Alex Txikon, motibazioa berreskuratzen

• Ametsa amesgaizto bilakatu da Alex Txikon mendizale lemoarrarentzat. Iazko urtean bezala, aurten ere Gasherbrum I Karakorum-eko 8000koa negu garaian igotzearen erronka burutzen saiatu da.

• Eguraldi hotz eta haizetsuaren ondorio, tontorra erdiesteko azken saiakera oso malkartsua izan zen, eta hiru espediziokide eta lagun (Gerfried Göschl austriarra, Cedric Hählen suitzarra eta Nissar Husein pakistaniarra) galdu egin ziren mendian barrena.

• Kanpamendu basean egunetan zehar zain egon ondoren, helikopteroz jaitsi zen Txikon Gasherbrum I-etik. Oinetan izozte nabarmenak ditu bizkaitarrak.

 alex

 

Bidai gogorrak izan dituzu orain arte zure ibilbidean. Azken hau baino gogorragorik nekez...

Azkenean, Himalatayik gabiltzanok ohituta gaude, beti espedizio batzuk beste batzuk baino gogorragoak izaten diren arren. Halere, azken hau, bai, oso gogorra izan zen, batik bat azkenean gertatu zenagatik. Ez genuen inolaz ere espero...

Hiru lagun bertan uztearen kolpeaz gainera, zerorrek ere oinaze fisiko ugari ekarri dituzu Gasherbrum I menditik. Zer moduz zaude?

Zauri fisikoak nahiko ondo. Eskuineko hanka kasik %100 dago eta ezkerrekoa... behatz potoloa erabat belztuta dago, maiatzaren lehen astean egingo didate ebakuntza. Beldur apur bat ere ematen dit, sekula ez bainaiz ebakuntza-gela batetan sartu, ea zelan irteten den. Denarekin ez dira zauri larriegiak.

Etxera bueltak luzeak izaten dira halako espedizioetan. Zure kasuan, menditik jaistea uste baino luzeagoa izan zen, eta ondoren zaurien ondorio Zaragozan izan zara ospitalean.

Urtarrilak 12 irten ginen eta etxera buelta 3 hilabete beranduago, Zaragozako bi asteak kontutan hartuta. Goian, dena nola gertatu zen ikusita, lagunak desagertu ondoren, 12-13 egun egon ginen behe kanpamenduan helikopteroak jaitsi ninduen arte... neguan dena konplikatuagoa izaten da, eta oraingoan okerrera joan zen dena.

Espedizioak zituen arriskuez kontziente zineten, are gehiago neguan burutzen zen bidaia zela kontutan hartuta, baina kontziente izateak ez du gogortasuna ukatzen.

Neguan dena, bai logistikoki, bai gogortasun aldetik, oso gogorra izaten da. Aurtengoa bereziki gogorra suertatu da, nahiz eta hasiera batean, eta behe kanpamendura igo aurretik, horren aro txarrik ez genuen nabarmendu. Halere, ondoren, eguraldia zeharo aldatu zen, eta dena konplikatu. Momentu gogorrak beti daude espedizioetan, eta lagunak galdu izan ditugu gehiagotan, baina kasu honetan hiru lagun desagertu ziren, eta ez geneukan inongo informaziorik. Haiek walkie-a zeukaten baina ez genuen kontaktua burutzeko erarik. Egunetan zehar egon ginen horrela, eta horrek egin du esperientzia are latzagoa. Egunak jada igarotzean gure lagunak bueltatuko ez zirela ulertu nuen.

Zuk hasiera batean tontorra ez saiatzea erabaki zenuen, eta zure gainontzeko taldekideek saiatzeko hautua egin zuten. Zenbat buelta eman dizkiozu ez igotzearen erabaki horri?

Asko, bai. Nik ez nuen aurrera jarraitzearena inolaz ere garbi somatzen, nahiz eta ni nintzen desberdin ikusten zuen bakarra. Orotara 6 ginen eta ni nintzen desberdin pentsatzen nuen bakarra. Horrek erratuta nengoenaren sentsazioa eman zidan, eta duda sortu. Igotzeko saiakera eginez gero ez nion nire barrenari jaramon egingo, eta geldituz gero, banekien tontorra erdiesteko trena galduko nuela. Hurrengo egunean, beraz, igotzea erabaki nuen, nahiz eta ez nekien zehazki nola.

Ondoren, igotze saiakera hortan banatu egin zineten, eta zure hiru taldekideak ikusi zenituen azken aldiz. Kanpamendu base hortan egon zineten zain. Zuri egokitu zitzaizun, oinen egoerak ez baitzizun oinez bueltatzea uzten, bertan zain geratzea, eta hortxe pairatu zenuen mendiaren beste oinazea: bakardadea.

Ez nuke esango bakarrik sentitu nintzenik, Euskal Herritik egunero jasotzen bainituen berotasun transmisioak telefonoz. Baina egia da gainontzeko espediziokideak jaistean, beste espedizio bateko Pakistango eta Poloniako kideak baino ez zirela geratu eta bakarrik sentitu nintzen. Azkenik hauek ere joatean oso gogorrak izan ziren azken 5 egunak, gaineratu behar egun horietan eguraldia biziki txarra izan zela, eta nire oinen egoera geroz eta jasanezinagoa zela.

Halako gertaerak tarteko daudenean kirol lorpenak beste maila batetara pasatzen dira, baina denarekin ezin esan bertan eginiko lana antza izan denik, tontorra erdiesti ez duzuen arren. Bide berri bat ireki duzue Gasherbrum-eko hego ibilbidean, negu espedizio baten barnean.

Egia esan behar badizut, gertatu denarekin ez diot inongo balorerik ematen. Bai, 8000koetan lehen aldiz ireki da bide berria negu espedizio batetan, dagoen dokumentazioaren arabera. 2000 metroko desnibela, teknikoki bere zailtasuna dauka, eskalatu behar den pareta baita, 5000 metrotatik 7000 metrotara doana, eta plateau batetan bukatzen dena. Badakigu transzendentzia badaukala, baina gertatu denaren ondoren, ez dut uste garrantzi hau aldarrikatzeko unea denik. Izenik ere ez diogu jarri, eta argibiderik ere ez dugu argitaratu. Aurrerago jarriko gara horretan. Lehentasuna zauri fisiko zein psikologikoak sendatzea da.

Joan zen Alex Txikon eta bueltatu den hau desberdinak dira?

Ez, agian minduta nago, hiru lagun bertan utzi ditudalako, eta ez nago itxaropentsu. Euskal Herrira bueltatu ondoren ere oso ezkor somatzen dut nere burua. Baina motibazioa berreskuratuko dut, eta gutxika gutxika hasiko naiz basora irteten, eskalatzen... Agian bai aldatu direla hainbat kontzeptu, neguaren gaineko pentsaerak. Hemendik aurrera, neguan zerbait martxan jarriz gero, burua ederki estutuko dut.

Zure izatasuna betidanik oso dinamikoa izan da, oso aktiboa, planak pilatu izan zaizkizu bai aizkorarekin eta baita mendiarekin ere. Azken abenturaren ondoren, atsedena inoiz baino gehiago behar duzu?

Atsedena... agian bai, etxean lasai egon, azken hilabeteak asimilatzeko. Mendiak utziriko galdera asko ditut buruan, eta akaso hauek erantzun arte bide berririk ez dut ekingo. Halere, zauriak sendatzean, maila emateko gogoz ere banago, eta nire ondokoak ere prest ditut gure maila erakusteko, abentura puntu hori galdu gabe munduan barrena.

Mendiarekiko maitasuna adierazi izan duzu betidanik. Aldatu egin dira zure mendiarekiko sentsazioak?

Bai, jakina, haserretu egin naiz mendiarekin, oso gaizki tratatu gaitu aurten, iaz ere etorri ondoren. Mendiak duen soinua ere, beti liluratu izan nauena, aurtengoan ez da horren ederra izan.

 

Iker Zabala

2012, Maiatza 04
Arloa: Berba Bi