Aurrejuzkuaren gartzela barnean
Aforismoen entziklopedia hartuta, gaur egun gehien entzuten den esaldietako bat “publizitate txarrik ez dagoela” dioen hori dugu. Edozein eduki edo produkturen aipamen mediatikoak positiboa izan behar du ezinbestean. Bada, hau ez da zertan horrela izan. Galde diezaiotela bestela padela praktikatzen duen edonori. Zenbat aldiz galdetuko zioten: “Baina ez al da hori Aznarrek praktikatzen duen kirola?”. Bai, egia da duela urte batzuk Espainiako presidente ohiak aitortu zuela kirol hau praktikatzen zuela, eta egia da baita ere ordurarte gizartearen portzentai handi batek ezezaguna zuen kirola aditu zuela lehendabizikoz. Baina urteak igaro dira eta oraindik ere padela “Aznarren kirola” bezala dago ezagutua; nahiz eta, sinplismo horren bitartez kirol zoragarri hau estigmaren itzalpean geratu.
Aznarrekin erkatzeak konnotazio nabaria azaleratzen du, izan ere, eliteari dagokion kirola izatearen lotura jarri beharko genioke. Berriz ere, estereotipo eta aurrejuzkuek laprast egiten dute aspektu honetan, izan ere, padela goi mailakoentzako kirola dela esatea edo pijoa delaren ustepean baztertzea analisi eskasiaren sintoma besterik ez da. Hori arrazonatzeko argudioa erraz bezain agerikoa da: zer behar da padela praktikatzeko? Bada, erraketa bat baino ez, pelota batekin lagunduta. Agian praktikatzen den klubetan dagoen anbientea atera daiteke erreplika bezala, baina hori ez da gaur egun baliagarri. Izan ere, egia da bere hastapenetan klub pribatuek ematen ziotela padel jokalariari kirol hau praktikatzeko aukera, baina gaur egun hainbat tokitan erabili daiteke padel pista, kiroldegi publikoetan barne.
Ondorioz, aurrejuzkuak atzean utzi eta padelaren eremuan sartzea erabakitzen duenak kirol zirraragarria aurkitzen duela esan beharra dago. Tenisaren araudia oinarri gisa hartuz 70. hamarkadan jaio zen kirola da eta bere aldaketa nagusia pistaren ertzetan paretak daudela da. Horrela, pilotak lurrean ikutu ondoren pareta hauetan errebota dezake, jokoaren dinamika izugarri arinduz, eta praktikatzeko edo ikusteko oso erakargarri eginez. Bere intentsitate maila xuabeak hainbat onura ekartzen ditu eta esaterako, hirugarren adineko pertsonentzat oso gomendagarria da.
Bizkaian geroz eta oihartzun nabarmenagoa ari da hartzen, azken urteetan padel klubak ugariagoak dira eta urriaren hasieran urtero Bilboko La Casillan ospatzen den nazioarteko txapelketak geroz eta harrera hobea du gizartearengan. Lastima jende askorentzat “Aznarren kirola” baino ez izatea oraindik ere.