Markos Untzeta

Gotzon Uribe

Markos Untzeta herrialde anglofonoetan hezitako musikaria da. Ingalaterran igo zen lehen aldiz taula gainera. Londres eta inguruko hirietan ibili ez ezik, Bahametara ere iritsi zen bere gitarrarekin. Euskal Herrira bueltatzean berriro euskaraz idazten hasi zen.

Bere musikak garbi erakusten du zein den bere bidea: pop-rock estiloa blues-folk ukituekin. Hauek izan dute eragina berarengan: Bob Dylan, Neil Young, Bruce Springsteen, Van Morrison... Orain bere hirugarren lana den "Mississippi" (Hotsak 2011) diskoa aurkezten digu. Abesti bero eta ederrez jantziriko disko txukuna.

Oraina baino ezer okerragorik zaila zait irudikatzea.

Ofizioaren inguruan dabiltzanen hitz politetatik kanpo, ez daukat ezer.

markos_untzeta_2

Pasatu dira urtetxo batzuk aurreko diskotik, zertan ibili zara denbora honetan?

Gora-behera asko izan dira. Grabaketa hasi, eta handik gutxira, ahotsean arazo bat zela eta bertan behera utzi genuen egitasmoa. Bitartean nire alaba Lore jaio zen -Ander semeak hiru urte ordurako- eta orduan ez nuen ikusi presaren beharrik. Alaba hasi, ahotsa berreskuratu, eta estudiora itzuli orduko bi urte igaro ziren. Diskoetxerik gabe Mikel Errazkinen heriotzak Hirusta egitasmoa zintzilik utzita, gauzak beste ikuspuntutik hartzera behartuta ikusi nuen nire burua, eta egoeraren abantailak aztertuta, hauetaz baliatu nintzen diskoaren mesederako. Batez ere nahasketa prozesuan. Estudiotik etxera ordubeteko bidea neukan, denbora aproposa diskoa osorik entzuteko itzuliko bidean, eta ikuspegi egokiarekin nabardurak eransteko lanari osotasunik kendu gabe.

Susmoa neukan ez genuela zure berririk izango. Badirudi musika gaur egun zenbaki handietan ulertzen dela, gauza handietan. Zure musika moduko gauza eder bezain txikiak "marginalia" batean geratzen direla dirudi.

"Marginalia" baino okerrago. Hitz horrek mantentzen du horrelako duintasun bat. Behintzat norbaiti axola zaiolaren irudia ematen du. Nire kasuan, ofizioaren inguruan dabiltzanen hitz politetatik kanpo, ez daukat ezer.

markos untzeta_1Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Petti, Joseba Irazoki...bakoitza bere estiloan, bere bidean, hurbil bezain urrun. Zer deritzozu Euskal Herrian gaur egun dugun kantagintzari?

Piztiak, Keu, Anari, Gari, Ruper... niretzat ez da inoiz egon halako aniztasunik nork bere munduaren ikuskera adierazteko orduan, nork bere eran. Tamalez, ez dago musikari hauen lana zuzenean entzuteko, nire kasuan entzuleriari eskaintzeko, aukera gehiegirik.

Disko honetan ere zure betiko lagun musikariak izan dituzu, Pit, Juan, Dani...ezinbestekoak dituzu zure abestiei behar duten "tonua" emateko?

Bai. Ez dut inor ezagutzen nire lengoaia musikaletik horren hurbil, bai jarrera aldetik ere. Amateur hutsak gara, hitzaren zentzu guztietan ere. Ez dugu askorik eskatzen alderdi materialetik, baina maitasun guztia eskaintzen diogu gure onena kantuak sortzeari, prestatzeari eta grabatzeari. Bestalde, betiko musikari talde bera gara, Saul barne, eta hamar urte daroaguz elkarrekin hazten, nor bere esparruan. Gero eta hobeagoak gara gure ofizio honetan, eta hori nabaria da "Mississippi" diskoan.

Zeri kantatzen dio Markos Untzetak?

Kantuak idazteko orduan ez dut ezer aurrez pentsatuta. Egon naiteke aldi bat ezer idatzi gabe, ideiak mamitzen. Halako batean, eztanda bat dator eta pare bat astetan kantuak baino ez ditut buruan. Konturatzen naiz ideia bat nagusitzen dela eta, pentsamendu hori gidari, patxadaz kantu multzo bat hasten naiz osotzen orain bai, gai bati lotuta. Orduan, angelu ezberdinen bila, ikuspegi ahalik eta osoen bat osatzen saiatzen naiz, ideia nagusi horren inguruan. Narratibatxo bat garatu kantuekin, elkarrekin irudi oso bat adierazten duten koadro isolatuak batu, edo lotura estua ez duten kantu bilduma bat komeni den edo ez erabaki eta azkenean, azken kantu zerrenda bat itxita, estudiora sartzen naizenerako oso ondo dakit zer nahi dudan.

 


Abesti bakoitzak bere istorioa dauka disko honetan, horrela al da?

 

"Gaua basamortuan" edertasunaren bila bizimodu bohemio baten bitartez abiatzen den bidaia bat kontatzen du. "Zenbat euri" bizimodu hori atzean utzi eta beste berri bati lotzeari kantatzen dio, honek dakarren galera, eraberritze eta irabazia. "Mississippi" lanean, noizean behin bisitan ditudan izpiritu batzuk lagun -Robert Jonhson, Buddy Hollie, Elvis Presley, Hank Willians...- , ibaiak irudi metaforiko bezala duen indarraz baliatuz, aurrera doan bizitza, zera adierazi nahi izan dut, denbora igaro ahala pertsonok elkartu egiten gara zubiak eraikiz. Igaro honek azkenean zubiak suntsitzen ditu ibaiak bere bidea jarraitzen duen bitartean. Zer geratzen da? Ezer gutxi... ahaztura ez bada.

Diskoaren estetika-irudiari dagokionez, gogora ekarri dit Neil Young heldu baten irudia.

Irudiek goian adierazi nahi dudana islatu behar zutela pentsatu nuen. Diskoak maite dudan musikari omen ere egiten dio neurri berean kantuak baitira ahanzturaren aurka baliatu ahal dugun elementuetariko bat. Horretarako paisaia ezberdinak saiatu naiz iradokitzen: "Mississippi" beraren delta (rockaren jaiotokia) eta bere inguru eta bilakaerak, New Orleans, Nashville, Menphis...

Elvis, Buddy Holly, rag-time musika, cabaret...aspaldiko garaietara eramaten diguten erreferentziak dira hauek. Beste garai batean imaginatzen al duzu zure burua?

Nire nortasunaren alderdi bat bai, kantu idazlearena alegia.

"Kantu leunak nahi nituzke jarri" kantatzen du Ruper Ordorikak. Zure kantu hauek ere leunak bezain beroak iruditzen zaizkit.

Ondo esana! Nahasketan bi helburu nituen nagusi: sentiberatasuna, alde batetik eta bestetik, intentsitatea helaraztea entzuleari.

markos_untzea_3_diskoa"Mississippi" deitzen da diskoa. Badirudi erredentzioaren metafora dagoela honen atzean.

Bakardadetik erortzen diren zubietatik, erredentzio bezela ikusten dut nik bluesa. Horregatik kantuaren amaieran Mississippi ibaian behera doana ez dakigu nor den zehazki, kantuaren hasierako narratzailea -blues bat entzuten ari dena- edo bigarren ahapaldian kontaketaren haria hartzen duen ahotsa -Crossroad blueseko Bob (Robert Jonhson bera?)-. Misterioak. Bestalde, ez ahaztu erlijio ezberdinetan urak daukan ezaugarri garbitzailea, bataioan adibidez, urrun joan gabe.

Zein lotura dauka disko honek aurrekoekin?

Ezer gutxi. Maitasun handiarekin eginda dagoela eta berriz ere produkzioaren karga guztiak nire gain egon direla.

Ibaiaren irudia edo metafora asko azaltzen da bai blues zein garai bateko rock diskoetan. Diskoaren kontrazalean zure argazki bat azaltzen da ibai ondoan.

Artibai ibaia Ondarroara hurbiltzen. Kultura bi kantuz eta irudiz elkartuta: amerikarra (blues, folk, country, rockabilly, rocka...) eta euskalduna.

Iruditzen zait Euskal Herrian gero eta interes gutxiago dagoela publikoaren aldetik gauza berriak entzutera eta deskubritzera. Paradoxikoa ematen du, Internet sarearen garaian bizi gara, inoiz baino informazio gehiago daukagu. Hala ere kontzertuetara gero eta jende gutxiago hurbiltzen da.

Jendeak gero eta zama handiagoak dituela dirudi, behintzat gure belaunaldikoak. Agian urte batzuk barru agertuko dira berriro, indarberrituta. Gu baino gazteagoak beste zerbaitetan ari dira bitartean. Denborak zer ekarriko digu hemendik gutxira? Nik ez dakit, baino oraina baino ezer okerragorik zaila zait irudikatzea.

 

Gotzon Uribe

2011, Uztaila 15
Arloa: Berba Bi