Itsasoa, berde eta beltz

Jon Ordoñez

Bukatu da 2009ko arraun denboraldia, eta arraunlariei iritsi zaie atseden hartzeko garaia. Abendua berehala etorriko da, eta berriro hasi beharko dute, jende askok hori ez badaki ere, negu hotzean uda gartsurako prestatzen.

Aurtengo denboraldiak bi protagonista nagusi izan ditu gizonezkoetan. Alde batetik, San Miguel Ligan Castro nagusitu zaie nabarmen beste traineru guztiei. Jokatu diren hamazazpi estropadetatik hamahiru irabazi dituzte Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta bi estropada faltan matematikoki irabazi zuten txapelketa. Bigarren San Pedro izan da, eta hirugarren, Hondarribia. Emakumezkoetan, berriz, Galiziak irabazi ditu Euskotren Liga eta Kontxako Bandera.

Castroren protagonismoa abuztuan izan zen, ordea. Irailean protagonista Kaiku izan da, eta  Castro-k txapelketa irabazita zuenez, beretzat izan dira lore guztiak. Kontxako Bandera iraileko lehen bi igandetan jokatzen da, eta bietan Sestaoko ontzia izan da garaile. Lehen igandean bost segundoko abantaila atera zuen, eta bigarrenean, hamazazpikoa.

Kaiku klub historikoa da arraunean, baina 27 urte behar izan ditu Kontxako Bandera berriro irabazteko, izan ere, azkenekoz 1982an irabazi zuen. Kaiku Kirol Elkartea 1923. urtean sortu zen, Sestaoko Simondrogas auzoan, eta elkartearen hastapeneko kirola futbola izan bazen ere, 1925ean jada arraunean hasi zen, Juanita ontziarekin, Sestao Sport kluba ordezkatuz.

Urte guzti hauetan berdea eta beltza izan dira elkartearen koloreak, eta kolore horiek izan dituzte arraun taldearen traineruak: Juanita, Kaikutarra, Bilbotarra, Bizkaiko Ama, Cincuentenaria eta, gaur egungoa, Bizkaitarra.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan izan zituen Kaikuk bere arrakasta urte handienak, Ibaizabalen ezkerraldean giro politikoa eta ekonomikoa bor-bor zegoenean: Kontxako lau bandera (1978, 1980, 1981 eta 1982) eta Espainiako hiru (1978, 1981 eta 1982). Industria krisiak, ordea, gogor jo zuen Ezkerraldea, eta lanpostuak desagertzen hasi ziren moduan, desagertu ziren Kaikuren garaipenak ere... aurten arte.


Kaikuren gainbeherak orain dela hiru urte jo zuen ondoa. Jose Manuel Mongek klubeko presidentetza hartu zuen, eta Jose Luis Kortari eman zion taldea lehen lerrora itzultzeko ardura. Lau urterako proiektua marraztu zuten, baina iaz lehen mailara itzuli ondoren, arrakasta aurten lortu dute, hirugarrengo urtean.

Kaikuri leporatzen diote batzuek beste taldeetatik arraunlariak fitxatuz osatu duela taldea, eta ez harrobia sustatuz. Eta hori horrela da, eta horregatik ez ditu errepikatu San Miguel Ligan Kontxako Banderan edo beste txapelketetan aurten lortu dituen garaipenak (Bizkaikoa, Euskadikoa eta Espainiakoa), horietan ez bezala San Miguel Ligan propioak diren arraunlari kopuru gutxieneko batekin aritu behar delako; ondorioz Kaikuk ezin zuen bere arraunlari onenekin aritu (zazpigarren amaitu du).

Baina aldi berean egia ere bada, Kaikurena ez dela San Miguel Ligako aurrekontu handiena, eta lehen helburura goi-mailara itzultzea zela, herrian arraunerako zaletasuna pizteko. Klubeko arduradunek orain heldu behar diote harrobia lantzeko ardurari, eta ezkerraldeko gazteek orain dute erantzuna emateko aukera.

Zalantzarik gabe, Kaikuren itzulera albiste ona da arraunarentzat, eta, batik bat, Bizkaia eta Ezkerraldearentzat. Azken urteetan Urdaibai, Arkote, Isuntza eta bestela nabarmendu diren klubei gehitu zaie aurten Sestaokoa, Kontxako Banderan Santurtzik 1985. urtean utzi zuen lekukoa hartuz.

Jon Ordoñez

2009, Iraila 23
Arloa: Kirolak