Noiz da berandu?

Jon Ordoñez

Badira urte asko kirola gazteen kontua soilik izateari utzi ziola. Zahartzaroan ere zabalduta dago kirola, eta paseatzeaz gain, geroz eta gehiago dira kiroldegiko gimnasioan edo igerilekuan ikusi daitezken pertsona nagusiak. 2009ko azaroak, ordea, adinaren eta kirolaren inguruko hausnarketa bat utzi digu airean. Ez da kirola amateurraren inguruan, kirol profesionalaren gainekoa baizik.

Mikel Mindegia aizkolariak eta Augusto Ibañez Titin III.a pilotariak zer esan asko eman dute amaitzear den hilabete honetan. Lehengoak 60 urterekin Donato Larretxearen aurkako apustu gogorra jokatu zuen. Tolosan. Ezkurran jaioa da, 1,75 neurtzen du altueran, eta 83 kilogramo pisatzen ditu. Hamar aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun, eta Larretxearen aurka galdu egin bazuen ere, inork ezin dezake zalantzan jarri 60 urterekin duen sasoia

Titinek ere galdu egin zuen Juan Martinez de Irujo pilotariaren aurka finalaurretako azken partida, baina 40 urterekin bere ere ikus bilakatu da Euskal Herriko kirolean. Tricion jaio zen, Errioxan, hiru aldiz irabazi du Euskal Herriko binakako pilota txapelketa, eta lau t'erdikoa, berriz, behin. 1992an egin zuen debuta profesionaletan, eta oraindik ere txapelketa bateko finalerdietan beste pilotariak dantzan jartzeko gai da.

Lehendik ere bagenekien kirola adin guztietarako jarduna dela, adin bakoitzak badituela bere kirolak. Baina Mindegia eta Titin eredu hartuta, noiz arte luzatu dezake kirolari profesional batek bere jarduna? Garai batean ez bezala, entrenamenduak eta bestelako aurrerapenak dituzte lagun bi horiek ere gaur egun, baina euren adinean ikuskizuna eskaintzeko duten ahalmena txalogarria da benetan.

Jon Ordoñez

2009, Azaroa 28
Arloa: Kirolak