Uraz gozatzeko beste aukera bat

Jon Ordoñez

kir53_1.jpg


kir53_2.jpg

Uretan sartu zenetik ikasi zuen gizakiak igerian, beharra izan zuenetik. Besoak eta hankak, ordea, ez dira beti nahikoa ibai zabalak zeharkatu edo zeharkaldi luzeak egiteko. Harri Arotik erabiltzen ditu gizakiak horretarako ontziak, eta horien ondorengoak dira gaur egun piraguismoan erabiltzen direnak: kanoa eta kayaka. Kirol moduan 1840. urtean sortu zen piraguismoa; J. McGregor eskoziarrak bultzatu zuen. Garraiobide bezala, ordea, urte asko dira gizakiak arraun bat eskuetan hartu zuenetik. Piraguismoan erabiltzen diren bi ontziak dira horren adierazgarri. Kanoa Harri Aroko ontzia da, eta izan duen garapenaren ondorioz, gaur egun erabiltzen direnak Ipar Amerikako indigenek erabiltzen zituztenen antzekoa da. Kayaka, berriz, eskimalek erabiltzen zuten ontzia da, eta ingelesek ekarri zuten Europara.

kir53_3.jpg

Nazioarteko Piraguismo Federazioa 1924. urtean sortu zen, eta 1936. urtean jokatu zen lehen aldiz Olinpiar Jokoetan. Piraguismoak ontzien araberako bi modalitate ditu, baina zein da kanoen eta kayaken arteko ezberdintasunak? Bi ontzi erabat ezberdinak dira. Kanoetako arraunlariek pala bakarreko arrauna daramate, eta horrek esan nahi du alde bakarrean soilik egiten dutela arraun. Hanka bat belaunikatuta aritzen dira. Kayakeko arraunlariak, ordea, eseri egiten dira ontzian, eta bi palako arraunarekin ontziaren bi aldietan egiten dute arraun. Helburua azkarren iristea da, eta bai batean zein bestean koordinazioa oso garrantzitsua da. Ontziak arraunlari bakarrekoak izan badaitezke ere, kanoaren kasuan bikoak ere izan daitezke, eta kayaken kasuan, bikoak eta laukoak. Uda garai oso aproposa da kayak bat hartu eta arraun egiten ikasteko. Euskal Herriko hondartza, aintzira eta urtegi askotan aurki daitezke piraguismo eskolak, eta nola egin arraun erakutsiko digute, ur gainean ahalik eta bizkorren joateko.

Hondartzak, aintzirak eta urteak esan dugu, baina horietan soilik aritu al daiteke piraguismoan? Ez. Ur lasaietan bai, baina ur azkarretan ere bai aritu daiteke; ibai eta errekatan, alegia. Ur azkarretako lasterketak ez dira lerro zuzenean egiten. Ibilbidean hainbat ate aurkitzen ditu arraunlariak, eta horiek saihestuz burutu behar du. Atea bi makilek osatzen dituzte, eta horien artetik pasatu behar du piraguistak, batzuetan ur korrontearen norabidean eta beste batzuetan kontrako norabidean, korrontearen aurka.

Uretatik, lurra

Dena ez da lehiaketa soilik, ordea. Lasterketarik egin gabe, ur lasaiago edo biziagoetan piraguismoak, kirola egiteaz gain, ibaiertz bat ikusteko ikuspuntu erabat ezohikoa eskaintzen digu. Ura dagoen edozein lekuetan, lurretik ura ikusteko aukera zoragarria izaten da, baina gizakientzat are eta zoragarriagoa da uretatik lurra ikustea: ibai bat piraguarekin jaitsi, edo kostaldearen zati bat piraguarekin zeharkatu. Distantzia luzeak egiteko, ordea, asko entrenatu behar da, piraguak besoetako indarra baliatzen baitu, arraunaren bitartez, aurrera egiteko. Hasteko begirale edo irakasle baten zaintzapean egin behar da piraguan, eta gero ere, ondo ikasitakoak izan arren, beti neurtu behar dira indarrak, batez ere ur korronteak egon daitezkeen lekuetan, esate baterako hondartzak. Kirol gozagarria eta aisialdirako aukera paregabea da piraguismoa udan, egun beroetan uraz gozatzeko beste aukera bat.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2008, Uztaila 01
Arloa: Kirolak