Uretan blai

Kontaizu

kir21_1.jpg


kir21_2.jpg

Udako beroa iristearekin batera, uretan sartzeko irrikitzen gaude denok, dela itsasoan dela igerilekuan. Gutako gehienontzat uretan aritzea denbora pasa entretenigarria baino ez da, baina badira igeriketa serio hartzen duten hainbat. Horrelakoek, udan ez ezik neguan ere jotzen dute uretara. Euren bizimoduaren parte da igeriketa; zaletasuna izateaz gain lanbide ere badute. Igerilari profesionalez mintzo gara, jakina. Baina goazen igeriketaren historiari gainbegiratu bat ematera. Igeriketa betidanik existitu da, alabaina, XVIII. mende amaiera arte itxoin beharko dugu harik eta lehen txapelketa ofiziala antolatu zuten arte. Tamesis ibaiak jaso zuen lehiaketa hartan Tom Morris nagusitu zen. Britainia Handian gertatu zen hori eta, hain zuzen, hantxe osatu zuten estreinako Igeriketa Elkartea, 1837an zehazki. Mende amaierarako, igeriketa txapelketak Australian, Zeelanda Berrian zein Europako zenbait herrialdetan igeriketa federazioak egituratzen hasiak ziren. Amerikako Estatu Batuetan 1870.eko hamarkadan igeriketa zaleen klubek lasterketak antolatzeari ekin zioten.

kir21_3.jpg

Aro Modernoan egin ziren lehen Olinpiar Jokoetan –Atenas hiriak jaso zituen 1896an- igeriketa ere egon bazegoen proben artean. Dena den, gizonezkoek soilik parte har zezaketen haietan. 1912a arte itxoin behar izan zuten emakumeek igeriketan ere lehiatu ahal izateko. Urteek aurrera egin ahala, igeriketak, kirol gisa, nolabaiteko maila profesionala irabazten joan zen Europan ez ezik mundu osoan ere. Modu horretan, 1973. urtean estreinako Munduko Txapelketa antolatu zuten, eta orduz geroztik lau urterik behin egiten dituzte. Europako Txapelketa pixka bat goiztiarragoa izan zen: 1926an egin zuten lehen aldiz, Budapesten. 1927 eta 1947 urte bitartean bost txapelketa egon ziren; 1950etaik 1974a arte lau urterik behin egitea adostu zuten, baina 1981etik probak bi urterik behin antolatzen hasi ziren. Igeriketa denboran oinarritzen den kirola dugu. Hau da, distantzia jakin bat igerian azkarren betetzen duena ateratzen da probetan garaile. Horregatik, azken hamarkadetan marka berriak ezartzea izan da igerilarien helburu nagusia. Zentzu horretan, gaur egun, hutsean geratu dira bere garaian Duke Paoa Kahanamokuk zein Johnny Weissmullerrek (Tarzan ospetsua) lortu zituzten marka ikusgarriak.

 

Igeriketa estiloak

XIX. mende amaieratik bost estilo biltzen ditu igeriketak: crawl delakoa (estilo librea), bizkarrekoa, bular-igeriketa, tximeleta-era eta alboko besakada. - Crawl estiloaren arabera, igerilariak besoetako bat uretan sarturik du bestea airean duen bitartean, uretan sartzeko prest. Estilo honetan ezinbestekoa da arnasa modu egokian hartzea. - Bular igeriketan, berriz, igerilariak ahuspez doa, besoak aurrera begira, eta haiek atzera mugitzen ditu uretan sartuz. Une horretan zangoak tolesten ditu berriro luzatzeko gero. - Tximeleta-eran igeri egiterakoan, besoak atzera eta aurrera mugitu behar dira uraren gainean. Besoak etengabe mugitu behar dira, eta aldakek uhin-mugimenduak egiten dituzte. - Bien bitartean, bizkarren igeri egiterakoan, igerilaria ahoz gora dago eta besoak alternatiboki mugitzen ditu. Gurean, hamaika klub eta igeriketa talde ditugu. Haien berri zehatza jaso nahi izanez gero, Euskadiko Igeriketa Federaziora jo besterik ez duzu: Euskadiko Igeriketa Federazioa Julian Gaiarre kalea, 50 behea Bilbo Telefono zkia: 94 - 459 81 96 Faxa: 94 - 459 81 97 Web orria: www.eif-fvn.org/eiffvn/natacion.htm

Kontaizu

2005, Abuztua 01
Arloa: Kirolak