Tropelean asko begiratzen diogu batak besteari
Ion Pardo Abarzuza, Seguros Bilbaoko txirrindulari afizionatua.
- 21 urte ditu, eta gazte-gaztetik hasi zen bizikletan.
- Lukingoa da, eta Lizarrako ikastolan egin zituen ikasketak; gero mekanika egin zuen Iruñeko Donapea ikastetxean.
- Iaz bost garaipen lortu zituen, tartean Lehendakari Saria.
- Txirrindulari profesionala izateko, 22.000 kilometro egiten ditu urtean.
Elite kirolak ezagunak dira, jende askoren errekonozimendua eta miresmena dute. Horien atzean, ordea, bada egunero-egunero amets bat betetzeko entrenatzen diren gazte asko. Horietako bat da Jon Pardo (Lukin, 1988). 8 urterekin hasi zen bizikletan, Lizarra Txirrindulari Elkartearekin. Jubenilak arte aritu zen talde horretan, eta hemezortzi urterekin, Seguros Bilbao taldean hasi zen, afizionatuetan.
Nolatan hasi zinen txirrindularitzan?
Lukinen zaletasun handia dago. Peña bat ere badaukagu. Eta zaletasun horrek bultzatuta eman genuen izena hainbat gaztek Lizarra Txirrindulari Elkartean.
Aurretik beste kirol batzuetan aritu al zara?
Bai. Futbolean kadeteak arte aritu nintzen, eta pilotan ere aritu nintzen urtebetez. Pilota, ordea, ez nuen gustuko, eta txirrindularitzarekin bateragarria ez zelako utzi nuen futbola.
Sakrifizio handia eskatzen du txirrindularitzak, ordea.
Bai, oso handia. Batez ere, afizionatuetan: urte osoan zehar zaindu behar zara, ahalik eta ondoen egoteko, zer jaten duzun neurtu, asteburuetan kanpora joan... Parrandarako aukerarik ez du ematen.
Zer ezin duzu jan, esate baterako?
Grasa asko duen ezer ere ez: opildegia, txokolatea, litxarreria, txerrikiak... Gainontzean denetarik jaten dugu, baina niri jaki horiek asko gustatzen zaizkidanez, sakrifizioa da, bai, horiei uko egitea.
Zer ematen dizu horren saria?
Emaitza onek. Iaz Lehendakari Saria irabazi nuen, Bidasoako Itzuliko etapa bat, eta beste hiru sari Gernikan, Sopelan eta Villasana de Menan.
Zein da daukazun oroitzapen onena?
Garaipenak, dudarik gabe. Baina horietatik kanpo ere badira beste oroitzapen on batzuk ere, adibidez, ezagutzen duzun jendea eta egiten dituzun lagunak.
Eta zerk ematen dizu amorrua?
Besteak aurrera doazela eta ni atzean geratzea. Baita nik ihes egiteko indarra izan, eta besteak atzetik etortzea; hori guztiok egiten dugu, ordea, tropelaren barruan asko begiratzen diogu aldamenekoari. Inork ez du esaten, gainera, sasoi betean dagoenik; ezustekoa emateko gordetzen dugu hori.
Herrian zer esaten dizute?
Jendeak asko animatzen nau, zer egin dudan eta hurrengo karrera non daukadan galdetzen didate.
Noiz hasten duzu denboraldia?
Otsailetik irailera aritzen gara, baina uztaila eta abuztua izaten dira karrera gehien ditugun hilabeteak.
Nolakoa da tropelaren barruko giroa?
Guztiok ezagutzen dugu elkar, eta giro lasaia izaten da. Hortzak estutzeko unea iristen denean, ordea, ordura arte lagunak direnak aurkari bihurtzen dira.
Zertaz hitz egiten duzue horrernbeste kilometrotan?
Tropelean denetariko txirrindulariak daude. Batzuk buru-belarri aritzen dira karreran pentsatzen, eta ez dute hitz egiten.
Eta zertan pentsatzen duzu zuk?
Karreran bertan asko ez dut pentsatzen. Buruari buelta gehiago ematen zaizkio entrenamenduetan, batez ere ni bezala bakarrik entrenatzen denean. Denean pentsatzeko astia izaten dut.
Zenbat entrenatzen duzu?
Egunero. Oso nekatuta nagoela sentitzen badut, egun bateko atsedena hartzen dut, eta ekainean ere, astebete hartzen dut atseden, udari aurre egiteko. Urtean zehar 20.000 edo 22.000 kilometro egiten ditut.
Eta ez al dizu horrelako batean bizikleta uzteko gogoa ematen?
Tira, egunak eta egunak daude. Inoiz gertatu zait, bai, nekatuta egon eta eguraldi txarra ari duela uztea pentsatzea, baina badakit hurrengo egunean bizikleta hartuko dudala berriro, txirrindularitzan ari banaiz gustukoa dudalako delako.
Gustatzea ezinbestekoa izango da ala?
Bai. Ordu asko eskaini behar zaizkio, eta horretarako beharrezkoa da gustatzea.
Afizionatuetara salto egitea salto handia da.
Bai. Seguros Bilbaora etortzea salto handia izan zen. Aurretik apenas ateratzen ginen Nafarroatik, eta orain karrera gehienak kanpoan ditugu. Gainera, afizionatuetan askoz ere azkarrago doa tropela. Afizionatuetan txirrindulari guztiek entrenatzen dute.
Eta etorkizunari begira, zer gustatuko litzaizuke?
Profesionaletara iristea. Aukerak baditudala uste dut, eta horregatik jarraitzen dut lehiatzen. Orain, ekonomia krisia dela eta, ez da erraza, taldeek diru gutxiago dutelako, baina nik badut pasako naizelako esperantzat.