Apostuen ugaritzea
Euskal Herrian ohikoak izan dira beti apustuak herri kiroletan. Zer esanik ez pilota jokoetan. Gaur egun ere, araututa dagoen jarduna izan arren, dirua jokatzea ohikoa da, bai herri kiroletan aritzen diren kirolari batzuengan, baita zenbait zaleengan ere. Apustu bitxia jaso du orain dela gutxi Euskal Herriko gaztelerazko egunkari batek: bi apostu zalek 200.000 euro jokatu dituzte bi urtean aposturik egin gabe baietz egon.
Topikoekin gertatu ohi den bezala, zaila da jakitea famak zenbatetik duen egia eta zenbatetik ez. Euskaldun apostu zaleak egon dira, eta dirurik inoiz jokatuko ez luketenak ere bai. Egia da, ordea, azken aldian apostuak ugaritu egin direla Euskal Herrian. Izan ere, Internetek eta apostu etxeak sartu direnetik ohikoa da taberna batean norbait futbol apostu bat egiten ikustea, edo norbaiti Internetez dirua jokatu duela entzutea.
Ezin konpara daitezke apostu horiek, ordea, Euskal Herrian izan den aposturako zaletasun tradizionalarekin. Apostu txikiak izaten dira normalean, eta ezin da aurretik kontu batean sartu ez den dirurik jokatu. Beraz, bakoitzak duenarekin jokatzen du, eta ez zorrekin. Hala ere, apostu txikiak izan arren, jokalari profesionalak badira, eta batzuk zortzi ordu pasatzen dituzte hainbat pantailen aurrean kirol jokoei begira, apostu bat bestearen ondotik lotuz.
Ohikoa bihurtu arren, edozein modura, apostuek ez lukete inoiz kirolaren garbitasuna zipriztindu behar. Apostu txikiak izan arren, Europan eta Italian bereziki, azken urteetan izan dira apostuekin zerikusia zuten zenbait eskandalu, eta apostu zaleen alde partidak saldu dituzten taldeak ere bai. Beste gauza batzuekin gertatzen den moduan, ez da erraza apostuekin ere muga non dagoen jakitea.