Bizikletan ibiltzeko, 22 aholku

Jon Ordoñez

kir45_1.jpg


kir45_2.jpg

Bizikletak modan daude. Oraingoa, ordea, ez da soilik uda garaian indarra duen moda. Hirietako trafiko arazoek eta erregaien garestitzeak beste garraiobide batzuk bilatzen hasteko beharra agerian utzi dute, eta bizikletak garai batean izan zuen protagonismoa berreskuratzen hasi da. Dagoeneko ez da soilik haurren kontua bizikletan aritzea. Tamaina txikiko autoak eta argindarrez bultzatutako autoak hasi dira garatzen hainbat lantegietan, baina etorkizuneko tramankuluekin batera, aspaldian asmatutako beste hori ere geroz eta gehiago erabiltzen da: bizikleta. Bizikleta asmakizun modernoa da, baina gurpila asmatu zenetik izan dira antzeko funtzioa bete duten beste tramankulu batzuk. Antzinako Egipton bazegoen jada bi gurpil eta barra batek osatutako makina bat, eta Txinan ere banbuzko gurpildun antzeko beste bat. Bizikleta baten lehen aipamena, ordea, Leonardo da Vincik egin zuen Codex Atlanticus obran, 1490. urtean; kate bidezko transmisioa zuen irudikatzen du zirriborro hark, eta pedal batzuei eraginez ibiltzen zen. Geroztik beste hiru pertsonak parte hartu zuten bizikleta modernoaren asmakuntzan:

-1813:

Karl Christian Ludwig Drais von Sauerbronn alemaniarrak makina ibiltariaasmatu zuen. Eserlekua eta eskulekua ezarri zituen, eta bultzatzeko oinak aurrera eta atzera mugitu behar ziren.

-1939:

Macmillan Kirkpatrick eskoziarrak gaur egungo pedal sistema asmatu zuen. Ez zuen sistema berea egin, eta 1846ean Galvin Dalzellek kopiatu egin zion; hainbat urtez pedal sistemaren asmatzailea Dalzell izan zela uste izan zen horregatik.

-1890:

John Boyd Dunlop eskoziarrak pneumatikoa asmatu zuen Belfasten (Ipar Irlanda), eta gurpil barruko aireak erosoagoa ezin zituen bizikleta bidaiak. Mundu osora zabaltzeko bizikletak behar zuen azken bultzada izan zen.

 

kir45_3.jpg

Behin bizikletan ibiltzen ikasiz gero, ez dela sekula ahazten esaten da. Ikasi duen guztiak badaki, ordea, zenbat kostatzen den hasieran oreka mantentzea. Hasieran komeni da eserlekua jaistea, ikasleak oi-puntekin lurra ukitu dezan. Modu horretan aldapa txiki baten gainaldean jarri eta pixkanaka, oinekin oreka mantenduz, behera jaistea erraza da. Balaztarekin bizikleta gelditzen eta aurrera begiratzen ikasten da horrela. Lehen pauso hori gainditzearekin batera komeni da eskulekua mugituz lehen jira eta birak egitea. Bizikletan ibiltzen ikasteko bigarren pausoa leku lau batean eman behar da. Pedalei eragiten ikastea da hurrengo pausoa. Lagungarri izan daiteke norbaitek eserlekuaren atzealdetik bizikleta eramaten laguntzea, baina eustea bezain lagungarria da bizikleta ibiltzen ikasteko, eserlekua askatzea, eta ikaslea bakarrik joaten uztea. Ikastarorik behar izanez gero, bizikleta elkarte batera jo daiteke: Donostian Kalapie, Bilbon Biziz bizi, Iruñean Hiritar txirrindulazaleak eta Gasteizen Gasteizko bizikleteroak

Segurtasun neurriak, ezinbestekoak

Bizikletak jolasteko ere badira, baina beste hainbat funtzio betetzen dituzte gaur egun. Osasungarria eta ekologikoa da, eta horrek eman dio azken boladan motordun garraiobideekin XIX. mendean galdu zuen indarra. Bizikletaren erabilera zabaldu den momentu honetan, ordea, gogoratu behar da bai errepidean baita espaloietan beste ibilgailu eta pertsona batzuk daudela, eta kontu handiz gidatu behar dela. Afizioz ibiltzeko komenigarria izaten da bide-gorrietan aritzea, eta bide-gorririk ez badago (txirrindu zaleek sare handiagoa behar dela aldarrikatzen dute), ibilgailu gutxi pasatzen diren errepideetan.

 

Lanera edo eskolara joan beharreko bidetik joan behar denez, hirian nahiz hiritik kanpo, arreta gehiagorekin gidatu behar da. Txirrindu zaleak ez du pentsatu behar bere ibilgailuak motorrik ez duelako ez duela berak ere arriskurik sortzen errepidean; zer esanik ez espaloietan. Zentzuduna izan behar da. Hona hemen oinarrizko zenbait arau eta aholku: -Kasko beti erabili. Erorikoa izan ezkero, bizitza salba zaitzake. -Hiritik kanpo, ahal dela taldean aritu. -Bide-bazter zabala duen errepideetan ibili. -Trafiko seinaleak bete, zuregatik eta besteengatik. -Abiadura egokian gidatu; ez bota zure burua aldapan behera, are gutxiago mendateetan. -Egin behar dituzun mugimenduak aldez aurretik azaldu; horretarako eskuak erabili. -Jarri arreta beste ibilgailuengan, izan ere, edozein mugimenduk ezustean har zaitzake. -Aurreko ibilgailuarekiko distantzia egokia gorde. -Eguraldi txarrarekin ez atera, euriak eta iluntasunak ikusiezin egiten baitzaitu. -Nortasun agiriak eta telefono kontaktu bat gainean eraman. -Oinezkoei ere erreparatu, eta behar izanez gero txirrina jo eta oihu bat bota. -Kontuz animaliekin, batez ere txakurrekin eta bide erdian egoten dira abereekin. -Zure atzean kamioiren bat entzuten baduzu, erne ibili, eskuinera baztertu eta eskulekuari indartsu eutsi. -Eskulekua ez askatu. -Gurpilak aldatzeko erremintak eraman. -Karrerarik ez egin errepideetan, are gutxiago bihurguneak dauden zatietan. -Walkmanik ez eraman. Entzumena gidatzeko beharrezkoa da. -Ez gidatu egunsentian edo iluntzean, argi gutxi baitago zu ikus zaitzaten. -Gauez ez gidatu. -Beste txirrindulariak lagundu. -Zure gorputzari kasu egin, eta tamainako ibilbideak prestatu. -Aldez aurretik, nondik nora ibiliko zaren gertuko norbait adierazi.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Azaroa 01
Arloa: Kirolak