Plakaketa eta entseguen lurraldean

Iker Zabala

Kirol askok adiera edo zentzu desberdina daukate Euskal Herriko zein herritan esaten direnaren arabera. Esaterako, ez da berdina “waterpolo” esatea Altsasun (Altsasun waterpolo talderik ez dagoela suposatzen ari naiz) edo Leioan. Edo “eskubaloia” esatea Aretxabaletan (berriz ere suposizio hutsa) edo Eibarren. Kirol adiera ezberdin horren adibide nagusi izan daiteke ziur asko errugby-a. Bere praktika eta ikusmira herrialdeko puntu konkretu batzuetan baino ez da kontzentratzen. Ordizia, Hernani, Getxo... ez dira gehiegi errugbyaren kirolaren inguruan mugitzen diren herriak. Eta gaurkoan Gernikako kasuan jarriko dugu gure arreta.

kirolak_10_10_29

 

Herri bizkaitarrean kirol honekiko egin den apustua nabaria da. Gernika errugby taldeak duela bi urte eman zuen ohorezko mailarako salto definitiboa. Hamarkada batzuk atzera begiratuta jadanik gorenean egon zen, baina garai hartako oroitzapenak urrunak izateaz gainera azkarrak ere izan ziren, taldeak ez baitzuen gehiegi aguantatu onenen artean. Bada, esan bezala 2009an bueltatu zen ohorezko mailara eta oraingo hontan egonkortzea bilatzen du talde gernikarrak.

 

Iazko denboraldia arrakastatsua izan zen erabat, permanentzia baita talde igo berri baten helburu eztabaidaezina. Baina benetako proba aurtengo da. Horrek neurtzen du talde baten osasun maila, egonkortze denboraldian eskaintzen den errendimenduak. Eta aurreko baieztapena are enfatizatuagoa dago Genika errugby taldea hizpide badugu. Izan ere, Bizkaiko taldeak inbertsio aipagarria bideratu du urte hontarako. Horrela, Irlanda, Frantzia, Espainia, Zelanda Berria edo Argentina bezalako herrialdeak daude ordezkatuta taldeko plantilla multinazional hortan. Inbertsioak emaitzak beraz ekarri behar ditu porrota ez erdiesteko, baina Gernika buruz ari dira taldea indartzen. Izan ere, epe laburrera funtzionatzeko taldea bada ere, epe luzerako begirada da Gernikako agintariek buruan daukatena. Talde garaile bat egitea da ezbairik gabe herrian erabateko integrazioa bultzatzeko funtsa. Horrela, atzerritar guzti hauek umeekin egiten duten lana ere aipatzekoa da. Etorkizuneko belaunaldiek agian errugbya entzutean ez dutelako gaur egungo adiera berdina izango. Beharbada helduko da eguna “errugby”, “waterpolo” edo “eskubaloia” esatea “futbola” esatea bezain eraginkor izango dena.

Iker Zabala

2010, Urria 29
Arloa: Kirolak