"Penalti!!!"
Real Madril eta Osasunaren arteko Espainiako Futbol Ligako partidak zer esan asko eman zuen urtarrilaren 18ean. Epaileak ez zituen adierazi Juanfran Osasunako jokalariari egin zizkioten bi penalti, eta txartel hori bana erakutsita, kanporatu egin zuen jokalari gorritxoa. Hanka sartu zuen epaileak, bi jokaldietan Real Madrileko jokalariek zangotrabatu egin baitzuten Juanfran. Bere hanka-sartzearekin partida Espainiako taldearen esku utzi zuen epaileak, eta penaltiak botatzeko aukera kenduz, Osasunari partida irabazteko aukera ere kendu zion.
Kirol askotan dago daude penaltiak edo antzeko zigorrak. Futbolean erasotzen ari den jokalariari area barruan falta egiten zaionean adierazi beharko litzateke. Kirol askotan izanagatik, ordea, gutxitan da penaltia futbolean bezain besteko zigorra. Izan ere, beste kirol batzuetan baino gol gutxiago sartzen direnez futbolean, penaltiaren garrantzia handiagoa da. Atetik hamaika metrora dago penaltia botatzeko puntua, eta atezainaren aurrean egonik, normalena gola sartzea da.
Eskubaloian, hockeyan eta waterpoloan ere penalti esaten zaie, errugbian zigor-kolpe eta saskibaloian banako jaurtiketak; guztiak dira araudia hausteagatik hautsi duenaren contra adierazten diren zigorrak, baina, izotz-hockeyan izan ezik, besteetan ez dira futbolean penaltia bezain erabakigarria. Horregatik zioten Osasunako jokalariek Real Madrilen aurkako partidaren ondoren garaipena lapurtu ziela epaileak, Juanfrani bigarren penaltia egin ziotenean 2-1 galtzen ari zirenez, bi penaltiak sartu izan balituzte 2-3 irabazten ariko zirelako.
Horrelako eztabaidak ez izateko, FIFAk (Nazioarteko Futbol Federazioa) aztertu izan du inoiz epaileari partida zuzentzeko telebistako kamerak erabiltzeko aukera ematea. Errugbian egiten da, eta jokaldi batean entsegua gauzatu den edo ez ikusten ez badu (jokalari asko pilatzen dira baloiaren inguruan), partida gelditu eta telebistan ikusi ondoren hartzen du erabakia epaileak. Nolakoa izango litzateke futbol partida bat epaileak telebistaren laguntzarekin zuzenduko balu? Batzuk onerako izango litzatekeela diote, justuagoa izango litzatekeelako. Beste batzuk, ordea, futbolak pasioa galduko lukeela.
Zer komeni zaio futbolari, justua izatea edo eztabaida sortzea orain arte bezala denen ahotan egoteko? Agian epaileei eurei galdetu beharko litzaieke, azken finean borrero izateaz gain euren hanka-sartzeen biktima ere badirelako. Denok egiten dugu huts tarteka, baina euren huts-egiteak beste inorenak baino nabariagoak dira, eta ulertezinak ere badira batzuetan (Real-Madril eta Osasunarenn arteko partidan adibidez). Jarrera harroa erakusten dute batzuetan, eta partida zuzendu beharrean, bereganatu egin nahi dutela dirudi. Baina aitortu behar da epaileak erabaki garrantzitsu bat hartu behar duenean, bi taldeetako zaleen eta hedabideen jomugan dagoela, eta jokalariak ere maiz saiatzen dira ziria sartzen.
Epaileak bizkarrean duten presioa oso-oso handia da, eta bideoaren laguntzak arindu egingo luke. Modu horretan, gainera, talde baten alde egin dezan ordaindu egin diotelako susmoak gutxitu egingo lirateke, eta erabakiekin asmatu ondoren, jokalariek ere errespetu gehiago erakutsiko liokete. Talde txikiek ez lukete handien itzala jasan beharko, eta, azken finean, futbolean hobeto jokatzen duenak irabaziko luke. Nolakoa izan behar du futbolak, ordea, justua edo eztabaida iturri?