Bizikletan maldan gora igotzen

Iker Zabala

Txirrindularitzaren munduak azken egunotan beste astindu berri bat jaso du. Barearen ostean ekaitza datorrela diote, eta egia esan ekaitzen kutxa dirudien kirol hontan barealdiak geroz eta laburragoak dira. Azken egunotan, jakina den bezala, Alberto Contador hiru aldiz Frantziako Tourreko irabazle izan dena, doping-aren persekuzio horren azken biktima izan da. Egun berean, Ezequiel Mosquera, azken Espainiako Vueltan bigarren postua lortu duen korridoreak ere beste positibo bat eman zuen antidoping kontrol batetan. Berriz ere laguntza extra ez baimenduaren itzala, beste garai batzuetan esfortzu eta superazioaren paradigma eredugarria zen kirolean.

Ez da artikulu honen helburu kasu horien inguruko juzkua egitea. Tradizioz noble eta duina izan den jarduera kirol eremurara une batez bueltatzea bilatzen dute hitzok, eta hortarako, kanpora daukagun begirada hori etxera ekar dezagun, azken hilabeteak oparoak izan baitira euskal txirrindularitzarentzat.

kirolak_10_10_04

Euskaltel Euskadik darama ezbairik gabe euskal bizikletaren estandartea, eta hala bada, euskal txirrindularitzak momentu gozoak bizi dituela esan beharra dago. Printzipio solidoz eraikitako taldea, bere emaitzak hasiz doaz urtetik urtera, eta aurtengo denboraldia, agian ahul samarra izan zitekeela aurreikus zitekeen hau, arrakastaz bete da. Samuel Sanchez-en Tourra nabarmentzekoa da, laugarren postua erdietsiz eta Pariseko podiumeko ohoreak lortzeko zorian; edo nola ez, Igor Anton galdakaoztarrarena, Espainiako vuelta zoragarria burutuz: bi etapa garaipen mendian gora eta zorte txarrak soilik gelditu zuen garaipen orokorrerako ibilbidea. Edozein kasutan, ez litzateke bidezkoa bi izen hauen lana soilik goraipatzea, izan ere, talde eratua den heinean, beste hainbat korridorek garaipen zorroa beteta dutela bukatuko dute denboraldia. Honen adibide ditugu Gorka Izagirre, Ruben Perez edo Beñat Intxausti. Denen lan txukunari esker talde laranjak bere historiako denboraldirik onena burutu du, 17 garaipeneko marka berria jarriz.

Eta hori urte hontakoa baino ez da izan. Etorkizunerako proiektua da Igor Gonzalez de Galdeanok bideratzen duena. Horrela, hurrengo urtera begira, bizkarrezur berdina mantenduko du taldeak, Beñat Intxaustiren hutsunea baino egongo ez dela. Aitzitik beste batzuek heldutasuna aurkezteko hautagai direla erakutsi beharko dute. Sail hontan sartuko genituzke Gorka Izagirre edo Romain Sicard.

Izan ere, euskal kirolzalearen anbizio da beste irabazle bat izatea gure artean. Garai modernoetako Miguel Indurain edo Abraham Olano bat. Halere ez dira garai atseginenak hauek txirrindularitzarentzat, hainbat arazo extradeportibok lurperatu baitute. Edozein kasutan, esperantzarako ateak zabalik jarraitu behar duten heinean, etxean badago amets egiteko motiborik.

Iker Zabala

2010, Urria 04
Arloa: Kirolak