Kirola mingarri bihurtu ez dadin

Jon Ordoñez

kir50_1.jpg


kir50_2.jpg

Kirola egitea osasuntsua da. Inork ez ditu gaur egun kolokan jartzen kirolak gorputzarentzat dituen onurak. Bizitzan beste gauza askorekin gertatzen den bezala, ordea, neurriak ematen dio ariketa fisikoari balio hori. Nork ez du inoiz minik izan kirola egin ondoren? Nor ez da gelditu noizbait gorputza mugitu ezin, kirola jo eta su egin ondoren? Min hori kirola egin ondorengo mina da, ingelesez DOMS (berandutzen den giharretako mina), eta gazteleraz, axubetak. Besoetan, hanketan, lepoan, ipurmasailetan eta direnik ere ez dakigun gorputzeko zatietan, kirol ia guztiek sortzen dute ondorengo mina behar diren neurriak hartzen ez badira, bakoitzak eskatzen dituen mugimendu eta ahaleginek sortuak. Zer dira, ordea, giharrak gogortzen dituzten min horiek? Ariketa fisikoak sortzen dituen zuntz haustura txikiak dira axubetak. Giharrak ahalegin handiegia egiten duenean sortzen dira, ohitu gabe baldin badago batez ere, giharra haziz eta barruan orratz txiki mingarriak daudela sentiaraziz. Bakoitzari bere mailan, kirolari hasiberriari eta beteranoari sortzen zaio ondorengo mina. Minak hartzen duen forma horregatik urte askoan uste izan da azido laktikoak sortzen zituela. Ahalegina egiterakoan gorputzak azido laktikoa askatzen du. Ahalegina etetean eta gorputza hoztean azido hori kristalizatu egiten zela uste zen, eta horrek sortzen zuela mina. Ariketa fisikoak mina samurtzen zuenez, beroak kristaltxo horiek desegin egiten zituela uste zen. Teoria hori, ordea, faltsua da, azido laktikoa ez baita gorputzaren tenperaturarekin kristalizatzen.

kir50_3.jpg

Zientzialariek diotenez, gehiegizko ariketa fisikoak zelulak hausten ditu (antzeko teoria baten arabera, beroak hil egiten ditu), eta zelulen barruan dauden elementuak kanpora ateratzen dira, horien artean, kaltzio eta potasio ionak. Elementu mingarriak dira horiek, eta min horren eraginez hazten da giharra; ariketa amaitu ondoren 24 eta 48 ordu bitarteetan iristen dira axubetak puntu mingarrienera, baina mina bost egunez luza daiteke. Gehiegizko ariketa fisikoak zuntz makalenak hausten ditu, eta irauten duten zuntzak indartu egiten dira. Nola saihestu daitezke, ordea, axubetak? Kirola egin ondoren ura azukrearekin edo bikarbonatoarekin edatea ona zela ere uste zen, baina azido laktikoaren teoria egiazkoa ez denez, etxeko erremedio horrek ez du balio. Kirolaria nahikoa entrenatzen ez denean sortzen dira axubetak, eta bat-batean gehiegizko ahalegina egiten duenean. Horiek saihesteko kirola neurrian egin behar da, pixkanaka-pixkanaka gorputza, zuntzak bereziki, geroz eta ahalegin handiagoak egiteko prestatuz. Kirola egiten hasten denak edo sasoian ez dagoenak lehen aldietan saio suabeak egin behar ditu, gorputza behartu gabe.

Agujetarik ez izateko, garrantzitsua da ariketa egin aurretik eta ondoren giharrak ondo berotu eta luzatzea ere. Berotze ariketen bidez zuntzak ondoren etorriko den ahalegina prestatzen dira. Behin axubetak sortu direnean, ordea, erremedio gutxi dago horien mina leuntzeko. Mina sentitzen den gorputzaren zati hori hozteak lagundu egiten du, izan ere, hotzak (askotan nahikoa izaten da ur hotzarekin bustitzea) hazitako giharra bere onera itzultzen laguntzen du. Izan ere, erabat frogatu gabe badago ere, ustea da zuntz hausturak baino gehiago, mina hausturak sortzen duela. Giharrak ez du indarrik galtzen, mina izan arren. Masajeak jasotzea ere onuragarria izaten da, baita axubetak sortu dituen ariketa modu suabeagoan errepikatzea.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2008, Apirila 01
Arloa: Kirolak