Laban gainean
Badator negua, eta horrekin batera hainbat hiri eta herrietan jartzen diren izotz pistak etorriko dira. AEBetako filmen ondorioz, oso ezaguna da New York-eko Central Park parkean urtero jartzen den izotz pista, baina hain ezagunak izan gabe Euskal Herrian ere badira antzekoak; esate baterako, abenduaren 4ean Iruñeko Antoniutti parkean jarriko dutena edo bi egun lehenago Gasteizko Florida parkean jarriko dutena. Euskal Herrian ez dago izotz pista asko. Angelukoa (Lapurdi), Donostiakoa (Gipuzkoa) eta Gasteizkoa (Araba) dira handienak. Horietan urte guztian izaten da izotz gainean labaintzeko aukera, baina abenduan eta urtarrilean aukera hori ugaritu egiten da. Izotz gainean irristatzeko azpialdean labana duten oinetakoak erabiltzen dira. Eskiatzearen parekoa da izotz gainean aritzea. Indarra hartu, eta pistari itzuliak emanez edo mugimenduak eta ariketak eginez asko gozatzen da. Izotz gainean hiru dira kirol nagusiak. Izotz-hockeya (belar-hockeyaren parekoa), patinatze artistikoa (gimnastia artistikoaren antzekoa) eta abiadura patinatzea (gurpil gaineko patinatzea bezalakoa). Izotz pista publikoak kirol horietan hasteko baliatu daitezke, beti ere arreta handiz, pista dauden gainontzeko pertsonak errespetatuz eta zainduz. Oinetakoetako labana zorrotzak izaten dira izotzean irristatu ahal izateko, eta ez dakineak poliki ibili behar du oreka mantentzen duen arte, eta gelditzen eta bira ematen ikasten duen arte.
Izotz-hockeya
Izotz-hockeya munduko kirol azkarrenetako bat da. Jokalariak 55 km/h-ko abiaduran irristatzen dira, 160 km/h-ko abiaduran mugitzen duten gomazko disko baten atzetik; puck esaten zaio diskoari. Partida bakoitzean bi taldek jokatzen dute, eta aurkariaren atean gol gehien sartzen dituenak irabazten du. Diskoa stick izeneko makilekin jokatzen dute. Jokoaren ezaugarri azkarraren ondorioz, jokalariek erreflexu azkarrak eduki behar dituzte izotz-hockeyean aritzeko, eta horrekin batera patinekin trebeak eta arinak izan behar dute. Kontaktu handiko kirola da, eta jokalariek ondo babestuta jokatzen dute. Gorputza babesteko kaskoa eta eskularruak erabiltzen dituzte, eta bularrean, ukondoetan, belaunetan eta hanketan minik ez hartzeko babesak janzten dituzte. 20 minutuko hiru zatik osatzen dute partida bakoitza, eta ordu laurdeneko bi atsedenaldi egiten dira horien artean. Talde bakoitzeko sei jokalarik jokatzen dute, eta jokoa oso azkarra delako aldaketa ugari egiten dira. Euskal Herrian Angeluko (Lapurdi) Hormadi taldea da puntan dagoena. Frantziako Ligan jokatzen du. Hegoaldean Donostiako (Gipuzkoa) Txuri-urdin taldea da onenetakoa, baita Gasteizko (Araba) Txuri-berri; ere.
Patinatze artistikoa
Parte-hartzaileek akrobazioa mugimenduak egiten dituzte, beraiek aukeratutako musikaren erritmoan. Hiru modalitate daude: banakakoa, binakakoa eta izotz gaineko dantza. Hiruetan ere arinak, zehatzak eta indartsuak izan behar dute parte hartzaileek, eta orekari eusten abilak. Zailtasuna eta dotorezia neurtzen dute epaileek, eta puntuaketa sistema bidez, irabazlea nor den erabakitzen dute Irrist egiteko botak erabiltzen dituzte. Boten azpiko labanak aurrealdean koska txikiak ditu. Koska horiek handiagoak dira banakako eta binakako txapelketatan, jauziak eta txiribueltak errazago egin ahal izateko. Dantzan, berriz, luzeagoak dira mugimenduak errazteko. Talde bat parte-hartzaile batek baino gehiagok osatzen duten modalitateetan (binakakoa eta dantza) koordinazio bikaina erakutsi behar da. Horretarako urte askotan entrenatu behar dute elkarrekin taldea osatzen duten kideek, mugimendu zailenak eurentzat arrunt egiten diren arte. Txiribuelta ugari daude, eta bakoitzak bere izena du: “death drop, axel, lutz, loop eta flip", besteak beste.
Abiadura patinatzea
Izotz gaineko karrera da abiadura patinatzea. Jokalariek ordulariaren orratzen kontrako norabidean ematen dizkiote itzuliak pistari, eta hiru modalitate ditu: banakakoa, erreleboetakoa eta segimenekoa. Helmugara lehen postuan iristen denak irabazten du. Jokalariek 60 km/h.-ko abiadura hartzen dute batzuetan, eta pistaren bihurguneetan barrurantz sartzen dute gorputza pistaren kanpoaldera atera eta denborarik ez galtzeko (edozein pistetan motzagoa da distantzia barrualdean kanpoaldean baino). Bi pista mota daude: motza eta luzea. Motzean jokatzen dira banakako karrerak eta lau edo sei patinatzaileek osatutako taldeen artekoak. 110 metro luzera du pistak, eta banakako karrerak 500 metro eta 3.000 metro bitartekoak izaten dira. Erreleboetan emakumezkoek 3.000 metro egiten dituzte, eta gizonezkoek, 5.000. Pista luzean karrerak beste modu batera jokatzen dira. Esprintean jokatzen direnak 500 edo 1.000 metrokoak izaten dira, eta luzera gehiagokoak 500 metrotik 10.000 metrora bitartekoak. Pista luzean karrera bat irabazten duenari puntuak ematen zaizkio, eta karrera guztiak amaitu ondoren puntu gehien duen patinatzailea irabazten du txapelketa.