Haizea, ur gainean

Jon Ordoñez

kir42_1


kir42_2.jpg

Haizea eta ura dira gizakiak orain dela bi mende arte gehien erabili dituen naturaren indarrak. Urak mugitzen zituen errotak, eta errekarik ez zegoen lekuetan, haizeak egiten zuen. Funtzio bera egiten zuten burnioletan, eta iraultza industrialak azpiegitura horretan oinarrituta hartu zuen lekua Euskal Herrian; ibai arroetan kokatu zen. Erregai begetalen erabileraren garapenarekin baporeak iritsi ziren lehenengo, eta ondoren motorrak, baina orain dela bi mende arte, haize eta ur korronteek bultzatzen zituzten itsasontziak. Horiei esker gizakiak historian lehen aldiz mundua eskura izan zuen, onerako (bizitzeko eta pentsatzeko modu bat baino gehiago dagoela ikasteko) eta txarrerako (herrialde batzuk beste batzuen menpe jartzeko). Erregai begetalak betirako egongo ez direlako eta behar baino gehiago erabiliz gero asko kutsatzen dutelako, berriro ari dira haizea eta ura garai batean zuten funtzioa betetzen, baina ziurrenik ez dute orduan zuten garrantzia berreskuratuko. Hala ere, gizakiarentzat oinarrizkoak eta beharrezkoak ziren garaiko arrastoak badira oraindik gaur egun ere. Arrasto horietako bat da, beste batzuen artean, bela-ontzia. Modu batera edo beste batera, bela handiagoarekin edo txikiagorekin, gizakiak munduko leku gehienetan ikasi zuen haizearen indarra eta ur korronteak bidaiatzeko eta garraiatzeko erabiltzen. Gaur egun aisialdian erabiltzen dira batik bat, eta kiroletan ere lehiatzeko erabiltzen dira. Bela txapelketak jokatzeko bi modu daude: ibilbide motzak eta itsaso arteko ibilbideak. Marinelek, eguraldi aldakorraren arabera, estrategia eta euren ezagupenak erabili behar dituzte besteak baino lehenago iristeko. Haizearen norabidearen arabera, teknika bat edo beste bat aukeratzen dute. Mota eta tamaina askotako bela-ontziak daude. Ibilbide motzetan erabiltzen direnak abiadura handia hartzeko eta azkar biratzeko daude prestatuta, eta itsasarteko ibilbidetakoak itsasoaren gogortasunari eusteko. 1908. urtetik da bela Olinpiar Jokoetako kirola. Olinpiar Jokoetako bela ibilbide motzekoa da.

kir42_3.jpg

Euskal Herrian punta-puntako marinelak daude. Ibilbide motzetan Iker Fernandez hondarribiarra eta Xabier Martinez tolosarrak nabarmentzen dira gaur egun. 2004. urtean Atenasko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuten 49er izeneko txapelketan. Ibilbide luzeetan orain dela gutxi Volvo 5 Ozeano karrera amaitu berri duen portugaletetarra, Unai Basurko. Bilbon hasita munduari bakarrik eman dio itzulia, hiru etapatan, lehenengoan Australiaraino, bigarrengoan AEBetaraino eta hirugarrenean Bilbora itzulita. Marinelak bela-ontzia goitik behera ezagutzea ezinbestekoa da belan. Ibilbide motzetan ezin duelako denborarik galdu, eta itsasartekoetan arazo bat konpontzeko inor izango ez duelako aldamenean. Norabidea edo belak aldatzeko abila izan behar da. Bela-ontziaren oinarria kaskoa da. Intxaur baten azalaren antzeko da, eta hor sartzen dira marinelak eta horri helduta doaz belak. Ontziaren arabera, bela bat edo gehiago egon daitezke. Bela nagusia handiena da, eta mastiletik egoten da zintzilik, ontziaren kaskoan dagoen makilarik handienetik.

Haizeak belaren kontra jotzen duenean egiten du bela-ontziak aurrera, eta norabidea zuzentzeko lema mugitu behar da, eskuinera edo ezkerrera. Itsasontzi guztiek bezala, bela-ontziaren alde bakoitzak bere izen propioa du. Aurrealdeari branka esaten zaio, atzealdeari popa, ezkerrekoari ababor eta eskuinekoari istriborra. Haizerik egiten ez duenean bela-ontzia ez da mugitzen, eta horregatik da garrantzitsua ur korronteak ezagutzea, horiek ere eramaten baitute kaskoa. Badaezpada ere, garai batean arraunak ere eramaten zituzten itsasontzietan, bela-ontziak izan arren, haizerik ez zegoenean aurrera egiteko.

Egin zuk zeure bela-ontzia eta lehiatu lagun artean

Marraztu bela bat paper batean, gehien gustatzen zaizu kolorearekin eta jarri iezaiozu zenbaki bat. Ondoren, kontu handiz, moztu guraizeekin; heldu baten zaintzapean bada, hobe. Itsatsi bela hori txotx bati kolarekin. Intxaur azal bat plastilinaz bete, eta txotxa plastilinan sartu. Etxeko fregaderan edo putzu batean ur gainean utzi. Egiozu putz atzetik eta bela-ontzia aurrera mugituko da. Helmugara lehenengo iristen denak irabaziko du. Erreka batean edo etxeko baineran ere jolastu dezakezu zure bela-ontziarekin, baina horretarako heldu baten zaintzapean egon behar duzu. Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Uztaila 01
Arloa: Kirolak