Izotz gainean irristaka
Europako iparraldean, mendetan zehar, izotz gaineko irristaketa oso zabaldurik egon da. Garai batean, negua iristearekin batera, jendearentzat ez zegoen laku izoztuen gainean irristaketan aritzea baino denborapasa hoberik. Hasieran, bakarka aritzen zen jendea irristaketan, baina denborarekin taldeetan antolatu, elkarren lehian hasi eta horrela sortu zen izotz hockeya. XIX. mendean gertatu zen hori, eta kirolaren izena, hockey, jokalariek metalezko diskoa bultzatzeko erabiltzen duten egurrezko makilatik (frantsesez "hocquet") dator. Urteekin, garai hartan finkatu zituzten joku arauak zertxobait aldatu dira, eta oro har hauetxek ditugu: - Talde bakoitzak ezin ditu sei jokalari baino gehiago eduki pista gainean –atezaina, bi defentsa, bi alero eta zentral bat-. Faltak direla-eta, jokalari kopurua gutxitu egin daiteke. - Partidak 20 minutuko hiru atal dauzka, 15 minutuko atsedenaldiekin. Atal bakoitzean jokalariek atez aldatzen dute.
Kanadan, Amerikako Estatu Batuetan zein Errusian sekulako arrakasta duen izotz hockeyak zaletasun gutxi pizten du aipatu herrialdeetatik kanpo. Euskal Herria dugu horren adibide. Gaur egun, gurean, hiru izotz hockey talde profesional daude: Gasteizko Hockey kluba, Donostiako Txuri Urdin eta Angeluko Hormadi. Lehen biak Espainiako Superligan ari dira, maila onean aritu ere. Baina kirol arloan erakusten ari diren bikaintasuna nekez aurkituko dugu taldeen egitura osatzen duten gainerako esparruetan. Izan ere, gasteiztarrek eta donostiarrek kostata lortzen dute aurrera egitea. Horren arrazoia? Betikoa: dirua. Arazo ekonomikoak zirela-eta, denboraldi hasieran desagertzeko zorian egon zen Gasteizko taldea. Azken orduan Gasteizko udalak eskaini zien 12.000 euroko dirulaguntzari esker, nolabait, 2004-2005eko konpromisoei aurre egiteko nahikoa adore eskuratu zuen zuzendaritza taldeak. Baina jakin badakite Udaletik jasotako laguntza unean uneko lasaigarria besterik ez dela, eta hurrengo urtean, berriro ere, taldearen biziraupenagatik borrokatu beharko dute. Txuri Urdinek ere ederki asko daki zer den ekonomikoki estuasunean bizitzea, baina orain arte inoiz ez da Gasteizkoen ataka berean aurkitu. «Izotz hockeyaren munduan aritzea ez da inolako pagotxa», dio Juan Zubeldia Txuri Urdineko lehendakariak. «Taldea mantentzeko bakarrik aurrekontu handiak behar dira, baina jasotzen diren dirulaguntzak oso txikiak dira. Beraz, egoera aldatu ezean, estuasunean bizitzera kondenaturik dago izotz hockeya». Izotz hockeyko talde batek, gutxienez, 70.000 euro behar ditu denboraldi bati aurre egiteko –jokalarien ekipajeak eta izotz zelaiaren mantentze lanak ordaintzeko-, kopuru irrigarria gaur egun futbolak mugitzen duen dirutzarekin konparatuz gero. Taldeek noiz edo noiz pentsatu izan dute bestelako diru sarrerak bilatzea, enpresa pribatuekin publizitate kanpainak hitzartu eta abar, «baina izotz hockeyak interes gutxi pizten du hemen. Pentsa, zaleekin bakarrik arazoak ditugu! Donostian izan dugun sarrerarik onena 60 lagunekoa izan da, NHL-ko (AEBetako Hockey Liga Nazionala) partida arrunt batek hogeita hamar lagun inguru biltzen dituenean. Egia esateko, inbidia pixka bat ematen du horrek», azaldu du Zubeldiak.
Txuri Urdineko lehendakariaren arabera, jendeak interes pixka bat gehiago jarriko balu, aise lortuko lukete publiko eta harrobi sendoa egituratzea. Bere ustez, izotz hockey-a kirol arras entretenigarria da, ikuslea berehala engantxatzen duten horietakoa. Zubeldia bera da horren adibide. Orain dela urte batzuk ezer gutxi zekien kirol honetaz, harik eta bere ilobak izotz hockey-an jolasten hasi ziren arte. Hasieran, partidetara laguntzen zien, gero taldeko bazkide egin zen eta gaur egun Txuri Urdineko lehendakaria da. Zentzu horretan, gainerako hiriburuetarako dauden proiektuei begira –Iruñean izotz jauregi bat eraikitzen hasi dira; Bilbon, berriz, horrelako pabiloi bat egiteko planoak diseinatuak dituzte dagoeneko-, itxaropentsu ageri da Zubeldia, iziotz hockeya zenbat eta gehiago zabaldu orduan eta ezagunago egingo baita. Izotz hockeyan interesaturik bazaude, Donostiako Txuri Urdin zein Gasteizko Izotz jauregiek ikastaroak eskaintzen dituzte. Taldeekin haremanetan jarri gura baduzu, hauetxe dituzu euren kontaktuak: Txuri Urdin: 943 292675 Gasteizko Izotz Hockey taldea: 945 28 42 84