Tradiziora garamatzaten palakadak

Iker Zabala

Euskal Herriak baditu hainbat kirol bere iraganean herriaren kultura eta tradizioa bere baitan hartzen dutenak. Herri kirolak dira bere adibiderik agerikoenak, baina euskal munduaren esentzia hartzen duen beste jarduera dugu arrauna.

kirolak_10_06_03

Hori da ezbairik gabe Ikasarrauna plangintzaren helburua. Ikastolen Elkarteak duela 5 urte inguru jarri zuen martxan ekimen hau umeak eta arrauna erkatzeko. Josu Aboitiz eta Iñaki Goikoetxea Insuntza taldeko arraun gizonek kudeatzen dute ikastaro hau DBH 2ko umeekin. Irakasleak dira biak eta helburu argia dute Ikasarrauna honetan: umeei arrauna irakastea. Jakina, hortarako zailtasunak badituzte, izan ere, kontuan hartu beharra dago bi klasetan sintetizatu behar dutela haien jakintza guztia.

Arraun eskola bat dela esatea oso motz geratzea litzateke. Hasteko eskola arrunt batetara joateko ikaslea bertara gerturatu behar izaten delako. Kasu honetan, eskola bera mugitzen doa herriz herri Euskal Herriko ikastola desberdinetatik. Ikastola bakoitzean bi eskola ematen dituzte esan bezala. Bat lehorrean izaten da, ikasgela batetan. Bertan, uretan nola mugitzen den irakasten zaie umeei, eta oro har, arrauna beste hainbat jakintzagaiz hornitzen da, esaterako, bere historia, euskal historiarekin harreman hertsia gordetzen duena.

Ondoren, jadanik, uretan garatzen den eskola dator. Ume talde bakoitzak trainera txiki bat (ala deiturikoa) hartu eta itsasoan barneratzen dira, beti ere kudeatzaileen begiradapean. Horrela ulertzen dute umeek taldearen koordinazioa lortzea uste baino zailagoa dela eta palakada bat ondo emateko ez dela nahikoa indar asko izatea.

Oro har, umeak gustora ateratzen dira traineretatik. Askok arraun talde baten izena emateko borondate tinkoa adierazten dute. Eta Iñaki eta Josuk adierazten duten arabera Ikasarraunaren bitartez ume ugari daude orain estropada gazteetan lehian. Ez da hori Ikasarraunaren helburua, inondik inora, baina ziur asko horrela azaltzen da bere arrakasta. Izan ere, geroa sustraiarekin erkatzea bilatzen duen heinean, aspektu positibo bezala har genezake umearen borondatean eragitea.

Tradizioa esatea zenbaitetan iraganera lotzen gaituen soka aipatzea da. Eta iragana zenbaitetan ahaztua, edo are gehiago, mesprezatua dagoen garaietan bizi gara. Horregatik etorkizunari, alegia umeei, nondik gatozen azaltzea garrantzitsua gertatzen da.

 

Iker Zabala

2010, Ekaina 03
Arloa: Kirolak