Olatu artean igeri
Eguraldi ona iritsi da uda etorri aurretik, eta horrekin batera epelduko da Kantauri Itsasoko ura. Zeruaren urdina ikusi eta eguzkiaren epeltasuna somaturik, nork ez du nahi bainujantzia jantzi, eskuoihala hartu eta hondartzara joan?
Bizkaian eta Gipuzkoan pasa den astelehenean hasi da hondartza denboraldia, ekainaren 1ean. Uda guztietan bezala, dagoeneko sorosleak eta zaborra biltzeko ontziak prest daude bi lurralde horietako hondartzetan. Lapurdin, ordea, itxaron egin beharko da, izan ere, ekainaren amaiera arte ez dute hasten hondartza sasoia.
Hondartzak prest egon arren, ordea, komeni da eguzki eta bainuzalea ere hondartzara joan aurretik prestatzea. Jolastokia dira gaur egun kostako areatzak bertara joaten direnentzat, baina jolasa jolasa izan dadin, zenbait aholku aintzat hartzea ere komeni da, batez ere uretan igerian.
1.- Uretan sartu aurretik beroketak egin behar dira, batez ere sorbaldan. Kalanbre batek estuasunetan jar gaitzake uretan, eta kontuan hartu behar da olatu eta ur korronte artean araitzeko igerilekuan baino ahalegin handiagoa egin behar dela.
2.- Eguzkitik babesteko krema eman; uretan bidertu egiten da eguzki izpien eragina.
3.- Hondaratzari paraleloan egin behar da igeri, eta ez itsaso barrurantz. Ur korronteen mende ez geratzeko, hondartzatik ez urruntzea komeni da; igeri egiteko ez da ur sakonetan aritu behar.
4.- Krol moduan ari bagara, nondik ari garen begiratu behar da, itsuan aritu gabe, orientazioa galduta itsasorantz joan ez gaitezen. Gauza bera gertatzen da bizkarka ari bagara. Modu horretan, gainera, distantzia ere hobeto neurtuko dugu. Horretarako komenigarria da hasi garen lekuan eta joan nahi dugun lekuan erreferentziak hartzea, hasi aurretik.
5.- Besoak igerilekuan baino gehiago luzatu behar dira, indarra galdu gabe, aurrera egiteko.
6.- Igeri egiterakoan igel hankak janzteko ohiturarik ez daukagun arren, oso lagungarriak izan daitezke itsasoan aritzeko, abiadura gehiago emango digutelako. Gainera, oreka mantentzen ere laguntzen dute, eta gorputza etzan-etzan mantendu ahal izango dugu.
7.- Aholku guztiak aintzat hartuta ere, ez ahaztu itsasoa beti gu baino indartsuagoa dela. Ez da komeni soroslerik ez dagoen hondartzetan bainatzea, edo zaintzarik gabe. Bandera gorria dagoen lekuetan debekatuta dago bainatzea. Edozein kasuetan, itsasoa bare dagoela iruditu arren, ur-korronteak egon litezkeela ez da ahaztu behar. Horregatik komeni izaten da aurretik norbaiti non bainatu daitekeen galdetzea, batez ere hondartzatik bueltan ura itsasora nondik itzultzen den jakin eta kanala horiek sahiesteko.