Beste arrantza mota baten alde
Udaberria iritsi da, eta horrekin batera dator erreka eta ibaietan behera neguan goi mendiak zuritu zituen elurra. Aurtengoa negu euritsua izan da, gainera, eta Pirinioetan iturburu duen ura aurreko urte batzuetan baino handiago dator. Arrantza denboraldiaren garaia da. Normalean martxoan hasi eta uztaila amaitu bitarteko garaia izaten da arrantzarena erreka eta ibaietan, baina azken urteotan geroz eta gehiago ari da ugaritzen heriotzarik gabeko arrantza, eta horretarako eremuetan irailera arte luzatzen da arrantzan aritzeko baimena.
Arrantzaz hitz egiten denean ohikoena da arraina etxera eramaten duenaren arrantzalearen irudia. Zorionez, ordea, arrantza elkarteen lanari esker eta ingurumenarekiko errespetua duten arrantzaleen borondateari esker aldatzen ari da irudi hori. Gaur egun inork gutxik behar ditu erreka eta ibaietako arrainak bizi irauteko, eta geroz eta gehiago dira arrainak harrapatua ondoren, berriz ere uretan askatzen dituztenak. Erreka eta ibaietako arrantza zaletasun bat da gaur egun, eta keinu horri esker kirola ere bada.
Euskal Herriko erreka eta ibaietan amuarrainak eta karramarroak izan dira ikur. Ur-txakurrak ere baziren garai batean, baina industriaren hondakinen eraginez eta ibaien kanalizazioaren eraginez desagertu ziren horiek. Bertako karramarroak ere gutxi geratzen dira (‘amerikarrak' esaten zaienek baztertu dituzte, gorriagoak diren horiek), eta horregatik debekatuta dago bertakoak harrapatzea. Amuarrainak ez du etorkizun oparoagoa: garai batean ugariak baziren ere eta birpopulatzeko lan asko egin bada ere, gutxi geratzen dira, eta Nafarroan esate baterako, iaz bezala aurten ere ezingo da amuarrainik harrapatu.
Adituen arabera aldaketa klimatikoaren ondorioz erreka eta ibaiek garai batean baino ur gutxiago dakarte, eta ur hori, gainera, beroago dator. Baldintza horietan bertako amuarrainak (fario arrunta, edo ‘salmo trutta fario') ez du ugaltzeko baldintza egokirik aurkitzen, eta Gipuzkoako zenbait errekatan, adibidez, amuarraina aurten desagertuko dela ohartarazi dute adituek. Egoera hori ikusita geroz eta gehiago dira heriotzarik gabeko arrantza exijitzen duten arrantzaleak, azken finean kolektibo hori delako arrainen populazioaz eta erreka eta ibaietako uraren kalitateaz gehien arduratzen denetako bat.
Arrantza elkarteak urteak daramate uraren garbitasuna zaintzen, eta orain arrantzale gazteengan heriotzarik gabeko arrantzarekiko zaletasuna zabaltzen aria dira lanean. Ezinbestekoa da horretarako legeak arautzen duen moduan egitea arrantzan, horretarako baimendutako lekuan eta garaian. Aldi berean, gero aske geratuko den arrainak ahalik eta kalte gutxien jasan dezan, uretatik sarearekin jaso behar da, eta amua kentzerakoan tentuz ibili. Kirol arrantzan aspaldi heldu zioten heriotzarik gabeko bide horri, eta harrapatutako arraina neurtu eta pisatu ondoren kirolariek uretara itzultzen dute berriro. Heriotzarik gabeko arrantza probatu dutenek garbi daukate euren zaletasunak eta gure erreka eta ibaiek etorkizunik izatea nahi badute, hori dela arrantza egiteko modu zuzena.