"Talde izatasuna estutu behar izan dugu munduko txapeldun izateko"
-
Kayak surf-a piraguismoa eta surfa uztartu egiten dituen kirola da. Olatuen gainean piraguarekin teknikak erakustean datza.
-
Euskadiko selekzioa taldekako munduko txapeldun izan da Ipar Carolinan, Ingalaterra eta AEB-en aurretik. 2007an Bakio eta Mundakan lorturiko garaipena berretsi zuten horrela euskaldunek.
-
Edu Etxeberria (Donostia, 1973), bakarkako txapeldun izan da aurten, Julen Arrizabalaga eta Luis Abando bezalaxe. Open Longboat modalitatean irabazi du Etxeberriak, eta ez da hau bere lehen lorpena, txapelez beteriko ibilbidea baitauka.
Munduko txapelketa jokatu berri duzue Ipar Carolinan, joatean komentatu zenuten gorenera iristea zela zuen helburua, eta jadanik bertan zaudete Euskal Herrian bueltan... eta txapela besapean.
Oso pozik gaude denak. Lehen preliminarretan bigarren geuden, Ingalaterraren atzetik, horrek eman zigun behar genuen amorru apur hori irabazi ahal izateko. Azkenik irabazten bukatu izanak sekulako poza suposatu zuen.
Taldekako garaipenaz ari gara, nola lehia daiteke kayak surf-ean taldeka?
Maila eta kategoriak daude. Guk parte hartzen dugu piragua motz eta luzeetan, eta ondoren junior, neskak, open eta masterrak dira dauden mailak. Denak elkarrekin lehiatzen dira lehenbizi. Gero talde bakoitzeko hiru onenak sartzen dira finalean, eta bertan hiru manga egiten dira. Kategoriaka lehiatzen diren manga hauek zehazten dute taldeari ematen zaion puntu kopurua.
Hastapenetik komentatzen zenuten zuek Euskal selekzioaren talde hau txiki samarra zela, baina oso orekatua kategorien artean...
Bai. Zorte handia daukagu, etxean oso kondizio onak ditugulako, olatu mailaz ari naiz. Eta piraguari dagokionean ere jende asko ibiltzen da. Guk, esaterako, klub nautikoak asko laguntzen digu, 30 lagun baino gehiago gara, urte guztian entrenatzen dugu aktibitate hontan. Izugarri nabaritzen diren faktoreak dira hauek.
Agian harridura sortarazten duen egoera izan daiteke. Euskadiko selekzioa nazioarteko txapelketetan lehiatzen. Nolakoa izan da Euskal selekzioaren ordezkaritza egin ahal izateko bidea?
Luzea da esplikatzeko... azkenik gure kirola asoziazioa da, pribatua, surf-a edo snowboard-a bezalaxe. Horrela, partaide guztion artean mantentzen dugu. Horrek baimentzen du Euskadi bezala parte hartzea. Gero diru laguntza aldetik murrizketa asko izan ditugu, badagoelako dekreto bat Euskadi bezala parte hartzea ukatzen duena nazioarte mailan. Federaziotik eta instituzioetatik hori argudiatzen dute laguntzak ez emateko. Guk jarraitu egin dugu kamisetak saltzen, txosnetan lan egiten... dexente lan egin dugu txapelketa hontara joateko! Federaziotik beti esaten digute esistitzeko Madriletik pasatu behar garela. Kontraesana da, Madriletik pasatu behar gara dirua jasotzeko, eta gure herria ordezkatuta ez digute behar den laguntza hori ematen. Borroka gogorra da, hortan gehiegi sartu gabe egiten dugu lan kirolariok gure arteko talde izatasuna estutuz.
Beraz mintza gaitezke euskal selekzioa mundu mailako potentzia badela kayak surf-aren barnean.
Bai, eta ez da gaur egungo kontua. Hasiera batean ez ginen talde bezala joaten, beraz gure maila ez zen era argian adierazten. Baina 2007an Bakio eta Mundakan izan zen mundiala eta taldeka irabaztea lortu genuen. Denak harrituta geratu ziren. 2009an, Portugalen, somatu genuen Ingalaterra gu irabazteko amorratuta zegoela, egia esan oso ondo ibili ziren eta bigarren gelditu ginen. Eta orain, 2011ko garaipen hau oso garrantzitsua izan da guretzat.
Taldekako garaipen hortan zentratzen ari gara, baina ez dezagun ahaztu zuk ere maila pertsonalean garaipena lortu duzula Ipar Carolinan, open longboat-en disziplinan. Nolakoa izan da hortarako bidea?
Txapelketa hontan denetarik izan da. Ni arduradun bezala joan naiz eta egia esan, beste gauza batzuetan egon naiz zentratuta. Halere, ni oso konpetitiboa naiz, eta asko esigitzen diot beti nire buruari. Horrela laster eliminatu ninduten piruaga txikietan. Horrek indar gehiago eman zidan modalitate luzeetan, amorru gehiago. Azken managa hura oso olatu txarrekin egin zen, eta irabaztea lortu nuen.
Bertan itxi duzue beraz zuen azken erronka, non ezarri beharko genituzke hurrengo xedeak?
Denboraldia hasiko da jadani, munduko kopa hasiko da laister, munduan barrena diren hainbat txapelketa dira, puntuak pilatuz... oso polita da, baina ezin gara proba guztietara joan oso garestia delako. Bestaldea, lanean ari gara hurrengo mundialerako, 2013rako. Australian izango da, eta hori da gure hurrengo xedea.