Olinporako bidean

Kontaizu

a2kir1.jpg


a2kir2.jpg

Aurtengoa denboraldi bikaina izan da euskal txirrindularitzarentzat. Hamiltonen antolatu zute Munduko txapelketan Igor Astarloa atera zen garaile, eta Joane Somarribak urrezko domina lortu zuen erloju kontrako proban. Sopelakoa ari da egindako lanaren ordaina jasotzen. “Ezin dut sinetsi, ezin dut sinetsi”, horixe zen bere ahotik ateratzen zen esaldi bakarra. Hainbeste sufrimenduren ostean, azkenean lortua zuen urrezko domina. Hamilton. Txirrindularitzako Munduko txapelketa. Barre eta malkoen artean ospatu zuen Joane Somarribak erloju kontrakoan eskuraturiko lehen postua. Hilabete batzuk igaro dira ordutik hona. Ametsetan oraindik podium-era igo zen unea gogoratzen duela dio. Ez du mementu hura hain erraz ahaztuko. “Nolabaiteko fijazioa neukan proba horrekin. Veronako proban zazpigarren amaitu nuen errepideko proban, eta Lisboakoan erorketa batek lehen hiru postuetatik kanpo utzi ninduen. Baneukan, bai, arantzatxoa kentzeko gogoa”. Pozik sumatu dugu. Bere buruarekin eroso. Iraganean geratu dira hasiera urte beltzak, kasik txirrindularitza utziarazi zion lesioa, babesleak lortzeko arazoak, atzerrian emandako urte luzeak… Hala ere, gailurrera iritsi arte emandako urratsak kontatzea gustatzen zaio berari. Ez da sekula ahaztu behar nondik gatozen, nora goazen. Gainera, txirrindularitzan hasi berriak direnek zer ikasi izan dezakete hortik. “Etxean, txikitatik jaso nuen bizikletarekiko zaletasuna. Aita eta osaba txirrindula gainean ibilitakoak ziren. Zazpi urte nituenean erosi zidaten lehenengo bizikleta, eta orduan hasi nintzen lehiatzen. Hasieran jolasa moduan hartzen nuen: eskolartekoetan lehiatu, lasterketa ostean familiarekin bazkaltzera joan… Ugeraga taldean nenbilen orduan, eta ordukoaz oso oroitzapen onak ditut”. Halako batean, Espainiako txapelketan lehiatzen ikusi zuen bere burua. Hamabost urte zituen, eta lehen proba handia irabazi zuen. Eta konturatu zen joku moduan hartzen zuena zerbait serio bilakatzen ari zela. Entrenamenduak zorrotzagoak bihurtu ziren, kontrola handiagoa. Baina berak gogotsu egin zuen aurrera.

a2kir3.jpg

 

Italiara jauzi

Alabaina, errealitateak ez zuen bere aurrekuspenekin bat egiten. “Halako batean ohartu nintzen Euskal Herrian jarraituz gero ez nuela etorkizunik izango. Adinean gora egin ahala, lehiatzeko taldeak falta ziren. Mutilek profesionaletan aritzeko arazorik ez zuten; aldiz, emakumeentzat ez zegoen ezer. Horregatik, Italiarako bidea hartu nuen”. Hasieran, gogorra egin zitzaion. “Etengabe bidaiatzen egotea nekeza egiten zitzaidan. Nahiago nuen etxean taldea eduki, eta orduan bai, kanpoko nahi beste probetan aritzea. Gainera, hizkuntzara eta herrialdera ohitu nintzen arte, denbora behar izan nuen”. Egokitze lan horietan, ezinbestekoa izan zen talde kideen laguntza. “Elkartasun handia erakutsi zidaten. Taldearen parte nintzela sentitu nuen”. Modu horretan, Alfa Lum bere bigarren familia izatera igaro zen. Laster etorriko ziren lehen emaitzak. 1999an lehen Giroa irabaziko zuen Joanek, eta hurrengo urtean Italiako proban ez ezik Frantziako Tourrean nagusituko zen. Hurrengo hilabeteetan, komunikabideek ez zioten bakerik eman Sopelakoari. Eta aukera horretaz aprobetxatuko zen emakumeen txirrindularitza promozionatzeko, ordua arte hedabideetan minutu bat bera eduki ez zuen kirola. Beti bezala, esker hitzak eduki zituen familiakoentzat. “Haiek barik ez dakit egin dudan guztia egitera iritsiko ote nintzen”. Ordutik aurrera, Joaneren ibilbideak goranzko joera hartu zuen. Aipatu hiru sariei beste bi Tour (2001ekoa eta aurtengoa) gaineratuko zitzaizkion. Asko dira Sopelakoa Miguel Indurainekin alderatzen dutenak, eta konparazio hori entzutearekin batera gorritu egiten da. “Nahiko nuke nik haren herena izatea! Benetan, biziki miresten dut Miguel. Azken urteetako txirrindularirik onena iruditzen zait, eta berak lorturikoa ez du parekorik”. Lorturiko emaitza onei esker, azken denboraldiak etxeko taldeekin lehiatzeko aukera eman diote Joaneri. Une honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Durangaldeko Txirrindularitza Elkartearen babesa duen Bizkaia Panda Software taldean dabil. Aurrerapausu handia iruditzen zaio Sopelakoari, baina oraindik egiteko asko dagoela azpimarratzen du. a2kir4.jpg

 

Agurraren atarian

Istorio on guztiek dute amaiera bat, eta berea hortik gertu dagoela uste du Joanek. Senarrak (Ramon Gonzalez Arrieta txirrindulari ohia) urte bat gehiago jarraitzera animatzen du, baina Joanek hartua du erabakia: datorren urtekoa izango da bizikletara igoko den azken denboraldia. Dagoeneko pentsaturik dauka nola agurtuko dituen urte hauetan, une onetan zein txarretan, bere ondoan izan dituen zaleak: Atenasko Joku Olinpikoetan dominaren bila aterako da. Horixe izango litzateke hain ibilbide emankorra amaitzeko modurik ederrena. Hala ere, oraindik izango du zertan lan egin. “Emakumeen txirrindularitza babesten jarraituko duen talderen bat egotea gustatuko litzaidake, nik hasieran aurkitu nituen oztopoak izan ez ditzateten, eta, era berean, lehiatzeko atzerrira joan behar ez daitezen. Entrenamenduetan zein denboraldiaren egutegia osatzen lagundu nahiko nieke, gaur egungo gazteek ez baitute pazientziarik eta berehala lortu nahi dituzte emaitzak. Baina txirrindularitzan urratsak pixkanaka-pixkanaka eman behar dira, eta gauzak lortzeko lehenik eta behin lan handia egin beharra dago. Hori guztia irakatsi nahiko nieke”.

Argazkiak: Iñigo Azkona

Kontaizu

2003, Azaroa 01
Arloa: Kirolak