkoak besarkada sakon batek eraginda, fotografiari musua emanez... Batzuek familia faltan eta besteek familia soberan. Garai honetan aspaldiko lagunak eta familiakoak ikusteko aukera, batzuk gustukoak dira eta besteak ez horrenbeste, baina konpromiso dela medio denon ezpainetan irribarretxoa. Garai honetan bikote batzuk familiari disgusturik ez ematearren euren arteko istiluak estaltzen dituzte eta batzuek lortzen dute itxura zena benetakoa bihurtzea. Krisialdian etenalditxo hau askotan nahikoa da , arnasa apur bat eta indarra hartzeko harremanari buelta bat edo beste emateko. Beste askotan aldiz, Eguberrietan islatzen da urte osoan eman den bikotekideen edota senitartekoen arteko tira birak. Beraz oso sasoi latza bihurtzen da. Hika mikak sutsuagoak izaten dira Baina egia da be garai honetan sarri, ume txikien eta ez hain txikien ilusioen ezker gure barneko sugarra pizten dela. Gure amamaren edota aititeren batzearen ilusioaren ezker gure familiarenganako beharra eta itxaropena pizten dela. Azkenean batzen gara ahal dugunok gura dugunekin, gustura egoteko, bata bestearen pozarekin kutsatuz kanta batzuk abesteko, aspaldiko laguna besarkatzeko edota herrira bueltatzeko, amamaren irribarreaz gozatzeko denok ahalegintzen garenean gure hika mikak saihesten… Goza dezagun ba egunetan hauetan be!! Besarkada handi bana eta urte barri on. Agurtzane
Argazkiak: Lea Multimedia