Oholtza gainean jorratzen den tenisa
Zenbaitetan etxean egiten den ekitaldi batek kirol berriak ezagutzeko aukera suposatzen du, beste era batetan agian gure arreta joko ez lukeena. Adibideak nonahi aurki ditzakegu baina oraingo hontan mahai tenisaren eremuan geratuko gara. Egokitutako mahai tenisaren eremuan hain zuzen ere. Derion ospatu da ekainaren azken asteburuan kirol honetako irekiaren lehen edizioa, eta herri bizkaitarrean bildu dira beraz mundu mailan dagoen egokitutako mahai tenisaren talenturik azpimarragarrienak.
Horrelako zerbait martxan jartzea zaila bezain konplexua da, are gehiago lehen edizioak horren urriak diren garai zuhur hauetan. Halere, borondatea eta gauzak ondo egiteko gogoa badagoenean ez dago aurrera atera ezin daitekeen proiekturik. Horrela, Fekoor, Bizkaiko ezintasun fisikoko pertsonen federazio koordinatzailea antolakuntzaren buruan zegoela, plangintza anbiziosoa martxan jarri zen. Eta lehiaketaren garrantziaren zeinu adierazleak nabariak dira: hasteko, txapelketak zuen izaera anitza, izan ere, partehartzaile zerrenda luzeegia ez bazen ere, 70 jokalari eskas, bere jatorriak Errusia, Costa Rica edo Kuwait bezalako herrialde exotikoetan zeuden. Guztira 20 herrialde zeuden ordezkatuak Derioko txapelketa hontan. Bestalde, nazioarteko zirkuitoan txapelketa puntuagarria zen, Coreako mundiala edo 2012ko Londresko paraolinpiadentzako txartela jokoan zegoen beraz.
Baina beste ezeren gainetik ezezaguna den kirola argitara ekartzeko balio izan zuen Derioko asteburu oparoak. Herriko polikiroldegian ikusitako ikuskizunak lehen mailako jokalarietaz hitz egiten zuen era argiz, izan ere, gurpildun aulkira itsatsita egon behar izanak ez du inolaz ere bere talentua mugatzen. Are gehiago, jokalari hauek, nahiz eta mugikortasunaren eta altueraren handicap-a badute ere, zutik jokatzen duten jokalarien aurka lehiatzen dira urte guztiko txapelketetan.
Ezinduentzako kirolen artean ohikoa den bezala, lehiakideak taldeetan bereiziak egoten dira, ezintasunaren larritasunaren arabera. Horrela, 1 mailako jokalariek, alegia ezintasun maila gorena adierazten dutenek, esfortzu handia egin behar izaten dute, eskuetako mugikortasuna ere erabat baldintzatuta baitaukate. Zenbaitetan pala eskuetara lotuta ere eduki behar izaten dute jolastu ahal izateko. Kirolaren esentzia horrelako txapelketetan ezkutatzen dela argi dagoela ezin ukatu. Ez al da kirolaren funtsa norberaren mugak gainditzen laguntzea?