Atletismoa: Antzinako Egiptotik gaur egun arte iraun duen kirola
Hasi gara denok asteak zenbatzen, oporrak noiz iritsiko zain. Ez da plan makala aurtengo udak proposatzen diguna: Eurokopa, eta, jakina, Olinpiar Jokoak. Azken horiek izena eta izana eman zien hiriak jasoko ditu, Atenasek alegia. Eta zein da Olinpiar Jokoek jaso zuten lehen kirola? Atletismoa, nola ez bada. Horretaz jardungo dugu ale honetan: atletismoaren sorreraz, ezaugarriez eta Euskal Herrian duen oihartzunaz. Antzinako Egipton eta Mesopotamian jada atletismoa nahiko zabaldurik zegoen (K.a. 3.000. urteaz ari gara, pentsa, lehendabiziko Olinpiar Jokoak hasi baino milaka urte lehenago!). Halaxe adierazten dute zenbait tenplu eta hilobitan aurkituriko margoek. Alabaina, goiko klaseetako kideek bakarrik praktika zezaketen atletismoa (lasterketa ez ezik, arku jaurtiketa eta akrobaziak biltzen zituen). Hain zuzen, faraoiaren zein gorteko kideen heziketan ezinbestekoak ziren jarduera fisikoak. K.a. 2100-1.100 urte bitartean Kreta irlan bizi zen zibilizazioan ere aurki daitezke atletismoaren aztarnak. Euren kulturan zezenak garrantzi handia zeukan (minotauroaren legenda ordukoa dugu), horren adibide garbia da garai hartan “asmatu” zuten kirola: orduko atletek zezenen gainetik salto egiten zuten. Dena den, gaur egun ezagutzen dugun atletismoa Antzinako Grezian jaio zela esan daiteke, k.a. 776. urtean Olinpia hirian estreinakoz antolatu zituzten jokoen eskutik. Hasieran, maratoia edo distantzia jakin bat kontuan harturik egiten zen lasterketa zen joko haietako proba nagusi eta bakarra. Gizonezkoek soilik parte har zezaketen, eta biluzik egiten zuten korrika. Batzuek datu hori erabili dute emakumeak hain proba garrantzitsutik zergatik baztertu zituzten azaltzeko, baina, egiazki, bestelako arrazoi batengatik gertatu zen hori: sasoi hartan, Olinpiar Jokoak erlijioari estu loturik zeuden, Olinpia hiria bera Zeus jainkoaren omenez eraiki zuten, leku sakratua zen beraz, eta gizonak baino ez zituen onartzen. Urtean zehar egiten ziren zenbait jaialditan kontrakoa gertatzen zen, hau da, emakumeak bakarrik lehiatzen ziren. Argosen antolatzen zen Heraean jaialdia dugu horren adibide.
Denbora aurrera joan ahala, Olinpiar Jokoen egitura nabarmen aldatuz joan zen kirolarientzat goi mailako hitzordu bihurtzeraino. 1896. urteko apirilaren 6an aro modernoko lehen Olinpiar Jokoak antolatu zituzten Atenasen, eta egitarauan bederatzi kirol besterik ez zeuden. Horietako bat atletismoa zen, baina gizonezkoek bakarrik parte har zezaketen. 1928a arte itxoin behar izan zuten emakumeek Jokoetan lehiatu ahal izateko, baina euren probak nahiko mugatuak ziren. Urteekin, geroz eta urrats gehiago egin dira berdintasunaren alde, eta, gaur egun, emakumeak eta gizonezkoak kasik maila berean lehiatzen direla esan daiteke.
Ba al dakizu...
nondik datorren maratoi hitza? Legendaren arabera, k.a. 490. urtean Greziak Pertsia garaitu zuen Maratoiko batailan. Garaipenaren berri albait arinen eman behar zioten Atenasi, eta Pheidippidesen esku utzi zuten egiteko hori. Greziakoak korrika bete zituen Maratoi eta Atenasen artean zeuden 35 kilometroak, baita lehertuta amaitu ere. Helmugara iritsi zenean, “irabazi dugu” esan eta hantxe bertan hil zen. Benetako historia are txundigarriagoa da. Egiazki, Pheidippesen egitekoa Espartako armadari laguntza eskatzea zen. Pertsiako soldaduek bidean aurkitu zuten guztia suntsitu eta Atenasera iritsiak ziren. Espartaren babesa lortu ezean, jai zuten greziarrek. Pheidippesek bi egun behar izan zituen Atenastik Espartara zeuden 240 kilometroak egiteko, alferrik gainera, Artemisaren omenezko jaialdia antolatzen ari zirela-eta Atenasi laguntzea uko egin baitzioten Espartakoek. Pheidippesek 240 kilometroak egin behar izan zituen atzera, burumakur, albiste txarrak baitzeramatzan etxera.
Atletismoa oinarrizko kirola kontsideratzen dute, hau da, gizakiak egin ditzakeen oinarrizko mugimenduak kontuan hartzen ditu: ibiltzea, korrika egitea, jauzi egitea eta jaurtiketa. Hain zuzen, atletismoan hiru diziplina nabarmentzen dira: lasterketa, jaurtiketa eta jauzia. Horren arabera, sailkapen ofizialak ondoko kategoriak bereizten ditu: lasterketak, hesi-lasterketak, martxa, jauziak, jaurtiketak eta proba konbinatuak. Era berean, proba horiek estalitako gune batean ala aire librean praktika daitezke. Gurean, atletismoak kirolari handiak eman ditu. Martin Fiz, Diego Garcia (bihotzekoak jota duela urte batzuk zendu zen atleta ezagunari egindako elkarrizketa irakur dezakezue hurrengo helbidean: http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2000/13/01_Zentrala/index_html, Kamel Ziani, Llanos anaiak, Virginia Berasategi (triatletari elkarrizketa egin genion 3. alean), Naroa Agirre (pertika jauzilariari buruz gehiago jakin nahi baduzu, hona hemen duela gutxi egin dioten elkarrizketaren helbidea: http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/Mugi/Mugi10)... Sarean atletismoarekin lotura duten hamaika atari aurki ditzakezue. Jarraian, zenbait helbide erabilgarri bildu ditugu: http://www.educanet.net/privado/euskera/recreo/deportes/atletismo.htm Euskal Herrian zein Estatuan dauden federazioen datuak, arautegiak... aurkituko dituze bertan. http://www.clubbhm.com Bilboko Herri Maratoia elkartearen orria duzue. Bilbon egiten diren lasterketen egutegia eta atletismoarekin zerikusia duten albisteak biltzen ditu. http://www.herrikrossa.com Bizkaian, Nafarroan, Gipuzkoan zein Araban dauden taldeen berri ematen du. Estatu Batuetan ikasi, eta, aldi berean, kirola praktikatzeko asmoarekin bazabiltzate, College Sports Agency delakoak beka programa interesgarria dauka. Beka lortzeko ondoko baldintzak bete behar dituzue: 1. Batxilergoa amaiturik eduki behar duzue (horixe frogatzen duen ziurtagiria izatea ezinbestekoa da). Bigarren Hezkuntzan zein Heziketa Profesionaleko moduluetan dabiltzan 15 eta 20 urte bitarteko kirolariek ere eska dezakete beka. 2. Gehienez sei hilabeteko epea igaro izana unibertsitatean matrikulatu zinetenetik. 3. Maiztasun finko batekin praktikatzen duzuen kirol horretako txapelketetan parte hartu izana. 4. Estatu Batuetan gutxienez urte bete ikasten egoteko asmoa izatea. 5. Osasun arazorik ez edukitzea. Informazio gehiagorako, ondoko helbidera jo dezakezue: http://www.collegesportsagency.com