“Olatu artean harrapaka”
Itsasoaren inguruan zenbat istorio eder ez ote diren sortu! Kontu horretan, euskaldunok ez gara salbuespen izan. Hori bai, idatziz baino gehiago ahozko tradizioaren iturrietan aurkituko ditugu itsasoari egindako aipamenak. Ez da harrigarria olatuek hainbeste indarra edukitzea gurean. Urteetan arrantzak eduki duen garrantzia gogoratzea (Terranova, baleak, trainerua, hitz gakoak geure historian) nahikoa zaigu itsasoarekiko gurtza hori ulertzeko. Eta lanean bezala, aisian ere itsasoa lagun. Aurreko batean, arraunketaren gainean aritu ginen Izortz Zabalerekin, eta, oraingoan, surfa edukiko dugu hizpide. Surfa Euskal Herrian asmatu ez bazen ere (Hawaii du jatorrizko sorlekua), aspalditik kirol hori nahiko erroturik dago geure artean. Surfa udarako kirola dela uste duena oker dabil. Hain zuzen, neguan ez da probarik egongo, baina surflarientzat ezinbestekoak dira abendutik otsaila bitarteko asteak. Prestakuntza aldetik bai, behintzat. Haietako askok (Euskal Herriko kirolariak barne) lurralde beroetara jotzen dute hilabete horietan, Hawaiira, Australiara eta Zelanda Berrira batik bat, eta hantxe ibiltzen dira, olatu artean harrapaka, hurrengo denboraldia prestatzen. Ez da kasualitatea aipatu bi herrialde horietara surflari guztiak tropelean joatea. Urte osoan olatu paregabeak egoten dira bertan, eta, gainera, uraren tenperatura egokia da urtaro guztietan. Hori bai, hango itsasoan dena ez da ur eta gatz… Galde diezaiotela Eneko Acerori, marrazoen artean aritzea egokitu baitzaio behin baino gehiagotan. Acero anaiak (Iker, Eneko eta Kepa), Hodei Collazo, Iker Fuentes, Aritz Larrinaga… Europako zein Nazioarteko txapelketetan nabarmendu diren surflari finak ditugu Euskal Herrian. Hemengo zenbait probek ere (Mundakakoak eta Miarritzekoak, esate baterako) ospe handia dute kanpoan. Eta hori guztia erakunde baten ahaleginari zor zaio: Euskal Herriko Surf Federazioari, alegia.
Historia pixka bat
Baina jo dezagun hasierara. Alegia, Euskal Herriko Surf Federazioa sortu zeneko unera. 1987an hainbat surf zaletu elkartu eta Surf Federazioaren Aldeko Batzordea eratzea erabaki zuten. Batzorde horren bultzaitzaileen artean, bi pertsona nabarmendu ziren bereziki: Mitxel Verdes eta Jon Susaeta. Garai hartan, surflari trebeak ziren bata zein bestea. Alabaina, Euskal Herrian zegoen lehiaketa faltak oso kezkaturik zituen. Gainera, nazioarteko probetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa zen federazio ofizial baten babesa izatea. Hasiera batean, Espainiako Federaziora jotzea pentsatu zuten, baina elkartea eratze fasean zegoen, eta lehen zeuden bezala geratu ziren Verdes eta Susaeta. Orduantxe konturatu ziren etxean bertan egin behar zutela ahalegina, eta halaxe hasi ziren Bizkaiko Surf Federazioa izango zenaren lehen plangintza zirriborratzen. Ondoko helburuak planteatu zituzten: surfari bultzada ematea, arautzea eta kirolaren biziraupena ziurtatuko zuten gazteak erakartzea. Bizkaiko Surf Federazioak 1988ko urtarrilaren 18an izena eman zuen Kirol Elkarteen eta Federazioan erregistroan. Lau taldek parte hartu zuten federazioaren egituraketan: Mundakako Surf Taldeak, Bakioko Kiroletak, Selandek eta Erauntsi Surf Taldeak. Handik gutxira, Ricardo Duqueren eskutik, Gipuzkoako Federazioa jaioko zen. Bizkaia zein Gipuzkoako elkarteak eratu ostean, bien lana koordinatzeko erakunderen bat beharrezkoa zela konturatu ziren. Eta horrela, urrats bat gehiago emanez, Euskal Herriko Federazioaren alde egin zuten. 1989ko azaroaren 10ean, Bilbon antolatu zuten ezohiko Batzar Orokorrean, erakundea sortzea erabaki zuten. Hilabete batzuk geroago, 1990ko martxoaren 28an, Kirol Elkarte eta Federazioen erregistroan izena eman zuten. Hortik aurrera posible zuten Nazioarteko lehiaketak antolatzea, baita Euskal Herriaren izenean mundu osoko probetan parte hartzea.
Selekzio propioaren alde
Denbora aurrera joan ahala, Euskal Herriko Surf Federazioa errealitate ez ezik erakunde sendo eta emankorra bihurtu da. Urtean zehar hainbat txapelketa antolatzeaz gain (ekainetik azarora bitartean izaten dira), gaztetxoentzako ikastaroak antolatzen ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzarekin. Era berean, Euskal Herrian dauden eskolak (Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin zehar sakabanaturik daude) koordinatzen ditu. Baina dena ez da hain baikorra izan azken urte hauetan. Hain zuzen, Espainiako Surf Federazioa indartzearekin batera, Euskal Herrikoak hainbat oztopo gainditu behar izan ditu nazioartean bere presentzia ziurtatzeko. Selekzioaren kontuak ere zenbait buruhauste eragin dizkio. Espainiakoak ez du Euskal Herrikoa legezkotzat jotzen, eta Euskal Herriko Federazioak argi dauka ez duela bere aldarrikapenetan atzera egingo, batetik, Euskal Herriko surflariek Euskal Herriaren izenean lehiatzeko eskubidea dutelako, eta, bestetik, Espainiako Federazioak orain arte ezer gutxi egin duelako estatuko surfa bultzatzen. Gaur egun, ondoko kirolariek osatzen dute Euskal Herriko selekzioa: Aritz Larrinagak (bodyboard), Iker Fuentesek, Jon Garaik, Ana Urrutiak, Kepa Alvarezek, Miryam Imazek, Aritz Aranburuk, Kepa Acerok eta Gorka Yarrituk. Hainbeste olatu kontuk surfarekiko irrika piztu badizu, ondoko helbidean informazio gehiago jasotzeko aukera daukazu: EHSF (Euskal Herriko Surfing Federazioa-Basque Country Surfing Federation) Julian Gaiarre 44 48004 Bilbao (BIZKAIA) Tfno: 94 4735125 Fax: 94 4735253 Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 Posta elektronikoa:ehsf@euskalsurf.com www.euskalsurf.com Surf eskolei dagokienez, ondokoak aurkituko dituzu Bizkaian: Uribe Kostako Bodyboard Elkartea Harremanetarako: Fidel Llano (Idazkaria) Tfnoa: 650 83 31 90 Helbidea: 57 Posta kutxa 48900 Algorta Posta elektronikoa: info@abuk.org www.abuk.org Bakio Surf Taldea Harremanetarako: Jokin Arroyo (Idazkaria) Tfnoa: 670 05 81 92 Faxa: 94 619 31 61 Helbidea: Bakioko Kultur Etxea 48 130 Bakio Posta elektronikoa: jokina@inicia.es www.bakio.com/bst Barrika Surf Taldea Harremanetarako: Javier Bizkarguenaga (Lehendakariordea) Tfnoa: 617 46 75 64 Faxa: 94 677 36 00 Helbidea: Javier Bizkarguenaga Dr. Luis Libano 8-3. F 48940 Leioa Posta elektronikoa: barrikasurftaldea@kzgunea.net Erauntsi Surf Taldea Harremanetarako: Floren Isla (Lehendakaria) Tfnoa: 658 75 54 72 Helbidea: Daniel Pereda 2-5.D 48980 Santurtzi Getxo Surf Taldea Harremanetarako: Iñazio Etxebarria Tfnoa: 606 08 88 74 Faxa: 94 602 35 42 Helbidea: Karidade kalea 1- 14. departamentua 48990 Algorta Posta elektronikoa: getxosurftaldea@hotmail.com Mundakako Surf Taldea Harremanetarako: Euken Iturri Larruzea Tfnoa: 94 687 68 41 / 615 74 96 05 Faxa: 94 687 68 41 (ostiralak eta larunbatak, 19:00etatik 21:30era) Helbidea: Joseba Deunaren kalea, 2 48360 Mundaka Posta elektronikoa: mst@euskalnet.net www.mundakasurfclub.com Ogoñope Surf Taldea Harremanetarako: Kerman Gonzalo Tfnoa: 94 625 47 00 / 639 538 798 Helbidea: Kultur Etxea Ibaeta auzoa, 4 48311 Ibarrangelu Posta elektronikoa: ogonope@terra.es www.surf.to/ogonope Peña-Zuri Surf Taldea Harremanetarako: David Bustamante (Idazkaria) Tfnoa: 94 676 06 11 Faxa: 94 463 11 83 Helbidea: Biritxienea, 16 48650 Barrika Posta elektronikoa: zumotrol@yahoo.com www.bizi-bizirik.com Sopelako Arrietara Surf KlubaHarremanetarako: Gaizka Arias Marin Tfonoa: 607 31 10 05 Posta elektronikoa: koroldream@hotmail.com