Berdintasunaren bidea ireki nahiean
Talde baten hobekuntza edo gainberaren diagnostikoak egitea ez da sekula erraza izaten. Zerk markatzen du kirol klub edo instituzio baten ibilbidearen kalitatea? Emaitzek? Aurrekontuko diruak? Bi aspektu hauek jakina garrantzitsu bezain ezinbesteko dira aurrera jarraitzeko, baina beti ere aurretiaz eginiko lanaren ondorio dira. Aurretiazko lan horren kalitateak markatzen du ziur asko taldearen osasuna, bertan gordetzen baita bere nortasunaren funtsa.
Aipatutako aspektu hau gogoratu beharra dago Stilo Berrio bezalako talde baten kasua argitara ekartzeko. Santutxun sortu zen emakumezkoen areto futbol taldea dugu, azken urteetan lorpen aipagarriak izan dituztela eztabaidaezina da, esaterako, aurten estatuko zilarrezko mailarako txartela lortu berri dute Bizkaiko ligan garaile izan, eta probintziarteko play-off-ean ere partida guztiak irabazi ondoren.
Halere, kirol arrakasta hauek ez dira neska talde honek lorpen gisa azpimarratzen dituenak. Izan ere, helburu zehatz batekiko konpromezuak dinamizatzen du taldea bere jaiotzetik. Emakumeen integrazioa bilatzen dute beste ezeren gainetik eta hortarako filosofia zehatz bati jarraituz eratzen dute kirol dinamika. Horrela, argi daukate emakumeek emakumeentzat eratu zuten taldea dela. Horrela, haien ustez emakumeen kirolak daukan problemarik handienari aurre egiten diote. Normalean, gizon taldearen azpian eratutako taldeak dira ematen direnak. Nahiz eta estrukturalki berdintasuna suposatzen zaien instituzioaren esfortzuak gizonaren taldera egon ohi dira bideratuak, eta hortaz nesken taldeko superbizipena erabat baldintzatuta geratzen da. Taldearen apendize bilakatzen da horrela nesken taldea, zenbaitetan politikoki zuzena izateko helburu zinikoarekin sortua aniztasun itxura hori trasmititzeko. Aspektu hau ekiditeko beraz sortu zen Stilo Berrio, eta bere ibilbidea eredugarria da momenturarte. Horrela, aipaturiko kirol lorpenetaz gainera, taldearen oihartzuna zabalagoa da, eta horren adierazle dugu klubak dituen talde eta jokalari kopurua: duela denboraldi batzuk Stilo Berrio B taldea martxan jarri zen heinean, bukatu berri den denboraldi hontan beste talde bat jarri da abian, Kirol Aunitz izena hartu duena; integrazioa bultzatzen duen eta Stilo Berriorekin lankidetza aktiboan ari den erakundearen izena hain zuzen.
Stilo Berriok proposatzen duen ereduak beraz, nortasuna eta arrakasta uztartzen ditu. Kirolak konpromezurako uzten duen bide estu eta malkartsua hartzea goraipatu beharra dago egungo garaietan, izan ere, ez dezagun ahaztu, kirola bezalako ekitaldi ludikoak izan daitezke berdintasunaren atea ireki edo itxi dezaketen giltza.