Kirolaren mugetan jolasean
Jadanik zaharkiturik gelditu da xakea kirola zen edo ez argitu nahi zuen hikamika hura. 2004 urruti batean geratu zen jadanik Eusko Jaurlaritzak xakea kirolaren esparrutik atera nahi zuen garaia, horrela, kirol federazio eta txapelketak antolatzeko dirulaguntzak arriskuan geratzen zirela.
Azkenik ez zen proposamena aurrera eraman, eta neurri hipotetiko hark, kasualitate edo ez, ondorio ezinhobeak ekarri zizkion 64 laukitxoen jarduera honi, izan ere, azken bolada zoragarria izaten ari da beretzat.
Iraganean gelditu dira jadanik bi xakelari taberna batetako bazter batetan jokatzera behartuta zeuden garaiak, beti ere elkarren artean lehiatzera kondenatuak, jokatu nahi zuen beste inor ez baitzegoen inguruan. Orain klub eta taldeen ordezkaritza handia da Euskal Herria mailan, xake eskola eta ekitaldiak ohikoak dira gizartean, eta azkenik, xakelariak aurrejuzku inozoen estigma gainetik kendu duela dirudi.
Horrela, Euskal Herriko kluben maila eta partaidetza haziz doa urtetik urtera. Horren adibide, esaterako, gerta daiteke Endroke Arrigorriaga klub bizkaitarra. Bere ekitaldi sorta eta bere txapelketetan parte hartzen duen jendea igoz joan da urtetik urtera. 90. hamarkadaren erdialdean sortua, bere ibilbidea eredugarria izan dela esan genezake maila bizkaitarrean, izan ere, egun lurraldeko klub aktiboenetarikoa dugu. Bere sorreratik, edozein kasutan, lehiaren eta xakearekiko konpromezuaren arteko oreka egoki mantendu du. Horrela, nahiz eta txapelketetan lehiatu eta emaitza onak lortzeko anbizioa badagoen, argi adierazten dute klub hontako kideek edozeinek joka dezakeela xakean, eta ondorioz, interesa erakusten duen edonorentzat daude irekiak taldearen ateak.
Ziur asko bere kirol emaitzak oraindik ere ez dira azpimarragarriegiak, baina iazko denboraldian Bizkaiko kluben maila gorenerako txartela lortu zuten lehenengoz bere historian. Ez da inolaz ere lorpen makala sorrerako bide apalak mantentzen dituen instituzioarentzat.
Bada edozein kasutan beste datu bat Endroke Arrigorriaga talde honen osasun une oparoa adierazten duena. Eskolak antolatu eta ematen ditu, umeekin lan garrantzitsua aurrera atereaz. Harrobi lana beraz bideratzen da bai Abusuko auzoan dagoen klubaren egoitzan eta baita Arrigorriagako eskoletan ere.
Talde hau halere, ez da salbuespena Bizkaiko eremuan. Hainbat herritan lantzen da egun xakea, eta esan bezala, friki izatearen zurrunbilo hori desagertuz doa. Desagertuz edo garrantzia galduz. Izan ere frikiaren kontzepzio hori gizarte etiketa baino ez dela ulertzen dute xakelariek. Arbitrario bezain hutsala. Kirola izatea edo ez izateak bezainbeste garrantzi du.