Kirol aztarnak uraren gainean
Zenbaitetan kirolaren arima harrapatzea ez da erraza gertatzen. Zer dauka amankomunean horrenbeste esfortzu fisikok, taldean edo bakarka inbertitzen den grina eta saminak? Nola harrapa daiteke kirolariaren ibilbidea, nola ebaluatu bere lana ona den edo ez eta nola eraiki kirolaren mundu kaotikoan nolabaiteko logika? Bada, hor datza kirolaren koxkak, horrek egiten du horren aurrekusezin eta hain zuzen ere izaera anarkiko horrek ematen dio duen ezaugarri salgarri hori. Eta aurretiaz planteatu diren galdera guzti horiek erantzunik ez izateak ahalbidetzen du hain zuzen ere mirari deportibo horiek gertatzea.
Adibide bezala azken garaietan horren ikusgarri izan den arrauna aterako dugu mahai gainera. Jakina izango denez, Urdaibaiko trainerak historian lehenengo aldiz irabazi du Kontxako bandera. Bermeoko herrian betidanik adierazi da harrotasuna Bou Bizkaia trainera arrakastatsuagatik, baina kostalde bizkaitarreko taldeari kantabriar itsasoko banderarik entzutetsuena bereganatzea falta zitzaion. Aurten, azkenik arantza hori ateratzea lortu dute, erabateko nagusitasuna adieraziz gainontzeko trainerekiko. Bermeon inoiz bezala ospatu zen, baina ez da hori izan Urdaibaik aurten egin duen matxada bakarra. ACT liga ere bereganatu du Jose Manuel Franciscok gidatutako taldeak duela hainbat urte gertatzen ez zen dobletea eskuratuz.
Baina ez da taldearen arrakasta artikulu hontan nabarmendu nahi dena. Denboran atzera itzuliz gero, taldearen kapitain den Iker Zabala arraunlariaren (ez nahastu testuaren bukaeran sinatzen duen honekin, kasualitate hutsa da) hitzak ekarriko ditugu gogora. " Entrenatzailea, direktiboak, hainbat arraunlari berriak dira... oraindik ere oso berde gaude, denbora behar dugu...ea Kontxarako garaiz hel gaitezkeen" (http://www.hamaikabilbo.tv/saio.php?nid=2278&edumota=12994). Iker Zabala Urdaibaiko trainerako gizonik beteranoena dugu. Ondo zekien zertaz ari zen hitzok esan zituenean. Esperantza gutxi azaltzen zituen liga irabazteko eta Kontxako banderaz era utopikoan mintzatzen zen. Talde berritua da eta aurtengo denboraldia trastsizio bolada bezala hartzen zuten arraunlari bizkaitarrek, banderak irabaztea helburu eskuraezina zen. Hortxe ezkutatzen da kirolaren esentzia gordin hori. Gertatuko dena aurreikustea ezinezko gertatzen da bizitzako edozein eremutan. Baina kirolak gatz eta pipermin hori hartu eta biderkatu egiten du, gure gogo eta saminarekin jolastuz. Eta kirolaren lehiaren barnean gaudenean ametsak egi bilakatzea zilegi dela ematen du.