Bat-bateko heriotza

Jon Ordoñez

Daniel Jarque Espanyol Bartzelonako (Herrialde Katalanak) futbol taldeko jokalariaren heriotzak astindu egin du Espainiako Liga. 26 urteko jokalaria, azterketa medikuak egiten dituena, bat-batean hil da Italian, bere taldearekin denboraldia prestatzeko jokatu behar zuen partida baten bezperan. Harrigarria badirudi ere, ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia. Jarqueren kasuan bihotzekoak eragin dio heriotza, baina beste kasu batzuetan bestelako gaitzak izan dira.
 

 

Bat-bateko heriotza esaten diote sendagileek, eta eliteko kirolarekin zer ikusirik duenik ukatzen dute. Besterik gabe, beste edozein pertsona bezala, bat-batean ere hiltzen dira futbolariak. Horien kasuan, ordea, oihartzuna handia da. Espainiako Ligan orain dela bi urte hil zen jokalari bat azkenekoz, 2007ko abuztuan; Sevilla taldeko Antonio Puerta izan zen, 22 urteko jokalaria. Ligako lehen partida Getaferen aurka jokatzen ari zela, lurrera erori, eta hiru egun geroago hil zen ospitalean.
 

 

Hilabete batzuk lehenago Anton Reid Ingalaterrako Wasall taldeko jokalaria hil zen, lan saio batean. Gauza bera gertatu zitzaion Miklos Feher Portugalgo Benfica taldeko jokalari hungariarrari. Vitoria Guimaraes taldearen kontra jokatzen ari zela, berari ere bihotza bat-batean gelditu zitzaion, eta ospitalean hil zen. Kasurik izugarriena, ordea, Marc-Vivien Foe jokalari kamerundarrarena izan da azken urteetan. 2003. urtean gertatu zen, bere selekzioarekin Konfederazio kopa jokatzen ari zela hil zen, bat-batean, futbol zelaian. Segundu batzuetako kontua izan zen.
 

 

Max Brasilgo Botafogo taldekoa, Cristiano de Lima Brasilgo Dempo Spors taldekoa, Serginho Brasilgo Sao Caetanokoa, Lucas Damian Molina Argentinako Independiente de Avellanedakoa, David di Tomasso Herbehereetako Utrecht taldekoa, Michalin Michael Zipreko Onisilos Sotiras taldekoa… Aurrekariak badaude, baita Euskal Herrian ere: Diego Garcia maratoilaria (Azkoitia, 1961-Azkoitia, 2001) ere bat-batean hil zen entrenatzen ari zela, Azkoitia-Azpeitia maratoi-erdia prestatzen ari zela.

 

Jarqueren heriotza denboraldi-aurre bete-betean gertatu da, hain zuzen, denboraldia sasoi onez hasteko talde guztiek aurretik egiten dituzten prestaketetan: lan saioak, lagunarteko partidak… Opor garaia jokalarientzat ere atseden hartzeko izaten da, eta zaindu behar badute ere, denboraldi-aurrea lan arinarekin hasten dute. Lehenengo egun horien ondoren, hasten dira talde guztiak lagunarteko partidak jokatzen, batik bat, joko erritmoa berriro hartu eta taldera iritsi diren jokalariek bat egin dezaten.
 

 

Jarqueren kasuan (ezta besteetan ere) ez du horrek zerikusirik izan ageri denez. Autopsia egin arte ez da jakingo zerk eragin zuen heriotza (hoteleko logelan zegoen telefonoz hizketan hil zenean), baina medikuek garbi esaten dute bihotzeko gehiago izaten direla kirola ez egiteagatik, egiteagatik baino. Gainera, bihotzekoak edozein adinetan jasan daitezkeela nabarmendu dute, eta tentsio altuak, diabetesak, kolesterolak, tabakoak, alkoholak, drogak eta elikadura kaltegarri batek arriskua handitzen duten arren (ez da hori kirolari baten kasua), ezin dela beti arrisku hori aurretik iragarri.

Jon Ordoñez

2009, Abuztua 10
Arloa: Kirolak