Abiada betean

Kontaizu

kir19_1.jpg


kir19_2.jpg

Ikusmin handien pizten duen kiroletako bat dugu automobilismoa, eta, gutxi barru, abiada betean aritzen diren auto zirraragarri horiek gertutik ikusteko aukera izango dugu. Izan ere, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, uztailaren 15etik 17a bitartean World Series delakoak jasoko ditu Bilbok. Horretarako, Zorrozaurren hasi eta Bilboko hainbat kale hartuko dituen zirkuitoa diseinatu dute. Probaren nondik norakoen berri izateko, Udalak telefono zenbaki bat -902 18 17 29- eta web orri bat - www.bilbaourbancircuit.com- jarri ditu herritarren eskura. Automobilismoaz ari garela, ezin dugu ahaztu etxean bertan auto kontuetan maisu den Ander Vilariño. Iaz, maiatzean, garaipen txundigarria lortu zuen Wold Series-etan –bera lehiatzen den kategorian-, eta orain bere helburu nagusia Bat Formulara iristea da. Auto kontuetan batere trebeak ez direnentzat esan dezagun World Series-ak Bat Formularen azpiko kategoria dela. Agidanez, errepide zaletasuna familia kontua da Vilariñotarrenean. Izan ere, Ander Andres Vilariño pilotuaren semea da, eta Angela Vilariñoren anaia, hura ere auto kontuetan buru-belarri sartua. «Izugarri miresten dut aita kirol honetan erakutsi duen ilusiogatik, profesionaltasunagatik eta seriotasunagatik. Asko ikasi dut berarengandik», azaldu du. Hiru urte besterik ez zituela hasi zen Ander abiadurarekin zaletzen, eta lau urterekin jada parte hatu zuen bere lehen lasterketan, Irunen. Garai hatan, bere kategorian txapeldun izan zen, eta orduz geroztik argi eduki du automobilismoa dela bere bizitza.

kir19_3.jpg

«Nire ametsa Bat Fomulan lehiatu ahal izatea da, baina jendeak ezin du imajinatu zeinen zaila den hara iristea. Ez da Lehen Mailako futbol talde baten kide izatea bezala, are konplexuagopa da. Futbola adibidetzat harturik esan daiteke Bat Formulan aritzea dela munduko hogei futbol jokalari onenen artean egotea. Ronaldo ala Beckham izatea, alegia». Iaz Montmelon lortu zuen garaipenak ametsa betetzetik gertuago sentiarazi zuen gipuzkoarra. «Ikaragarria izan zen. Gauzak ondo egin ditzakedala baieztatu zidan probak; ziurtasun handia eman zidan lehen postuan egoteak». «Errepidera ateratzen direnean, pilotu guztiek ideia bakarra dute buruan: garaipena. Bestela, etxean geratuko lirateke», dio Anderrek. Berak ere irabazle mentalitatea du, nahiz eta jakin badakien zaila dela toki bat egitea automobilismoaren munduan. «Zaila da honetatik bizitzea. Zenbait aldagai bat etorri behar dira horretarako: pilotu ona izan, talde baten babesa eduki, zorte handia izan... Gainera, dirua behar da. Pilotua baino garrantzitsuagoa da baldintza teknologiko batzuk betetzea, eta, horretarako, baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dia. Dirurik gabe, ezinezkoa da aurrera ateratzea».

kir19_4.jpg

Ametsak eduki arren, oinak lurrari ondo lotuta ditu Anderrek. Autoari denbora dezente eskaintzen dio -«egunero hamabi ordu inguru», diosku-, baina ondo zaintzen du bere etorkizuna. «Ekonomiako 5. maila ikasten ari naiz Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan. Bestetik, denbora librean eskia praktikatzea gustatzen zait. Zinemara joatea ere gogoko dut, eta lagunekin ateratzea. Automobilismoa pasioa dut, baina agi daukat ezin naizela horretara bakarrik dedikatu. Ez, baldintza hauetan. Bizi ere egin behar da». Ez da txarra bere filosofia.

Kontaizu

2005, Maiatza 01
Arloa: Kirolak