Arrautza itxurako baloia jokoan

Kontaizu

kir22_1.jpg


kir22_2.jpg

Erromatarren garaian gladiadoreek jokatzen zuten jokoan du oinarri errugbiak. Harpastum izena zuen. Inperioarekin batera, joko hori Europara zabaldu zuten gladiadoreek. Mendez mende hainbat moldaketa jasan zituen, eta antzeko joko gehiago sortu: soule-a Frantzian, calccio-a Italian eta football rugby-a Ingalaterran. Gaur egungo errugbia football rugby-tik eratorri zen. Legenda baten arabera, William Webb Ellis ikasleak sortu zuen errugbia. Football rugby-a oinekin jokatzen zen, baina partida batean Ellisek baloia eskuetan hartu eta aurrera egin zuen korrika, araudia hautsiz. Ellisen lasterketa horretan hasi ziren betiko banatzen errugbia eta futbola. 1863. urtean gauzatu zen banaketa. Baloia eskuekin jokatzea erabaki zutenek sortu zuten errugbia. Horretara behartzeko arrautza itxura eman zioten baloiari, jokalariek lurrean ostikoka erabili ez zezaten. Futbola sortu zutenek, berriz, baloi biribila erabiltzen hasi ziren, lurrean jokatzeko. Errugbian talde bakoitzaren helburua baloia beste taldearen arean lurrean kokatzea da. Baloia ezin da eskuekin aurrerantz pasatu, soilik alboetara edo atzera, eta talde bakoitzeko jokalari guztiek baloiaren atzean egon behar dute beti. Tantoak gehitzeko lau modu daude. -

Entsegua

: bost tanto balio ditu, eta talde batek baloia beste taldearen arean lurrean kokatzen duenean lortzen da. -

Transformaketa

: entsegua lortu duen taldeak jaurtiketa batez baloia hagetara sartzen duenean lortzen da, bi tanto gehiago balio ditu. -

Zigor kolpe jaurtiketa

: jokalariren batek araudia hautsi duenean epaileak falta adierazten du; baloia jaurti eta hagetara sartuta hiru puntu gehitzen dira. -

Drop-a

: jokoaren edozein unetan, taldeetako batek botelasterrean baloiari ostikada bat eman eta hagetara sartzen denean lortzen da; hiru puntu balio ditu. Euskal Herrian gaur egun gizonezkoetan Miarritze eta Baiona dira punta-puntan jokatzen duten errugbi taldeak. Horiez gain, badira talde on gehiago ere: Donibane Lohizune, Maule, Bokale, Angelu, Nafarroa, Donostiako Bera Bera, Getxo Artea eta Ordizia, besteak beste. Emakumezkoetan taldeak osatzeko arazo gehiago dituzte klubak, baina, hala ere, badira beste hainbat ere: Baionako ASB, Donibane Lohizuneko Olympique, Donostiako Atletiko, Getxo Artea, Baztan, Durango, Mungia, Gaztedi, La Unica eta gehiago. Klub ia guzti horiek dituzte errugbian jokatzen ikasteko eskolak, 6 urtetik gorako haur eta gazteentzat. Errugbia kontaktuan oinarritzen den arren, taldekide eta arerioan artean elkartasuna eta errespetua bultzatzen duen kirola da.

Euskarians, selekzioaren ordezko taldea

Errugbian ere ez dago Euskal Herriko selekzio ofizialik, baina Euskarians taldeak ordezkatzen du lagunarteko partidetan. Bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere, nazioartean ondo lehiatzeko moduko taldea du Euskariansek. Txapelketa famatuenak lau dira: Sei Nazioetakoa (Ingalaterra, Eskozia, Gales, Irlanda, Frantzia eta Italia), Hiru Nazioetakoa (Australia, Zeelanda Berria eta Hego Afrika), Heinecken Kopa (Europako klub onenen artekoa) eta Super12 Liga (Hego Hemisferioko kluben artekoa). Horiez gain, 1987. urtetik aurrera Munduko Txapelketa jokatzen da lau urtean behin. 2007an Frantzian jokatuko da.

 

Jon Ordoñez

kir22_3.jpg

 

Kontaizu

2005, Urria 01
Arloa: Kirolak