Ping, tok, pong, tok
Maiz lotzen da mahai tenisa Txinarekin. Ping-pong izena bera txinatarra dela uste du askok. Mahai tenisa, ordea, Ingalaterran sortu zen XIX. mendearen amaieran 1870eko hamarkadan, eta ping-pong izena urte batzuk geroago, James Gibb izeneko atletak asmatu zuen pilotak palaren kontra jotzen duenean sortzen duen hotsarengatik. Txinan izen hori gero hartu zuten, eta kirolari Ping-pong pilota esaten diote. Inon ez dago jasota nork asmatu zuen mahai tenisa. 1870. urtean sortu zen eta tenisetik eratorritako kirola da. Eguraldi txarrarekin ere tenisean jokatu ahal izateko, zenbait tenislariri aterpean mahai baten gainean jokatzea bururatu zitzaiola uste da, tenis klubean bertan. Ziurrenik billar mahai bat erabili zuten lehen aldi horietan. Adituek diotenez, liburuak erabili zituzten mahaia banatzeko, eta pilota jotzeko, puru kaxen tapak. 1884. urtean Ayres Ltd. izeneko enpresak Aretoan jokatzeko tenis jolas txikia merkaturatu zuen eta ondoren gehiago izan ziren jolas moduan saltzen zuten enpresak. XIX. mende bukaerarako jada Ingalaterra osoan zabaldu zen mahai tenisa, eta ingelesek munduan zuten kolonien bitartez, mundura: Indiara, Hego Afrikara eta Australiara batik bat. Mahai tenisean aritzen zirenek, pixkanaka, araudia osatu zuten: palak erabiltzen hasi ziren, zeluloidezko pilotak egiten hasi ziren eta mahaia banatzeko sarea jarri zuten. 1922. urtean Suedian, Frantzian, Galesen eta Europa erdialdeko herrialdeetan mahai tenis txapelketak maiztasunez antolatzen zituzten. Lau urte geroago Ingalaterrako Mahai Tenis Elkartea eta Munduko Federazioa sortu ziren, eta Munduko Txapelketa antolatu zuten Londresen.
Hungariak, Austriak, Ingalaterrak, Indiak, Galesek, Txekoslovakiak eta Alemaniak hartu zuten parte. 300 jokalari aritu ziren, baina horietatik hamalau besterik ez ziren emakumezkoak. Hungariak irabazi zuen txapelketa hura. Pilota ikusi zedin, jantzi zuria ez erabiltzeko eskatu zieten parte hartzaileei. Gainerakoan, ordea, araurik ez zegoen eta jantzi dotoreekin jokatu zuten: gizonezko batzuk alkandorak eta gorbatak erabili zituzten, eta emakumezkoek, soinekoak. Partidak banaka edo binaka jokatu daitezke. Lehen Munduko Txapelketan bikoteka jokatzeari Lau eskuko jokoa esaten zioten. Sakea txandatu egiten da, eta kirolari edo bikote bakoitzak bost aldiz sakatzen du jarraian. Bikoteka jokatzean, bikote bakoitzeko jokalariak txandaka eman behar diote pilotari. 2002. urtera arte, 21 tantoko hiru edo bost joko zituen partida bakoitzak. Urte horretan, ordea, kirola ikusgarriagoa izan zedin, 11 tantoko bost edo zazpi jokora erabakitzen dira. 1988. urtetik aurrera Olinpiar Jokoetako kirola da mahai tenisa. Gaur egun, Txina da kirol horretan herrialde nagusia, baina 1990eko hamarkadan Suediak aurrea hartu zion. Dituen ezaugarriengatik, gutxitasun fisikoren bat dutenentzat kirol oso egokia da mahai tenisa. Gurpildun aulkian dauden jokalariak, euren txapelketa propioak izateaz gain, gutxitasunik ez duten jokalariekin lehiatzen dira. Joko azkarra da, eta erreflexu onak edukitzea exijitzen du. Baina berezko ezaugarriez gain, baldin eta asko entrenatzen bada, pilota efektuarekin botatzen ikas daiteke, aurkariaren defentsa zailagoa egiteko.
Jon Ordoñez