Nerea Uria, Euskal Herriko plaza

Gorka Julio

Badira, erosle asko, lehenengo erosketa EHko Plazan egin dutenak.

 


Euskal Herriko plaza proiektuaren arduraduna.

  • 2009ko abenduaren 4ean Euskal Herriko plaza sortu zutenetik arduraduna da.
  • Plazako langile moduan Euskal Herriko produktuak interesatzen zaizkio, baina baita ere orokorrean euskara eta Internet ere bere intereseko gaiak dira.
sarean20101212

Zerk bultzatu zintuzten EHko plaza sortzera?

BERRIA egunkarian, urteak daramazkigu Gabonetan Euskal Herriko hainbat produktu eskaintzen gure harpidedun eta irakurleei: Ardoak, cavak, turroi eta gozoak, Gabonetako saskiak… Jendeak urtero oso ondo erantzuten du. Hau ikusita, eta BERRIAren produktuen denda sortu behar genuela jakinda (urteroko promozio liburu, DVDak, arropak etabar jendearen eskura jartzeko) bi ideiak uztartzea erabaki genuen. Alde batetik, BERRIAren denda propioa dago, eta bestetik, Euskal Herriko ekoizle bakoitzaren dendak.
Denda elektronikoak, bere atzetik, jendea eta zerbitzuak eroslearen eskura jartzea dakar, eta BERRIA taldean, baliabide horiek eskaintzeko adinako baliabideak ditugu (Bezero arreta zerbitzua, banaketa zerbitzua, erosketen kudeaketa zerbitzu teknikoa…)

Orain arte egindako lanen emaitzak nolakoak izan dira?

Aurtengo abenduan izan da webgunearen urteurrena, eta, oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Oso produktu ezberdinak daude EHko Plazan salgai, eta oso ekoizle ezberdinak topa daitezke, eta gutxien uste duzuna erosten dute erosleek. Denetik mugitu da: Sagardo garaian sagardoa, udaran arropak gehien bat, Gabonen bueltan Gabonetako saskiak osatzeko produktuak, urte osoan zehar ardoak, garagardoak, liburuak, diskoak

Proiektua Berria Taldeko proiektu handiagoaren parte ere bada, nola uztartzen da honekin?

Printzipioz, EHko Plaza proiektu gaztea izanik, bere bidea jorratzen ari da. BERRIA talde barruan, Interneten bide berriak irekitzea tokatu zaio, ondoren, talde osora zabaldu direnak, eta taldeko beste zerbitzu/produktuetatik ere jaso du ezagutza. Beraz, harremana etengabea eta osagarria da.

sarean20101212-2

 


Online salmentak euskal esparruan zein eragin izaten ari da? EHko plaza esperientziatik kanpo beste datu interesgarririk?

 

Esperientzia pertsonaletik, erantzun diezazuket, EHko Plazan gazte zein helduek erosten dutela. Lehenengo urte honetan, webgunea euskara hutsean abiatu dugu, eta ondorioz, euskal hiztunak izan dira bertan erosketak egin dituztenak.
Badira, erosle asko, lehenengo erosketa EHko Plazan egin dutenak; gustura geratu diren neurrian errepikatu egin dutenak, eta datu hau oso esanguratsua iruditu zaigu.

Azken finean, BERRIA marka ezaguna da, jendeak ezagutzen du eta horrek konfiantza ematen du erosketa bat egiteko. Nazioartean, on line salmentek maila altuagoa daukate, baina, gurean, pixkanaka ari da kultura hori zabaltzen. Eskaintza zabaldu ahala, eskaria ere handituko delakoan nago.

Salmenta mota honek bitartekaritzarik gabeko (edo gutxiagorekin) salmenta posible egiten du. Ekoizle eta erosle arteko harreman estuago batean sinisten du proiektuak?

Proiektuaren oinarria hori da. BERRIA taldeak azken finean, Plazan parte hartzen duten ekoizleei, denda elektroniko bat sortzeko plataforma eta zerbitzu guztiak eskaintzen dizkie. Honek, berekin, interneten galdutako denda isolatu bat izan beharrean, merkatu bateko parte izateko baldintzarekin. Erosleek, berriz, Euskal Herriko ekoizleak eta haien produktuak gune bakar batean eskuratzeko aukera daukate, haiei buruzko informazioa eta zalantzak galdetzeko txokoa. Hala ere, egunerokotasunean murgilduta bizi gara guztiok: erosle zein ekoizleak. Hori dela eta, harreman estua izatea oso zaila da, izan ere, erosle askok ez baitu denborarik ekoizpena aurrera atera, salmentak gauzatu eta bezeroari dagokion arreta emateko. Puntu honetan, EHko Plazako bezero arreta zerbitzua sartzen da: erosleei edozein zalantza argitzen diena.

sarean20101212-3

EHko plazan batez ere euskal produktuak saltzen direla ikusita, beharbada kanpoan ere produktu hauek ezagutarazi eta saltzeko aukera izan dezake aurrikusi duzue aukera hori?

Aukera hori zabalik dago, eta pertsona ugari jarri da gurekin harremanetan bertako produktuak kanpoan ere kontsumitzeko asmoarekin. Zerbitzua eskaintzen da. Ez dugu sustatzen, bereziki, bidalketa gastuak oso garestiak direlako (kontuan izan, azken bezeroari ari garela saltzen, haren etxean entregatzeko).

Etorkizunean proiektuaren garapenerako zer aurrikusten duzue?

Asmoa, eskaintza zabaltzea da, ekoizle gehiagok bat egitea proiektuarekin. Bestetik, hizkuntza gehiagotara itzultzea webgunea, eta ondorioz, beste lurraldeetara zabaltzea atari honen berria: Herrialde Katalanak eta Espainia kasu. Webgunean bertan, noski, aldaketak egiten jarraitzeko asmoa daukagu, jendearen iritzia ahalik eta ondoen jasotzeko, erosketa prozesua hobetzeko, webgunea erabilerrazagoa egiteko… Zerbitzuak hobetzea da helburua, arlo guztietan.

Gorka Julio

2010, Abendua 12
Arloa: Berba Bi