Joxe Rojas - Gakoa ikusgarritasunean dago
"Sare zabaleko erdaldun guztiek, baina batez ere euskaldunok, ikusi behar dugu beste euskaldun asko ari direla gauzatxoak egiten interneten: politak, itsusiak, interesgarriak, batere gatzik gabeak... baina ari garela, naturaltasun guztiarekin."
- Joxe Rojas Granja. Barakaldon jaio zen, 1971an. Ortuellan bi urte pasa ondoren, Etxebarrira joan zen bizitzera orain arte.
- Tenopata.net-eko lehen sarrera 2007ko uztailaren 27koa da. Bertan eta aurretik zeukan Hamaika Ikusteko blogean batera publikatu zuen.
- Etxebarriko San Antonio auzoko ikastetxean ikasi nuen eta Batxilergoa Basaurin. Euskara ere orduantxe, familia erdaldun elebakarra baitu. Kazetaritza ikasi zuen EHUren Leioako kanpusean.
- Teknologia berriak, zientzia-fikzioa, umorea (toke beltza badu hobe), kazetaritza eta komunikazio kontuak, zinema... dira bere interesak
Zure Interneteko etxea edo txokoa hobe esanda Teknopata.net bloga da. 2008an elkarrizketatu genizunetik nola aldatu da? Zer suposatzen du zuretzat orain?
Uste dut aldaketa handiena dela gutxiagotan idazten dudala, eta idazten dudanean luzeago, sakon(xe)ago egiten dudala.
Hasierako asmoa han-hemenka aurkitzen nituen katxarrito eta bitxikerien berri ematea zen, horrelakorik ez bainuen euskaraz beste inon ikusten. Hori egiten jarraitzen dut, baina gehienetan Twitter erabiltzen dut horretarako, edo Facebook. Lehen ez dakit zelako errobot baten bideoa jartzeko hiru parrafoko sarrera bat asmatzen ibiltzen nintzen. Orain lotura twitterrera bota eta akabo. Blogean idaztera jartzen naizenean patxada gehiagorekin jartzen naiz... eta horrek esan nahi du gutxiagotan jartzen naizela.
Garrantzitsuena hori da nire ustez, Gero, ba tira, Wordpressekin eginda dago, eta sistemak berak aldaketak izan ditu ordutik, tripetan-eta. Diseinu aldaketa pare bat ere izan ditu... baina aldaketa nagusia horixe: gutxiagotan idazten dudala eta patxadatsuago-edo.
Oraindik gogoratzen dut Mac-aren sistema eragilearekin gertatu zitzaizun gertakaria, baina beharbada jende askok ez du ezagutuko, azalduko zenuke?
2003-2004 inguruan zaletu batzuk Mac OS X sistema eragilearen interfazea euskaratzen ibili ginen gure kabuz. Macuarium izeneko foro batean eta Librezalen ere topo egin ondoren, norbere kabuz egiten ari zen lana batu eta deskargatzeko moduan jartzea erabaki genuen.
Itzulpena bera zein itzulpena sisteman instalatzeko sistema Applek berak eskaintzen zituen tresnekin egin genuen, ulertuta hartarako aukera teknikoa ematen bazuen, berez ez zegoela aparteko problemarik. Instaladore batzuk sortu genituen Mac OS Xen interfaz grafikoa eta oinarrizko hainbat aplikaziori euskaraz funtzionatzeko aukera gehitzeko. Erraz esaten da baina ordu piloa eman genuen itzulpenak doitzen, instaladoreak nola sortzen ziren ulertzen, eta abar. Azkenean dena prest zegoenean, artxibo guztiak dohainik deskargatzeko moduan jarri genituen.
Eta handik hilabetera-edo, Appleren sail legalaren gutun bat jaso genuen, eskerrak emanez interesagatik, baina azalduz Mac OS X euren produktua zela eta gu ez ginela nor haren gaineko lan eratorriak egiteko, eta euren softwarea euskaratzeko artxiboak saretik berehala kentzeko aginduz. Handik hilabete batzuetara zehaztuko zutela 'komunitatearen ekarpenak' bideratzeko modua eta orduan abisatuko zigutela. Halaxe egun genuen.
Zazpi urte pasata, gaur egun Mac OS X da euskaraz erabili ezin daitekeen ordenagailuetarako sistema 'nagusi' bakarra, Linux eta Windows euskaraz baitaude.
Euskararen munduan murgilduta egon zara baita sarean ere, zein dira esparru horretan egindako azken sareko ekimen interesgarrienak?
Oso zaila egiten zait aukeratzea, eta lehen momentu batean beti iruditzen zait azken boladan ez dela ezer berririk egin. Baina pentsatzen jarriz gero, oso ekarpen polit eta interesgarriak daude. CodeSyntax-ek garatutako UMAP aplikazioa oso interesgarria iruditzen zait: Twitter bezalako sare batean hizkuntza guztietan dagoen anabasaren artean aukera ematen digulako euskaldunoi elkar ikusteko. Eta nire ustez kontu hori gakoa da: funtsezkoa da sarean gabiltzan euskaldunok beste batzuk ere badabiltzala ikustea, eta horiengana hurbiltzeko modua erraztea. Garai batean euskarazko blogetan zer mugitzen zen jakiteko AURKIra jo behar zen, ba horixe bera da UMAP, baina Twitterrera begira.
Egunotan BEHARSAREA.NET ere deskubritzen ari naiz, Getxoko EGIZU taldeak sortu duen lana bilatu eta eskaintzeko sarea. Ez da horrelako lehenengoa, noski: BILALAN bezalako adibideak ere hor ditugu, baina honek tokiko osagai oso indartsua du, komunitate 'fisikoarekiko' lotura estua, eta uste dut horrek aparteko balioa ematen diola. Ikusi beharko da zer bide egiten duen, baina ideia gisa oso interesgarria iruditzen zait.
Umorea ez zaizu falta, #euskalporn bezalako ekimenak garrantzitsuak al dira zuretzat?
Nik uste dut umorea oinarrizkoa dela. Beti ari gara nahi dugula jende gehiago euskaraz aritzea, sarean zein kalean, eta milioika batzar, batzorde, txosten eta plan estrategiko egiten ditugu. Baina horiek denak alferrik dira jendea ez baduzu 'engantxatzen'. Eta engantxe horretarako umorea behar da, bai ala bai.
Gero beste kontu bitxi bat da zer joera dugun euskaraz egiten den guztiari halako handitasun eta transzendentzia kutsu bat emateko, ezta? Konturatu gabe ere egiten dugu. Euskalporn ez zen 'ekimen' bat! Konturatu orduko eskuetatik ihes egin zigun uneko harrikada bat izan zen, aparteko pretentsiorik gabekoa.
Freskotasuna falta zaigu sarritan, gauzak larregi pentsatu gabe egitea. Interneteko guru handienek ere esaten dute, ezta? Bideoblog baterako dirutza gasta dezakezu ez dakit nolako bideo profesional bat egiten, eta akaso 200 bisita izango dituzu. Baina gero etxeko katua jartzen duzu komuneko kazolan txiza egiten eta horrek milioi bat bisita lortzen du egun batetik bestera. Ez diot bata ala bestea egin behar denik soilik, baina iruditzen katuaren ildo hori ahaztu samar dugula euskarazko edukiei dagokienez.
Ikus-entzunezko beste proiektu batzuetan ere murgildu zara, Nickdutnik eta Kameratoia kasu, nondik dator joera hau?
Bueno, oso bide ezberdinetatik etorri dira bata eta bestea. Kameratoia, nolabait esateko “laneko kontu bat” da. TOPAGUNEAren Haur eta Gazte Sailak gazteen sormena bultzatzeko hainbat ekimen ditu martxan, tartean ikus-entzunezkoak euskaraz sortzeko KAMERATOIA. Teknopata izanda, hasiera-hasieratik liluratu nau horrenbeste ordenagailu eta katxarrito batzen diren hitzorduak, eta horrek beharbada eraman nau egitasmo horretan laneko beste batzuetan baino zertxobait gehiago inplikatzera.
Nickdutnik-ekoa 'atrako' txiki bat izan zen. Saioa egiten zuen jendearekin harremana egina nuen KAMERATOIA zela eta ez zela, LOST IN BILBAO web telebista egiten zuten garaitik. Saio pilotoa prestatzeko blogari euskaldun bat behar zuten eta deitu egin zidaten, printzipioz saioan elkarrizketatu gisa agertzeko.
ETBk argi berdea eman zionean, taldea konturatu zen asko zekitela bideogintzaz, baina oso gutxi interneteko panorama euskaldunaz. Nire telefonoa bazutenez, laguntza eske deitu zidaten, hasiera batean gidoilari lanetan aritu zitekeen norbait ezagutzen ote nuen galdezka... eta gero nik neuk zuzenean laguntzeko... eta tira, ordutik bi urte igaro dira jadanik! Egia esan faltan sumatzen nuen 'benetako' kazetaritza lana (bulego eta kudeaketa kontuetan nabilelako batez ere), eta oso gustura hartu nuen enkargua.
Euskal Interneteko komunitateko langile amorratua zara, zein izan daitezke hurrengo urteetako gakoak, komunitatea egonkortzeko eta hazteko?
Zaila da esatea, baina tira... nik uste dut gakoa ikusgarritasunean dagoela. Sare zabaleko erdaldun guztiek, baina batez ere euskaldunok, ikusi behar dugu beste euskaldun asko ari direla gauzatxoak egiten interneten: politak, itsusiak, interesgarriak, batere gatzik gabeak... baina ari garela, naturaltasun guztiarekin. Horretarako bi kontu iruditzen zaizkit oso garrantzitsuak: .eus domeinua, zorte apur batekin laster izango duguna, eta teknika aldetik gailu mugikorretara pasatzea.
Nik dakidala, euskarazko argitalpen bakar batek ere ez du oraindik mugikorretatik erraz irakurtzeko moduko bertsiorik. Eta hori larria da. Smartphone eta tableten eztanda orain gertatzen ari da, orain ari gara gailu horietako eduki kontsumo ohiturak hartzen. Eta ohitura horiek erdaraz garatzen baditugu, alferrik etorriko da euskarazko ez dakit zer aldizkari bi urte barru bertsio mugikor batekin...
Bukatzeko, demagun galduak dituzun gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenukete bertan?
Bueno, naizen beldurtiarekin, lehenengo eta behin toki ezkutu hartatik irteteko bidea! Eta gero, ba ez dakit: azken boladan egunero falta zaizkidan bizpahiru orduak, txikitako Exin Castillos erraldoi hura, liburutegira joan eta bertan irakurtzeko ohitura...