Abiadura betean

Kontaizu

kir11_01.jpg


kir11_02.jpg

Ez dago zehatz jakiterik noiz sortu zen skate-a, baina, data bat eman behar izatekotan, aurreneko skater-ak 1960. hamarkada hasieran agertu zirela esan daiteke, non eta Kalifornian, surflariek hain gogoko duten zonaldean. Hain zuzen, surflariak izan ziren asfalto gainean patinatzen lehenak, eta, ondo pentsatuta, kontuak badu bere logika. Itsasoa barea baino egoera aspergarriagorik ez zegoen surflarientzat, horrelakoetan nekez harrapa baitzezaketen taxuzko olaturik. Beraz, eguraldiak gehiegi laguntzen ez zuen egunetan, zereginik gabe egoten ziren surflariak. Baina, halako batean, surflari horietako batzuei beren taulei gurpil txiki batzuk itsastea bururatu zitzaien. Modu horretan, olatu bako egunetan, asfalto gainean praktika zezaketen euren teknika. Jakina, estreinako patinete haiek sortzeko surf taularen neurriak erreferentziatzat hartu zituztenez, tamainaz nahiko handiak atera zitzaizkien. Baina, pixkanaka-pixkanaka, patineteen diseinua hobetuz joan ziren gaur egun duten itxurara iritsi arte.

kir11_03.jpg

Nahiz eta hasieran skate-a denborapasa xume bat besterik ez zen –orduko hartan nekez imagina zezaketen kirol izatera irits zitekeenik-, denbora gutxian gazte ugari erakartzea lortu zuen. Free style edo araurik gabe aritzen ziren patinete gainean, baina egoera horrek ez zuen luze iraun. Patineteek gazteen artean zuten arrakasta ikusita, 1965etik aurrera zenbait enpresek gurpildun taula haiek ekoizteari ekin zioten. Era berean, orduantxe hasi ziren lehen txapelketa ofizialak antolatzen, eta, jakina, horretarako skate-a nolabait arautu egin behar zen. Skate-atik bizitzea oraindik pentsaezina zen, baina, behintzat, kirol kategoriara pasa zen. 70. hamarkadan bultzada handia jaso zuen skate-ak. Horretan zerikusi handia izan zuten argitalpen berezituek, Skateboarder aldizkariak batik bat. Kirol berriari buruzko erreportaje sakonak, skater trebeei egindako elkarrizketak, txapelketen gaineko informazioa... Kirol berriaren inguruan gertatzen zen guztia biltzen zuen argitalpenak. Alabaina, gutxi iraun zuen skate-aren beroaldiak. Txirrindularitzan zein motorren munduan gertatu ziren berrikuntzen ondorioz –mendiko proben agerpena, motokrossa-, bigarren plano batean geratu zen. Egun batetik bestera, praktikatzeko pista barik geratu ziren skaterrak. Komunikabideek, berritasunaren bila beti, bazter batean utzi zituzten patinatze probak. Askok pentsatu zuten hura skate-aren amaiera izango zela, baina une larrienetan beti dago norbait egoerari buelta emateko gai dena. Kasu honetan ere, halaxe gertatu zen. Hamarkada amaieran, Kaliforniako kostaldeak pairatu zuen lehortea zela-eta Gobernuak igerilekuak urez betetzea debekatu zuen. Igerileku huts haiek patinetearekin aritzeko probaleku ezin hobeak bilakatu ziren, eta, hain zuzen, haien forma imitatuz sortu zituzten 80. hamarkadan ‘U’ delakoak, ‘u’ baten itxura duten pistak alegia. Patinetearekin errepidean zehar ibiltzea erraz ikas zitekeen, baina ‘u’ batean aritzea… Hori beste kontu bat zen. Bertikalean patinatzeko trebetasuna baino zerbait gehiago behar zen, halaxe frogatu zuten urte haietan skate-an nabarmendu ziren kirolariek: Steve Caballerok, Tony Alvak, Tom Simsek, eta Tony Hawkek. Azken hori, hamabi urte besterik ez zituenean nazioarteko zirkuitoen jaun eta jabe egin zen. 90. hamarkadatik hona, skate-a profesionalizatzeko urrats garrantzitsuak eman dituzte. Egia da oraindik gutxi batzuk besterik ez direla kirol horretatik bizi –Amerikako Estatu Batuetan Europan baino profesional gehiago daude-, baina teknologiari esker patineteetan egin diren berrikuntzek zein babesle pribatuek agertzen duten interes geroz eta handiagoak, gauzak aldatzeko bidean direla adierazten dute. Gainera, aurten lehen aldiz Olinpiar Jokuek skate probak jaso dituzte. Bada zerbait.

Kontaizu

2004, Urria 01
Arloa: Kirolak