Pareta gogorraren aurka
Iker Zabala
Pilotaren mundua hazkundean dagoela diote, geroz eta interes gehiago sorrarazten du eta pilotariek eskaintzen duten ikuskizuna puri purian dago. Halere, dena bezala, eremuka egin beharreko analisia eskatzen du horrelako baieztapenak. Bizkaian, esaterako, Nafarroan bezainbesteko ikusmira sortzen duela esan genezake? Bada, badago faktore oinarrizko bat horrelako interes mailak baldintzatzen dituena. Ez dut esan nahi Bizkaian eskupilotarekiko apatia dagoenik, baina "hurbilenen arteko" jarduera den heinean nongotasunak garrantzi handia du horrelako kirolean. Adierazi nahi dena da Bizkaiak txapeldun baten beharra daukala hurbiltasunaren sentsazioak berreskuratzeko.
Hutsala dirudi aspektu honek, izan ere normalean (azken urteetan salbuespenen bat egon den arren) Euskal Herritarrak izan ohi dira kantxa txapeldunak, baina etxekoen garaipen sarriek, etxekoenek, gertukoenek, alegia, irabazteko nahia ere pizten dute. Horregatik Bizkaiko lurraldean horrenbesteko pozez hartzen da irabazle tankera hartuz doanaren agerpena.
Goiz da Mikel Urrutikoetxea Bizkaiko pelotaren estandarte berria dela adierazteko. Egia esateko oraindik ere ez du gehiegi erakutsi, aurtengo lau t'erdikoan lorturiko final laurdenak baino haratago. Edozein kasutan, 21 urteko pilotaria izanik erakusten dituen gaitasunak txukunak baino zertxobait gehiago direla esan genezake. Zaratamoko pilotariak, esan bezala, aurten maila ona erakutsi du lau t'erdiko lehen mailako txapelketan, Sebastien Gonzalez bezalako beterano baten aurkako porrotak soilik ekidin zion Urrutikoetxeari final aurreko ligaxkan sartzea. Honi gaineratu behar zaio iazkoan txapeldun izan zela lau t'erdiko horren bigarren mailan nagusitasun adierazkorra adieraziz.
Esan bezala, beraz, Mikel Urrutikoetxea aurrelariaren lorpenak apalak dira momentuz, baina bere inguruan sortu den esperantza zurrunbiloak pilota bizkaitarraren aspektu deigarria ateratzen digu argitara. Izan ere, txapeldunak horren ugariak ez diren eremuan, txapeldun potentzial baten agerpenak kontsolatzen ditu bertako zaleak. Agian lehen ur tanta bat irten ondoren itsasoa atera daiteke segidan. Egun, ume bizkaitarrek non begiratzeko ispilu izan daitekeen errefente hurbil bat behar dute akaso.