"Zortzimilakoak pilatzea baino gehiago da mendizaletasuna, ardura etiko baten praktika behar du"

Iker Zabala

-Alberto Iñurrategi (Aretxabaleta, 1968) euskal mendizaletasunaren instituzioa dugu. Erronka berriak burutzeko grina izan da beti gipuzkoarraren ezaugarri.

-Bere azken abentura proposamena, Transantartika 2011. Groenlandia eta Antartida gurutzatu nahi ditu bere taldearekin batera Iñurrategik, orotara 7000 kilometro baino gehiago taldearentzat berria izango den teknikarekin.

-Mendizaletasunaren eta oro har, abenturaren perspektiba tradizionalen berreskuraketaren aldeko azaldu izan da hainbatetan Alberto Iñurrategi.

 

kirolak_11_05_04

 

Transantartika 2011, maiatzaren 9an hasi eta hilabete ugariz  luzatuko den proiektua dugu, ez dakit labur labur azaldu ahalko zenigukeen zertan datzan.

Aurtego urte hontarako, bi helburu dauzkagu: lehenengoa eta hurbilen daukaguna Groenlandianan zeharkaldia egitea, eta bigarrena jada Antartidan beste zeharkaldi bat burutzea. Lehen helburu horretan gaude orain zentratuak, Groenlandiako hegoaldean dagoen Narssaq herritik aterako gara, eta 2300 kilometro urrunago dagoen Thule-rako zeharkaldia egin nahi dugu.

Horretarako trineoak erabiliko dituzue, haizea baliatzen duten kometekin hornituak, 200 kilo inguruko pisua izango dutela uste dut. Norvegian entrenatzen egon zaretela zabaldu da, gailu hauekin trebakuntza hobetzeari begira.

Groenlandian eramango ditugun trineoak arinagoak izango dira, 80-100 kilo inguruan ibiliko dira. Egia da kometen kontu hau berria dela guretzat, bai, ez daukagu esperinetziarik, eta horrek esigitzen du bere teknika, jakin egin behar da modu egokian menperatzen. Hortarako Norvegian izan ginen urte hasieran, Pirinioetan ere egin ditugu irteera batzuk, benetako proba edozein kasutan Groenlandian bertan izango da, ea nola doakigun.

Espediziokideak ohikoak izango dituzu, bai Mikel Zabalzarekin bai Juan Vallejorekin ere hainbat erronka bideratu dituzu. Koordinazio mekanika guztiak erabat markatuak dituzue, imaginatzen dut elkarrekiko konfidantza jada arrakastarako beste argudio bilakatu dela.

Urteak dira elkarrekin gabiltzanak, beti jende ezagunarekin errazagoak izaten dira gauzak.Ez dut uste hortik arazorik etor daitekeenik.

Antartidan jadanik ohikoagoak diren erronkak izango dituzue, batez ere alpinismoaren elementu horiek izango direlako tartean.

Egia da, halere, Antartidakoa buruan daukagu baina ez diogu apenas formarik eman. Groenlandiako esperientzia baloratu nahi dugu, test bat izango da eta bertako egoerei aurre egiteko modua ikusten badugu, gure buruak seguru ikusten baditugu, orduan jada hasiko gara Antartidako beste abentura horrengan pentsatzen. Orain beraz arduratzen gaituena Groenlandia da, ez da huskeria, 2.300 kilometro dira, guretzat erabat berria den espezialitate batean. Ideia egin dezazun, zeharkaldi hau 10 aldiz baino ez da egin, eta hor ibili direnak jende aditua izan da. Konpromiso handiko erronka da guretzat eta burua hortan baino ez daukagu.

 


Azken urteetan eta orokorrean zuen ibilbide guztian mendizaletasunean egon zarete barneraturik, himalayismoan batez ere. Ez dakit ze amakomuneko puntu dagoen zuen ibilbideko erronken eta abentura berri honen artean.

 

Elementu asko daude amankomunean, adierazle garbia da ez garela lehen himalayistak horrelako zeharkaldia burutzen saiatzen direnak. Gure aurretik Hillary edo Messner-ek esaterako saiakera egin dute, biak Groenlandia eta Antartidan ibili ziren Himalayan aritu ondoren, eta jadanik etxean, Jose Carlos Tamayok ere egin ditu tankera hontako irteerak,  Txus Lagok ere bai... hotzean ibiltzen, inguru naturalarekin kotaktu zuzenean, ohituak gaude, gustatu egiten zaigu. Kasu honetan, kometak, eskiak... horrek baditu elementu aski interesgarriak abentura bizitzeko, eta erronka polita modu duin batean planteatuz gero, Himalayako beste jarduera batekin ezingo da agian konparatu, baina horrenbeste emozio sorraraziko digula uste dugu.

Ze balorazio egiten duzu azken garaietan piztu den zortzimilakoen sukarraz? Garrantzitsu da edozein kasutan, horrelako abenturak ere planteatzea, zortzimilakoak pilatzearen tendentziaz aldentzen direnak?

Zortzimilakoak pilatzea baino askoz gehiago da mendizaletasuna, ardura etiko baten praktika behar du. Ez dakit nik azken garaietan ardura hori ez dugun bazterrean utzi, utzikeria adierazle ugari izan ditugu. Nik uste batez ere atzetik datozen belaunaldiei beste eredu batzuk utzi behar dizkiegula, eta ez pilatu beharra, gailurrak matatu beharra; nork azkarrago, nor den gazteena edo zaharrena nonbaitera heldu dena... nik uste balore aberasgarriago batzuk badirela hor, guk gure aurretik izan zirenengandik jasoak. Niri gustako litzaidake, edozein kasutan, gure ondorengoei jasoriko balore horiek uztea.

Iker Zabala

2011, Maiatza 04
Arloa: Berba Bi