Split 77
Deustuko Split 77 taldea berriz da bueltan. 6 urteko isilunearen ondoren berriz dira hemen "Split 77" (Noizpop 10) diskoarekin. Bilboko Kafe Antzokia lepo bete zen euren zuzenekoa ikusteko. Euskal musikari aire berria ekarri dizkion taldea. Taldeko kantari eta gitarrajolea den Aritz Aranbururekin aritu gara solasean.
2004ko "Menturatik" 2010era denbora luze pasa da, zer gertatu da denbora honetan?
Hainbat gauza izan dira. Alde batetik 2006an, Natxo, gure betiko bateri joleak taldea uzteko erabakia hartu zuen. Garai hartan beste disko ezberdin bat prestaturik genuen eta zentzu horretan ibilbide oso bat garatuta kantu eta kontzeptuen aldetik. Gainera gure kasuan, musikaren munduan gauden lau lagun izan gara beti, bakoitzak bere soinu eta estilo propioarekin, ez gara inoiz estudioko musikariak izan, eta horretan datza gure soinuaren identitatea. Momentu horretan zenbait saiakuntza egin genituen hutsune hau betetzeko. Lau pertsona ezberdin pasatu dira gure lokaletik, haien artean Atom Rhumba-ko Natxo Beltrán, edo Gora Japon-eko Myriam adibidez. Denek bere estilo eta identitatearen jabe; asko ikasi dugula esan behar da eta oso eskerturik gaudela egindako lanarekin, baina azken finean aukeraketa prozesu hau bi zentzutan egiten den zerbait da, guk bilatzen dugun konpromiso maila lehenengo momentutik nabaritu egiten zaigu, arrazoi honegatik hiru urte eta horrenbeste jende pasatu behar izan da Deibol-ekin topatu arte.
Dagoeneko bi urtez egon gara kantu bilduma berri bat lantzen. Katarsi moduan erabili dugu egoera hau, zenbait garaietan sentitu dugun isolamenduan dago lan honen gakoa. Dagoeneko aurkitu dugu bilatzen genbiltzan pertsona egokia eta ondorioz, berriro osotasun baten moduan ikusten dugu taldea. Hauxe izan da denbora luze honetan gertatu dena.
Zuen aurreko "Menturarekin" konparatuz, zein izan da hirugarren disko honen erronka berria? Nola planteatu duzue lan hau eta nolako garapena nabari izan duzue?
Disko bakoitza erronka bat da, eta "Antenna" ikasketa disko bat izan bazen, Menturarekin erdi irekirik zeuden ate batzuk zabaltzea erabaki genuen, zenbait gauza barneratzeko beharrean geunden gure soinu propioaren bilatze horretan. Guretzat gure taldeak eduki dezaken kutsu elektronikoa naturaltasun osoz gertatzen den zerbait da, kantu ezberdinak ikusten ditugu soilik. Disko honetan hamar kantu ezberdin aurkitu daitezke, bakoitza bere ibilbide propioarekin, eta egia esan, planteamendurik egotekotan, modazko, edo inguruan aurkitu ditzakegun erreferentzietatik alde egitea izan daiteke planteamendu horietariko bat. Euskal Herrian talde bat aurrera eramatea energia pilo bat kontsumitzen duen ekintza bat da, zer esanik ez gure industria musikalari buruz hitz egiten badugu; ia existitzen ez den zerbait da, beraz, egoera honen jabe egiten zarenean ardura osoa gauza garrantzitsuetan ipintzen duzu. Ez daukagu galtzeko denborarik, ikusteko dago lan honek eman behar dituen fruituak, baina guretzat, gauza bat argi baldin badago zera da, disko hau guk bakarrik egin genezakeen disko bat dela. Gure nortasuna erakusten duen lehenengo diskoa da, eta hori da inporta zaigun gauza bakarra.
Hirugarren diskorako taldearen izena aukeratu duzue eta, burura etortzen zait, bilatzen ari zenuten soinu hori lortu duzuela, halaxe izan da?
Halaxe da, dena den bilatze hori bukatutzat ematea ez da talde bat esan dezakeen gauzarik inteligenteena. Gaur egun gure erronka kontzertuetan eta aurretik dugun ibilbidean datza. Azken finean diskoak kantuen bildumak dira, eta hauek dira denboran iraungo dutenak ala ez. Oso ondo dago gauza hauetaz mintzatzea baina oso argi daukagu zein den helburua. Egia da gure lana harrotasunez ikusten dugula eta gure soinua inoiz baino gehiago lortu dugula. Horregatik erabaki dugu izenburu berdina jartzea baina ez dugu gure burua moda edo modernitatearen paradigmatzat ikusten honek kontzertuetan ekar ditzaken "sold-out" kartelekin. Horretarako badaude beste talde batzuk.
Musika aldetik sofistikaziorantz jo baduzue, diseinu aldetik eta musika hutsa ez den beste guzti horretan, aldiz, minimalismora jo duzue... zer dela eta? Azaldu pixka bat horren esanahia...
Ez zait sofistikazio hitza gustatzen, "baliabideak" hitza egokiagoa iruditzen zait; ez ahaztu guretzat lehenago kantuak daudela eta bide horretan gure inguruan dauzkagun tresnak erabiltzen ditugula soilik, ez dut uste beste herri batean disko "sofistikatu" bati buruz mintzatzen arituko ginenik.
Bestalde diseinuaren minimalismo hori ez da helburu bat berez. Aurretik azaldu dudan guztiagatik izan da. Basamortuan sei urtez ibili garen talde bat gara eta erabaki bat hartu beharrean geunden: egin dezagun gure diskoa deitu dezakegun zerbait edo joan gaitezen etxera trastuekin. Ez dugu, zentzu honetan, kanpotik etor daiteken kutsadurarik nahi. Ez dago beste kontzepturik, Split77 da aurkituko duzun guztia.
Diskoak bi alde ditu, bata rockeroagoa eta bestea elektronikoagoa. Zer bilatu duzue honekin?
Bai, egia da disko barruan bi alde daudela, hau gerora harturiko erabaki bat izan da, abestiak estudioan nahasterakoan. Galtzeko ezer ez daukazunean abesti bakoitzaren muinean murgiltzen zara eta "instinto" bidez mugitzen zara. Gitarra bat hartu, loop bat egin, teklatua jo edo baterian ezarri... horrela heldu gara abesti hauek egitera. Diskoa bi ataletan banatzea diskoari orden bat emateko izan da. Guzti honek ez dauka zerikusirik modernitatearekin, diskoa bukatu eta entsegu lokalera joan ginen, disko oso bolumen altuan entzun genuen eta orduan ikusi genuen arro egoteko moduko abestiak genituela. Atera dizuten argazki batean ondo ikustea moduko zerbait da. Gero etorri da estetika eta diseinuaren lanketa, Igor Zorrotzuak burutu duena.
Zuen promozio orrian Bilboko gauei buruz hitz egiten da, "euskal hirian" dauden gauei buruz?
Bai, gauari buruz hitz egiten dugu. Gure laguna den Fermin Etxegoien kazetariak idatzi du promozio orria, berriki "Euskadi saria" eman diote "Autokaraban" nobelagatik; guretzat gaua musikarik gabe eta musika gaurik gabe zentsurik gabeko zerbait izango zen. Ikustea besterik ez dago "Gaueko" edo Bilboko Gaztetxeko garaietatik egundaino gertatu dena, dena ari dira murrizten...
Letrei dagokienez, zein da zuen inspirazio iturria?
Letrei dagokienez diskoan eurekin topo egitera joan gara; zenbait abestik istorio bat kontatzea eskatzen zuten eta beste batzuetan ez zen beharrekozkoa gauza gehiegi kontatzea. Hala ere, entzuleak abestiak bereak egiten ditu eta entzulea da beti hoberena letrei buruz bere iritzia izateko.
Azkenik, nolakoak dira zuen kontzertuak?
Diskoa entzuten duenak kontzertuak nolakoak izango diren sumatuko du, behintzat ideia bat egingo du. 5 urte egon gara isilean eta eskenatoki gainean aritzeko gogo izugarria daukagu, urte guzti hauetan gordeta egon den energia bertan biltzeko. Alde teknikoak berebiziko garrantzia du guretzako, horregatik Jose Lastra teknikaria aritzen da gurekin zuzenean. Gure hurrengo kontzertuak abenduaren 10ean Durangoko Plateruenean eta urtarrilaren 5ean Ondarroako Kafe Antzokian izango dira.