Iraganari begira
Iker Zabala
...Ttaup!... ttaup!... arraunari erreferentzia zuzenda egiten dion onomatopeya honek euskal tradizioaren bihotzera garamatza. Urteetan zehar praktikatu izan da traineraren jarduera hau Euskal Herriko kostaldeetan, eta horrek bilakatzen du hain zuzen euskal kulturaren ardatz, herri bezala nor garen adierazten diguten zeinu eztabaidaezinak baidakarzkigu.
Hontaz jakitun planteatzen du Eneko Dorronsoro zinemagileak bere "Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka" pelikula. Zumaiarra da Dorronsoro, eta txikitatik arraun taldearekiko miresmena sentitu izan du, izan ere, Zumaia bezalako kostalde herri batetan, arraun taldea instituzio garrantzitsua da ezbairik gabe.
Gauzak horrela, kazetaritza eta zinemagintza uztartzen zituen zeregina hasiz, dokumentazioa eta irudiak batzen hasi zen, azkenik arraunaren esentzia harrapatzen duen freskoa marrazteko prest egon den arte. Hamar hilabetetako lana da dokumentaldean azaleratzen dena, negu entrenamenduak, arraunlarien errito eta ohiturak, kirol talde baten funtzionamendu zurruna.
Duela hilabete batzuk komentatzen genuen zinema bezalako testuinguru anitz batetan kirolaren presentzia urria zela era deigarrian. Zenbaitetan kirola zentzuz hustuta geratzen delako, atzean inolako irakurketarik plazaratzen ez duelako jarduera fisiko hutsa izateaz gainera. Pasioz eta grinez beterik dagoen partidak ezaugarriak galduko ditu partida edo txapelketa bukatzean, kirolak ez du hausnarketarako betarik uzten. Horregatik gertatzen da horren azpimarragarria Dorronsorok aurkezten digun lana, begirada nostalgikoa erabiltzen duena, eta izan garenarekin elkarrizketa oparoa aurkezten diguna. Izan ere esanahiz janzten zaizkigu Zumaiako arraun taldea hartzen duten irudiok.
Portuko gau hotzaren azpian, trainerua aurrera egiten baino ez dugu entzuten, soinu nahasezinez. Bapatean, arraunlariak euskal kanta zaharra kantatzen hasten dira, aintzinako marinelak bailiran. Jadanik bertan azaltzen zaigu zer den arrauna euskal kulturarentzat; izan ere, arraunlariek atzera begira ari direla egiten dute bere jarduna. Askok xehetasun honen atzean aurkitzen dute arraunak sinbolizatzen duenaren irudia.